Euskal Herriko Neska* Gazteak

Baterajotze berri bat eginen dute urrian, Usurbilen

Euskal Herriko Neska* Gazteek adierazi dute jardunaldiak eginen dituztela beren «potentzialtasuna artikulatu, norabidetu eta nola kristalizatu erabakitzeko»

Euskal Herriko Neska* Gazteek Baterajotzea aurkeztu dute. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko apirilaren 18a
13:49
Entzun

«Neska gazteok sistema hau iraultzeko antolatuta gaudela ozen esatera gatoz». Horrela eman diote hasiera Euskal Herriko Neska* Gazteek Usurbilen (Gipuzkoa) egin duten agerraldiari. Azaldu dute deitua duten greba feminista orokorraren bidez exijitu nahi dutela «zaintza eskubidea izatea eta lan horren gaineko erabaki gaitasun kolektiboa edukitzea». Auzoetan nahiz herrietan grebarako antolatzen dabiltzala erran dute, baina badakitela gazteek behar dutela «antolaketa propio bat». Horretarako, greba baino lehen Baterajotze berri bat eginen dute Usurbilen urriaren 13an, 14an eta 15ean: «Dugun potentzialtasuna artikulatu, norabidetu eta nola kristalizatu erabakitzeko».

Adierazi dute orain arte «Mugimendu Feministatik mobilizazio gaitasun ikaragarria erakutsi» dela, eta antolatzen ari diren grebaz baliatuko direla, bertzeak bertze, «errotiko aldaketak eragin eta exijitzeko, urgentziazkoak diren aldaketak abiatzeko eta arrakalak sortu eta eraldaketan sakontzen joateko aurrebaldintzak sortzeko». Funtsean, «zaintza sistema iraultzearen proposamen erradikala mahaigaineratu» dutela nabarmendu dute.

Izan ere, haien erranetan, zaintza lanak «betebehar gisa inposatzen» dituzte enpresek, erakunde publikoek eta gizonek sistematikoki. «Esplotazio egoeran inposatzen diren zaintza lanei planto egingo diegu». Zaintza sistema iraultzearen proposamenak «potentzial politiko izugarria» du beraiendako, «bestelako sistema bat irudikatzera eta antolatzera» eramaten duelako.

Aurreko edizioa

Duela bi urte Baterajotzea antolatu zuten Elizondon (Nafarroa). Mugimenduan gaude, lurrikara gara leloa erabili zuten, eta 600 lagun inguru bildu ziren. Helburua feminismoaren burrunba eta dardara hedatzea izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.