Batez ere, garaile

EAJren egoitzan, poza areagotuz joan da gauak aurrera egin ahala. Garaipentzat hartu dituzte hauteskundeetako emaitzak, eta festa giroan ospatu dute.

Pradales eta Ortuzar, Sabin Etxean, hauteskundeetako emaitzak militanteekin ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Pradales eta Ortuzar, Sabin Etxean, hauteskundeetako emaitzak militanteekin ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko apirilaren 22a
00:08
Entzun

Azkenean, festa piztu egin da Sabin Etxean. Eusko Legebiltzarrerako bozen emaitzak oso estuak izan arren, garaipen argitzat hartu dituzte EAJren egoitza nagusian. Gauak eta boto kontaketak aurrera egin ahala, poza gailenduz joan da: aurreikuspenak ez ziren onak, baina, botoetan eta eserlekuetan galdu ez dutela ikusita, lasaitua hartu dute jeltzaleek, eta giroa ia-ia euforiko bihurtu da alderdiko buruak prentsaren aurrera atera direnean. Kantu eta aldarri artean ospatu du bere urtebetetzea Imanol Pradales lehendakarigaiak: «Euskal gizarteak eman dit gaur oparirik onena».

Gaua bestela hasi da, ordea. «Sentipen onak», besterik ez dute aipatu EAJko buruzagiek Sabin Etxera iristean. Andoni Ortuzar EBBko lehendakaria izan da lehena, Itxaso Atutxak eta Aitor Estebanek lagunduta. Hautetsontziak ixtear zirela heldu dira alderdiaren egoitzara, irribarretsu, baina oso zuhur. «Oraindik jendea bozkatzen ari da», erantzun die Ortuzarrek kazetariei, errepidea gurutzatzean kamera oldeak espaloira igotzen utzi baino lehen.

Izan ere, gaueko arreta gune nagusietako bat izan da Sabin Etxea: inkestek emaitzak okertzea aurreikusten zioten EAJri, eta ezohiko agertoki horren lekuko izan nahi dute kazetariek. Prentsa aretoan, telebista kamera ugari, mahaiak lepo, kolore guztietako mikrofono txapelak, ordenagailu eramangarriak zabalik... Barruan, kazetariak urduri, proba saioak egiten, kronikak zuzenean bidaltzen, lanean murgilduta; kanpoan, EAJk jarritako ogitartekoak jaten, pasadizoak komentatzen, zain. Alderdiko ordezkariak, bigarren solairuan, ateak itxita, haiek ere emaitzen zain. Nabari da tentsioa: Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu ez da sarrera nagusitik sartu Sabin Etxera, garajetik baizik.

Lehen emaitzekin ere, zuhur

21:00ak pasatuta egin du lehen emaitzen balorazioa Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak. Bi minutu eta erdiko agerraldi labur bat, esker ona adierazteko, bai parte hartzea igo egin delako, bai hauteskunde eguna «normaltasun osoz» igaro delako. Hor ikusi da pozaren hasiera: oraindik datu «gutxi» dagoen arren, oraingoz boto gehien jaso duen alderdia EAJ da, eta eserlekuetan EH Bildurekin berdinduta daude: «Euskadin, beste behin, lehenengo indarra EAJ da». Baina, ordubete inguru falta denean boto guztiak kontatzeko, zuhur: «Espero dezagun gero albisteak oraingoak bezain onak izatea».

28na legebiltzarkide dituzte EAJk eta EH Bilduk orduan; emaitza horiei eustearekin, pozik-edo, beraz. Minutu batzuetara, ordea, aulki bat galdu dute jeltzaleek. Sabin Etxearen sarreran bildutako militante apurren aurpegietan agerikoa da kezka: keinu serioak, besarkada makalak... EH Bildu ere 27 ordezkarirekin geratu denean, txalo gutxi batzukin jaso dute berdinketa. Baina giroa nabarmen piztu da ETBk zuzeneko konexioa egin duenean: «Ari, ari, ari, Imanol lehendakari» kantatzen hasi dira.

Azkar amaitu da kontaketa, eta 22:30ak baino lehen atera dira prentsa aretora Ortuzar, Pradales eta Urkullu, zerrendaburuak eta EBBko goi karguak lagunduta, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburuk publikoko aulkietatik babestuta. Ortuzarren lehen ideia: «Hauteskundeak irabazi ditu Eusko Alderdi Jeltzaleak». Txaloak aretoan. «EAJ buru izango duen gobernuaren alde egin du gizarteak». Aldarriak goian, egoitzako sarreran. Esker on hitzak Urkulluri: «Emaitza hauek ere zureak dira». Eskua luzatu dio lehendakariak, eta gero elkar besarkatu dute. Begiak bustita, militanteei ere eskerrak eman dizkie EBBko buruak: «Jelkideak mobilizatu egin dira».

Txaloak, aldarriak, zorionak

Ondoren, Pradalesen txanda; hark ere, ideia bera: «Hauteskundeak irabazi egin ditugu». EH Bildu aipatu gabe, demokrazia izan du ahotan, gobernua eratzeaz aritu da, erantzukizunez eta eredugarritasunez jardutea hitzeman du: «Dena emango dut Euskadiren alde, egunero». Eta militanteengana joan da, Sabin Etxeko sarrerara; txalo eta aldarri artean egin diote harrera, eta segituan kantatu diote Zorionak zuri. Euforiaren atarian, ohartarazpena Ortuzarrek: «Ospatu egin behar dugu, baina emaitza hauek ezin zaizkigu burura igo. Gaur gertatutakoa ondo interpretatzen jakin behar dugu».

Izan ere, lau legebiltzarkide gutxiago izango ditu EAJk, baina ez da hain emaitza txarra, korridoreetan onartu dutenez, inkestek okerragoa aurreikusten zutela kontuan hartuta. Garaipena hitzez nabarmendu eta ospatu ere egin dute, eskuak helduta eta altxatuta, Platero y Tu taldearen doinura «Imanol, Imanol, Imanol...» kantatuz. Ekitaldiak amaituta, ospatzera joan dira: besarkada estuak, irribarre zabalak, arnasa sakonak. Berdinketak garaipen zapore gozoa du gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.