Batuta oroitu dituzte

Fernando Buesa eta Jorge Diez oroitu dituzte, hilketen 20. urteurrenean. Talde politiko guztietako ordezkariek hartu dute parte lore eskaintzan

Jorge Diezen ama Begoña Elorza eta Fernando Buesaren alargun Natividad Rodriguez, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Hogei urte bete ziren atzo ETAk Fernando Buesa PSE-EEko buruzagi eta Jaurlaritzako lehendakariorde ohia eta Jorge Diez haren bizkartzaina atentatu batean hil zituenetik Gasteizen, eta, urtero legez, haien memoriaren aldeko ekitaldi bat egin zuten Gasteizen. Biak hil zituzten tokian haien omenez jarri zen oroitarrian lore eskaintza egin dute sendiek eta talde politiko guztietako nahiz erakundeetako ordezkariek.

ETAk 2000. urteko otsailaren 22an hil zuen Buesa, bonba-auto bat leherrarazita. Erasoan, Jorge Diez bizkartzaina ere hil zuen talde armatuak. Azkeneko urteotan, alderdi guztiek parte hartu izan dute Buesa Fundazioak hildakoen omenez antolatzen duen lore eskaintzan, eta atzo ere elkarrekin oroitu zituzten. Hala, EAJko, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko, PSE-EEko eta PPko ordezkariek parte hartu dute omenaldian. Besteak beste, lore eskaintzan izan dira Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea, Rosa Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Alfonso Alonso EAEko PPko presidentea.

EAEko erakunde publikoetako ordezkaritza zabala ere egon da Gasteizko ekitaldian; haien artean, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusia,Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Jaurlaritzako hainbat sailburu.

Isilik egin dute lore eskaintza.Buesaren alargun Natividad Rodriguez eta Diezen ama Begoña Elorza lehenengoak izan dira arrosa gorriak paratzen oroitarrian, Imanol abeslariaren Ausencia kanta entzuten zen bitartean. Alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkariek ere banan-banan utzi dituzte loreak monolitoan. Ekitaldi xumea izan da, eta ez da adierazpenik egin.

Legebiltzarrean, suontzia

Eusko Legebiltzarrak ere gogoan izan zuen atzo Fernando Buesa,baita Enrique Casas PSEko legebiltzarkide ohia ere. Izan ere, gaur 36 urte beteko dira Komando Autonomo Antikapitalistek Casas hil zutela, Donostian, tiroz. Urtero legez, bi buruzagi sozialisten argazkiak jarri dituzte legebiltzarraren atariko Gauerdiko Iparrorratza eskulturan, eta suontzia piztuta egon zen egun osoz.

Eusko Legebiltzarreko mahaiak indarkeria politikoaren biktima izan diren lau legebiltzarkideak urtero oroitzea erabaki zuen 2014an: Buesa, Casas, Gregorio Ordoñez (PP) eta Santi Brouard (HB). Aurten, hauteskunde deialdia dela-eta, legebiltzarra deseginda dago, eta ganberak ez du ekitaldirik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.