Koldo Martinez. Geroa Bairen Iruñeko hautagaia

«Batez ere Bilduri dagokio gehiengo aurrerakoia lortzea»

Ekainaren 17ko Iruñeko udalbatzarrari begira, kezkatuta dago. Martinezek ukatu egin du bere hautagaitza planteatu duela, korapiloa askatzeko. Ardura EH Bildurena eta PSNrena dela dio.

IñIGO URIZ / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
«Argazki tristea aterako nioke une honi». Zortzi egun falta dira udaletako alkateek kargua hartzeko, eta Iruñeko udalbatzari begira, kezkatuta dago Koldo Martinez. (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1953). UPNk bederatzi hautetsi ditu, EH Bilduk zortzi, PSNk bost, Geroa Baik eta PPk bina eta Zurekin Nafarroak bat. Azkenean UPNko Cristina Ibarrola alkate aukeratua balitz «tamalgarria eta onartezina» izango litzatekeela deritzo.

Hauteskundeei begira, zer analisi egin duzue?

Argi eta garbi, botoak galdu ditugu. Gehienak abstentziora joan dira, eta erakusten du ez garela gai izan lortutako guztia gizarteratzeko. Geroa Bai guztiz beharrezkoa izan da. Geroa Bai gabe, ez legoke gobernu aurrerakoi bat Nafarroan, eta ez gara gai izan jendeari hori ulertarazteko.

Horrek izango du eragina ondorengo negoziazioan?

Gu oso leial portatu gara. 2019an, hauteskunde gauean esan genien sozialistei: «Gure botoak eta laguntza izango dituzue. Zuekin osatuko dugu gobernua». Orain, askoz ere exijenteagoak izango gara, gobernu barruan gertatutakoa ez dugulako ahazten.

Parlamentari gutxiago dituzue.

Bai, baina erabakigarriak gara gaur ere. «Ea zer egiten duen Bilduk», esaten du jendeak. Ni esaten ari natzaie Bildu abstenitu dadin guk baietz esan behar diogula gobernu honi. Eta oraindik ez diogu baiezkorik eman.

Tentsioa dago PSNrekin?

Tentsio hori normala da. PSNk esaten du botere handiagoa nahi duela gobernuaren barruan. Guk diogu ez garela gobernuan sartuko orain duguna baino gutxiago lortzen badugu.

Iruñeko Udaleko egoera ez al du PSNk eragin?

Ez. Bilduk esan du hasieratik boto gehien lortzen zuen taldeak izan behar zuela alkatetzarako botoa. Egoera horrek ezintasun batera eramaten gaituenean, irtenbide posibleak bilatu behar dira. Gaur [atzo], 12:30ean, Bildu ikusten dut egoskortuta esandako horretan. Bestalde, alderdi sozialistak hamaika bider esan du ez diola botorik emango ez Cristina Ibarrolari ez eta Joseba Asironi ere. Orain arte behintzat koherentzia bat dago. Esandako horretan egoskortuta daude.

Gaur-gaurkoz, zer egingo duzu ekainaren 17an?

Bilduri dagokio bere inguruan gehiengo aurrerakoi bat lortzea. Guk argi eta garbi esan dugu Joseba Asironi emango diogula botoa, baina hori esaten dut ekainaren 8an. Gure asmoa da gehiengo aurrerakoi hori biltzea eta irtenbide posible bat lortzea. Asironi botoa emateak zakarrontzira botatzeko soilik balio badu, min handia emango dit. Erantzukizunik handiena ez da gurea, baizik eta Bildurena. UPNri gauza bera gertatzen zaio. Gehiengoa du parlamentuan, eta ez da gai ezer egiteko. Ezintasuna erakusten du.

Lau urtez EH Bilduren beharra izan eta gero, PSNk dio ez duela hitz egin nahi, nahiz eta haien botoen beharra izan. Zergatik ez da harena ardura?

Ez dakit zergatik hartu duen jarrera hori. Saizek hasieratik esan du ez diola botorik emango Asironi, eta eskubide osoa du hori esateko eta horri eusteko.

Zuk aurretik esan bezala, ez al da hori udala UPNri oparitzea?

Bai, baina gauza bera da Asironen jarrera. Nik neureari eusten diot, eta, nahiz eta boto gehien izan, neure buruari ematen diot botoa.

Duela zortzi urte, inork ez zuen zalantzan jarri Geroa Bairi eta Uxue Barkosi zegokiola Nafarroako Gobernuaren lehendakaritza. Ez zen posible izango hori zalantzan jarri izan balitz.

Ez naiz errudunak bilatzen hasiko. Zera esaten dut: adostasunik ez dagoenez, arduraren zati txiki bat dut. Ardurarik handiena Bilduk eta PSNk dute. Haiek ez badute arazoa konpontzen, ez etorri guregana esatera ez zaretela gai izan.

Zein da aterabidea: zu izatea hautagaia?

Ez. Irtenbide posibleak bilatu behar ditugu. Orain arte ez dut besteengan helburu hori lortzeko aurrerapausorik ikusi.

Bildu zarete?

Bai, ni neu bildu naiz Elmarekin, baita Joseba Asironekin eta Txema Mauleonekin ere.

Eta elkarren artean?

Ez. Egunak aurrera doaz. Ez badugu irtenbide bat bilatzen, gureak egin du.

Elkarrekin eseriko bazarete, nondik nora joko duzu?

Ulertuko duzunez, kazetari bati ez diot besteei esan ez diedana esango.

Aurreko asteko prentsaurrekoan, galdera-erantzunetan, iradoki zenuen zure hautagaitza irtenbide bat izan zitekeela; komunikabide batek hala jaso zuen.

Nik ez nuen hori esan. Kazetariak izenburuen bila ibiltzen zarete. Nik esan nuena da oraindik orain esaten jarraitzen dudana: ezin dugu Iruñeko boto aurrerazale hori guztia zakarrontzira bota. Zerbait asmatu behar dugu. Nik nire buruan baditut hainbat eta hainbat irtenbide. Seguru nago Bilduk ere badituela, eta PSNk eta Zurekin Nafarroak ere bai.

Denborekin asmatu duzue? Irtenbide zehatzaren aukerak ez luke hurrengo astean etorri behar?

Ez, prentsaurrekoa eman genuenean, ja blokeo egoera batean geunden. Asironen adierazpenak entzunda eta Elma Saizenak entzunda. Guk ohartarazi nahi izan genuen. «Aizue, honek horrela jarraitzen badu, gure boto denak zakarrontzira doaz».

Zer eskatzen diezu?

Elkarrekin esertzeko, eta blokeoa errealitate bat dela ikusita aurrerapausoak bilatzeko elkarrekin. Itxaropena dut eseriko garela.

Pedro Sanchezen iragarpenak zerikusia izan du? Zenbateraino baldintzatuko du?

Ez dakit. Lau urte hauetan Bildu eta PSOE eskutik helduta joan dira. Ez dakit zer akordio zituzten, eta, akordiorik bazuten, ez dute ezagutarazi. Zer gertatu da bien artean? Bikote bat hausten denean, bikotekideek eurek jakiten dituzte hobekien zergatiak.

EH Bilduri eskuzabal jokatzeko eskatzen zaio, eta Geroa Baiko bazkide den EAJk eta PSE-EEk Gipuzkoan eta Gasteizen PPren botoak balia ditzakete.

Nik Bilduri eskuzabaltasuna eskatzen diot Iruñean. Eskuzabal ez baldin bada, euskararen kontrako alkatea izango dugu, UPNkoa. Erantzukizuna ez da Geroa Bairena, baizik eta Bildurena.

Gaur-gaurkoz, ematen du Ibarrola izango dela alkate, gauzak dauden bezala.

Nire amesgaiztorik gaiztoenean ere ez dut aukera hori ikusten. Gertatzen bada, askok eta askok adierazi beharko dute zergatik gertatu den hori.

Nola banatuko da ardura baldin eta Ibarrola alkate bada?

Botoen arabera. Ardura handiena Bildurena da, bigarrena PSNrena, gero Geroa Bairena eta azkenik Zurekin Nafarroarena. Zurekin eta Geroa Bairena oso txiki-txikia da, beste biekin konparatuta.

PSNri ere presio egin dakioke, jarrera aldatu dezan. Iruñeko Udalean haren jarrera da Elma Saizi ematea botoak...

Nik argi esan diot ez dizkiodala gure bi botoak emango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.