Batuz Aldatu dinamikaren lehen biltzarra egin dute, Donostian, eta hizkuntza-politiketan, «adostasun sozialetik politikorako bidea» jorratuko duen Talde Eragilea aurkeztu dute. Talde hori eragile hauek osatuko dute: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Fundazioa, Bizipoza Bilgunea, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa, Nafar Ateneoa eta Zabalik elkartea. «Adostasun sozial handia adostasun politiko bihurtzea» izango da, Batuz Aldaturen Talde Eragilearen zeregin nagusia aurrerantzean.
Eremu desberdineko ehundik gora eragilek hizkuntza-politiketan eragiteko adostutako agiria da Batuz Aldatu; 2021eko ekainean aurkeztu zuten. Adostasun sozial horrek hizkuntza-politiketan helburua berritu zuen agiria. Hala, «euskararen erabilera erosorako baldintzak sortu eta bermatzea» da ekimenaren xedea. Helburu horretara iristeko politiken «norabidetzea» ere zehaztu zuten: «Ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskara erabiltzeko eremuen sorrera eta saretzea».
Gaur, Lehen Biltzar Nagusia egin dute, Donostian, eta dinamikaren Talde Eragilea osatu dute. Euskalgintzaren Kontseiluak bultzatu du ekimen hori, eta haren idazkari nagusi Paul Bilbaok esan du «Batuz Aldaturen aniztasuna ederki islatzen duen taldea» dela gaur osatu dena, eta eduki zehatzen gainean «adostasun eta aliantza berriak eraiki daitezkeela» islatzen duela. Nafarroako Ateneoko eta Gazte Euskaltzaleen Sareko ordezkariek hartu dute hitza Talde Eragilearen izenean. Erronka berriari «pozik eta erantzukizunez» ekingo diotela helarazi dute. Eragile horien ustez, «guztion bat egiteak ekarriko du euskaraz eroso bizitzea ahalbidetuko duen agertokia». Azaldu dute «beharrezkoa» dela Batuz Aldaturen adostasuna «gehiago zabaltzea», bai eragileei dagokienez, baina baita adostasun politikoei dagokienez ere.
Lehentasunak zehazturik
Horiek horrela, Batuz Aldatuk eremuz eremu hizkuntza-politiketan dauden lehentasunak eta neurriak zehaztu ditu, bai Euskal Herri mailan, baita euskara ofiziala den edota ofiziala ez den eremuetan ere. Administrazioan, esaterako, herritarrei zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko «epemuga zehaztea» eta horretarako «beharreko zirkuituak osatu beharra» zehaztu dute; hezkuntzaren alorrean, ikasle guztiei «gaitasun egokia bermatuko dien euskarazko ikasteredu orokortua abian jartzea» ere zerrendatu dute lehentasunen artean; eta hezkuntza ez-formalean, «administrazioak kudeatzen dituen aisialdi eta kirol eskaintzak euskaraz» izateko eskaera ere bai.
Helduen euskalduntzeari dagokionez, doakotasunaz gain, «helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen agentzia» sortzeko pausoak ematea nahi dute; era berean, eremu sozioekonomikoan, herritarrei zerbitzua emateko denean, «administrazioarekin egiten diren kontratuetan hizkuntza irizpideak ezartzea» jaso dute, zerbitzu hori euskaraz eman ahalko dela ziurtatzeko. Atal digitalean, berriz, edukiak ugaritzeko, «sorkuntza sustatu dezaketen inbertsioak ugaltzea» eskatu dute, eremu horretan euskarazko erabilera areagotzeko helburua jarrita. Kulturari dagokionez, «sortzaileari langile eskubideak aitortuko dizkion estatusa berariaz garatzea» eskatu dute, edota «euskarazko kultur sorkuntzaren produkzioarentzat inbertsioak handitzea». Azken atal bat ere jaso dute helburuen zerrendan: hedabideei dagokienez, beharrezkoa ikusten dute «finantzaketa sistema egonkortzea eta euskarazko ikus-entzunezkoen presentzia bermatzea» euskarri desberdinetan.
Eragile gehiago
Biltzarraren bukaeran, ordezkariek ongi etorria egin diete dinamikari atxiki zaizkion eragile berriei. Haien artean dira Ekonomisten Euskal Elkargoa, Gaurgeroa (Euskal Herriko Erretiratu eta Pentsiodunen Elkartea), Gazte Euskaltzaleon Sarea, Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestua, HiTZ (Euskal Teknologiako Zentroa), Lanartea (Euskararen Langile Profesionalen Elkartea), Pantailak Euskaraz, Sukar Horia, UZEI, Xake Espazioa eta XUTI (Ipar Euskal Herriko gazteen erakundea).
Zenbait parte hartzailek Batuz Aldaturen baitan abian jarritako dinamikak partekatu dituzte gainerakoekin. Adostasun sozial berrien eredu dira,
esaterako, EAEn hezkuntza lege berrirako abian jarri den dinamika, Nafarroako Hezkuntza Itunari ekarpenak egiteko prozesua, gehiengo sindikalarekin EAEko administrazioa euskalduntzeko lanketa eta, Hego Euskal Herrian, enpresetan euskararen aldeko konpromisoak har ditzaten abiatu berri den dinamika. «Zalantzarik ez dugu elkarrekin eraginez gero, emaitza are hobeak erdietsiko ditugula» esan die guztiei Kontseiluko idazkari nagusi Bilbaok.