Bateraguneko auzipetuek Auzitegi Konstituzionalera eta Europara joko dute

Iñigo Iruin abokatuak banan-banan gezurtatu ditu Gorenaren argudioak. Bide juridikoa «luzea» izan arren «konbikzio osoz» jardungo dutela nabarmendu du

Iñigo Iruin abokatua, atzo, Donostian, Gorenaren epaiaren balorazio juridikoa egiten. JON URBE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Maratoi luzea dute aurretik, baina Bateraguneko bortz auzipetuek ez dute etsiko azkenera arte; eta are gutiago haien abokatu Iñigo Iruinek. Argi baino argiago gelditu zen hori atzo, Iruin abokatuak Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia baloratzeko egindako agerraldian. EH Bilduren Donostiako egoitzan emandako prentsaurrekoan, Iruinek banan-banan eraitsi zituen Gorenak eraikitako argudioak, eta defentsaren hurrengo urratsak iragarri zituen: Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eta Europako Batzordeko Ministroen Kontseilura joko dute auzipetuek, epaiketa ez dadila egin eskatzeko.

«Berehalako» erantzuna izanen da hori, Iruinen hitzetan: «Baditugu aurreragorako beste asmo batzuk, baina, politikan bezala, zuzenbidean ere garrantzitsua da estrategiarena, eta ez dizkizuet azalduko». Lasterraldiaren lehen urratsa baino ez dira izanen Konstituzionalekoa eta Europakoa, beraz.

Babes helegitea jarriko dute Konstituzionalean, argudiatuta auzipetuei benetako babes judiziala izateko eskubidea urratu zaiela, epaiketa bat bi aldiz egiteagatik. Non bis in idem printzipioa urratzen du horrek, hain zuzen: alegia, auzi beragatik bi aldiz ez epaitua izateko eskubidea. Iruinek ez du «dudarik» Konstituzionalean jarriko duten helegitea tramiterako onartuko dutela, eta jakinarazi du «transzendentzia konstituzional berezia» izanen duela auziak, orain arte Konstituzionalak ez duelako deus adierazi horrelako kasu bati buruz. Tramitea onartuta, Gorenaren azken epaia baliogabetzeko eskatuko dute, eta babes helegiteaz ebatzi artean epaiketa berriro ez egitea: «Gu saiatuko gara epaiketa ez dadila berriro egin, eta, berriro egingo balitz ere, Konstituzionalekoa ebatzi ondoren egin dadila». Iruinek ohartarazi du «harrigarria» dela Gorenak Bateraguneko bigarren epaiketa «ahalik eta azkarren» egitea eskatu izana: «Berrikuspen helegitea aztertzeko urte eta erdi behar izan zuten».

Europako Batzordeko Ministroen Kontseilura ere joko dute, hori baita gobernuek Estrasburgoko sententziak betearazten ote dituzten ikuskatzen duen organoa. Iruinek adierazi du ezagutzen dutela Europako Batzordearen izaera «politikoa», baina horrek atea ireki diezaieke ondoren Estrasburgora jotzeko. Europako Batzordeko Ministroen Kontseiluan salatuko dute Madrilek ez diola kasurik egin Estrasburgori, 2018ko sententziak argi baitio auzipetuen eskariz soilik egin daitekeela auzi bat bigarren aldiz —eta auzipetuek ez zuten halakorik galdegin—.

Auzipetuen abokatuak azaldu du «luzea» izanen dela ibilbide juridikoa, baina «borrokatzeko grinaz» ekinen diotela. Izan ere, haren hitzetan, «Gorenak auzia bide itsu batera eraman du, zeinaren irtenbide bakarra bost pertsona hauen eskubideak berriro urratzea den». Ez daude «prest» horretarako, eta ez dute «onartuko» Madrilek «nahi duena» egitea: «Hor egongo gara guk eskatzen dugun irteera eman arte».

Gorenaren partzialtasuna

Gorenaren sententziak kontra egiten die auzipetuen defentsak erabilitako lau argudio nagusiei, baina, Iruinen ustez, Gorenak ez du horiek «baliogabetzea» lortu. «Kalitate juridiko eskasekoa» da ebazpena, Iruinen ustez. Abokatua «harritu» egin du horrek, Miguel Colmenero txostengilea jurista «oso ontzat» baitauka. Haren iritziz, «kalitate juridiko eskas hori sostengaezina den posizio bati eusteko zailtasunaren ondorio logikoa da».

Iruinen hitzetan, «erabat formalista» da Gorenaren epaia, eta epaitzan «jauzi» bat egiten du, epaiketa berriro egin dadila lortzeko eta, auzipetuak berriro zigortuta, espetxe zigorrak bete izana «justifika» dadin: «Gorena argi eta garbi ari da jarraitu beharreko bidea erakusten, eta hori haren partzialtasunaren erakusgarri da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.