'Bateragune auzikoek' babes helegitea jarri dute Konstituzionalean

Auzitegiak halako gai bati buruz ebatziko lukeen lehendabiziko aldia litzateke. Helegitea aztertu arte epaiketa ez egiteko eskatu dute

Iñigo Iruin abokatua, gibelean Miren Zabaleta eta Arnaldo Otegi dituela, joan den abenduan, Donostian. JON URBE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Iragarri zuten, eta hala egin dute. Bateragune auziko bortzek babes helegitea aurkeztu dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, argudiatuta Espainiako Auzitegi Gorenak abenduaren 15ean emandako epaiak urratu egiten duela auzipetuek benetako babes judiziala izateko duten eskubidea. Zehazki, Bateragune auzikoen defentsak uste du Gorenak emandako ebazpenak non bis in idem printzipioa urratzen duela; hau da, ez duela errespetatzen auzi beragatik bi aldiz epaitua ez izateko eskubidea. Iñigo Iruin abokatuak atzo aurkezturiko helegiteak zehazten du, gainera, bortz auzipetuek osorik bete zituztela 2011n Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri eta 2012an Gorenak berretsitako espetxe zigorrak: Miren Zabaletak, Arkaitz Rodriguezek eta Sonia Jacintok seina urte egin zituzten kartzelan, eta Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek seina urte eta erdi.

Konstituzionalean jarritako helegiteak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sententzia ere hartzen du erreferentzia gisa. Izan ere, 2018an Estrasburgok emandako epaiak zehazten du auzipetuen eskariz baino ezin dela epaiketa berriro egin. Kasu honetan auzipetuek ez dute horrelakorik eskatu; baina, 2011ko sententziari aurkezturiko kasazio helegiteari erantzunez, Goreneko epaile guztiek aho batez ebatzi zuten Bateragunekoen epaiketa berriro egin behar zela.

Auzipetuen defentsak eskatu du Konstituzionalean jarritako babes helegitea aztertu arte bederen ez dadila egin Bateragune auzikoen bigarren epaiketa. Helburua dute, halere, ez dadila sekula berriz egin epaiketa hori. Konstituzionalak ez du epe zehatzik babes helegitea tramiterako onartzen duen ala ez jakinarazteko, ezta hartaz ebazteko ere.

Iruin abokatuak joan den abenduaren 21ean egindako agerraldian adierazi zuen ez duela «dudarik» babes helegitea tramiterako gutxienez onartuko dutela. Atzo BERRIAri baieztatu zionez, hain zuzen, lehen aldia litzateke Konstituzionalak horrelako auzi bati buruz ebatziko lukeena, eta, beraz, behartuta legoke horri buruzko iritzi bat ematera. Konstituzionalak aztertu izan du lehenago non bis in idem printzipioa, baina ez Bateragune auziko ezaugarriak dituen kasuetan. Auzi horren bereizgarrietako bat da Estrasburgok emandako sententzia baten ondorioz eskatu duela Gorenak epaiketa berriz egiteko; eta, bertzea, auzipetuek zigorrak osorik beteak dituztela. Era berean, 2015ean zehaztu zuen Espainiak Estrasburgoko sententziak nola betearazi behar zituen, eta hori ere urratu zuen Gorenaren epaiak: berraztertze helegitea aztertu ondoren agindu zuen epaiketa berriro egiteko. Horrelako auziei buruz ere ez du ebatzia lehenago Konstituzionalak.

Europara ere bai

Abenduan iragarri zuten gisan, Europako Batzordeko Ministroen Kontseilura ere joko dute auzipetuek, estatuek Estrasburgoko sententziak betearazten dituztela ikuskatzen duen organoa baita hori. Hara jotzeko «lanean» ari dira, baina ez dute epe zehatzik horretarako. Konstituzionalean babes helegitea aurkezteko azken eguna gaur zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.