'Bateragune auzia'

'Bateragune auzikoek' helegitea jarri dute Konstituzionalean

Sekula eman gabeko ebazpen bat eman zuen Gorenak, Europako Auzitegiak epaia baliogabetzat jo ostean. Epaiketa berriz egiteko agindu zuen, eta helegitea jarri du defentsak, argudiatuz ezin dela pertsona bat bi aldiz epaitu ekintza berarengatik.

Iñigo Iruin 'Bateragune auziko' auzipetuen defentsa abokatua. JON URBE / FOKU
2021eko otsailaren 3a
13:42
Entzun

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Bateragune auziko epaia baliogabetzat jo bazuen ere, Espainiako Auzitegi Gorenak aurrez inoiz hartu gabeko erabaki bat hartu zuen Europako ebazpenaren ostean: epaiketa berriz egiteko agindu zuen. Gorenak aho batez hartu zuen erabaki horri helegitea jarri dio Bateragune auziko defentsak Auzitegi Konstituzionalean, pertsona bat ekintza batengatik bi aldiz ezin dela epaitu argudiatuta, eta, Europako Auzitegiak emandako ebazpenean esaten zuen gisan, epaiketa berriz egitekotan auzipetuek beraiek eskatu behar dutelako hori.

Konstituzionalean ezarritako helegiteak, beraz, zera eskatzen du: Espainiako Auzitegi Goreneko bigarren salak emandako sententziaren exekuzioa bertan behera uzteko, hau da, epaiketa berriz ez egiteko; anulazio hori beranduago baletor, auzipetuek auzitegitik berriz pasatu beharko zutela argudiatuz.

Gainera, Konstituzionalean jarritako helegitean defentsak gogorarazi du jadanik zigor osoa beteta daukatela sei auzipetuek: Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek seina urte eta erdi, eta Arkaitz Rodriguezek, Sonia Jacintok eta Miren Zabaletak seina urte.

Hona Bateragune auziaren kronologia.

Diez Usabiaga auzipetuak, BERRIAri emaniko elkarrizketan, esan zuen Gorenaren erabakiaren gibelean Espainiako eskuinaren inboluzio nahia dagoela. «Herri gisa prestatu behar dugu kontrarreformari aurre egiteko; euskal gizartea konturatu behar da zer dagoen jokoan».

Abenduaren 21ean, Auzitegi Gorenaren erabakia baloratzeko agerraldia egin zuen Iñigo Iruin abokatuak, eta defentsaren hurrengo urratsak iragarri zituen: Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eta Europako Batzordeko Ministroen Kontseilura jotzea, epaiketa egin ez dadila eskatzeko.

Iruinek iragarri zuen defentsak argudiatuko zuela auzipetuei benetako babes judiziala izateko eskubidea urratu zaiela, epaiketa bat bi aldiz egiteagatik. «Gu saiatuko gara epaiketa ez dadila berriro egin, eta, berriro egingo balitz ere, Konstituzionalekoa ebatzi ondoren egin dadila», esan zuen Iruinek.

Iragarri zuenez, Europako Batzordeko Ministroen Kontseilura ere joko dute, hori baita gobernuek Estrasburgoko sententziak betearazten ote dituzten ikuskatzen duen organoa. Hari salatuko diote Madrilek ez diola kasurik egin Estrasburgori, 2018ko sententziak argi baitio auzipetuen eskariz soilik egin daitekeela auzi bat bigarren aldiz.

Egun batzuk geroago, Euskal Herriko eta Kataluniako 310 bat legelarik salatu egin dute Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziaren epaiketa berriro egiteko agindu izana. Non bis in idem izeneko agiri baten bitartez egin zuten (latinez, gauza berberagatik birritan ez), Bilbon eta Bartzelonan aldi berean eginiko agerraldi banatan.

Abokatuek gogoratu zuten Bateragune auzian zigortutakoek helegitea aurkeztu zutela Estrasburgoko Auzitegian, eta auzitegi horrek arrazoia eman ziela. «Errekurtsogileen aldekoa izan den Estrasburgoko epai bat betearaztea ezin da errekurtsogileen aurkako bihurtu», esan zuten.

Abenduan, epaiketa berriz egiteko erabakia salatzeko bilkurak egin ziren Euskal Herriko 189 lekutan, Santiagon (Galizian) eta Bartzelonan. Jendetza elkartu zen Demokrazia! lelopean.

EH Bilduko kide ugari bildu ziren Bilbokoan. Unai Urruzuno legebiltzarkideak esan zuen Espainian «inboluzio» baten bila dabiltzan sektore boteretsuak daudela Auzitegi Gorenak harturiko erabakiak «sustatzen».

Bilbokoan, Miren Araneta eta Jon Andoni Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko burukideen elkartasuna jaso zuten. Erabakiak «Espainiako Konstituzioak ezartzen duen segurtasun juridikoaren printzipioa» auzitan jartzen zuela esan zuten jeltzaleek.

Elkarrekin Podemos-IUko hainbat ordezkari han egon ziren; besteak beste, Roberto Uriarte Espainiako Kongresuko diputatua eta Iñigo Martinez Zaton Eusko Legebiltzarreko parlamentaria. «Kasu honek agerian utzi du Espainiako auzitegi handiek duten ageriko demokratizazio beharra», esan zuen Zatonek.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia Iruñekoan mintzatu zen: «Espainian dagoen koalizio gobernuaren desestabilizazioa, eta EH Bilduk estatuan politika normaltasunez ezin egin izatea»

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.