21 hilabete berandu, Espainiako Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoak men egin dio Bateragune auzian kondenatutako kideen defentsak sententziari jarritako berraztertze helegiteari, eta haien aurkako zigorrak baliogabetu ditu. Ezin da erabakiaren aurkako helegiterik jarri; beraz, behin betikoa da. Horren eraginez, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiri ezarritako 2021. urteko otsailera bitarteko inhabilitazioa ere bertan behera geratu da. Otegik Eusko Legebiltzarrerako bozetara aurkezteko aukera izango zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk aurreratu ez balitu.
2018ko azaroaren 6an Estrasburgoko epaitegiak ebatzi zuen Bateragune auziko Auzitegi Nazionalekoepaimahaia ez zela inpartziala izan, argudiatuta Europako Giza Eskubideen Ituneko 6.1 artikulua urratu zuela. Ebazpen erabakigarri horren ondotik, apirilaren 4an defentsak eskatu zuen baimena berraztertze prozedurari ekiteko, baina irailaren amaiera arte ez zuen izan. Prozedura Kriminaleko Espainiako Legearen 954. artikuluaren arabera Europaren epaia nahikoa arrazoi dela argudiatu zuen Gorenak orduan. Behin baimena izanda, iazko azaroan, berraztertze helegitea aurkeztu zuen Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Rafa Diez eta Otegiren defentsak, iazko azaroan. Gorenak fiskaltzaren esku utzi zuen kasua, eta gaur iritsi da azken erabakia, behin betikoa.
Bateragune auziko operazioa 2009ko urriaren 13an egin zuten; Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak zuzendu zuen auziaren instrukzioa, eta auzitegi hark bi urte geroago eman zuen bost kideen aurkako epaia. ETAko buruzagi izatea leporatu zieten Otegiri eta Diezi, eta partaide izatea, berriz, gainerakoei. Zortzi eta hamar urteko zigorrak ezarri zizkien. Sei hilabete geroago, 2012ko maiatzaren 7an, Gorenak berretsi egin zuen epaia, baina ETAko buru izateko akusazioa kendu zien Otegiri eta Diezi eta guztiei espetxe zigorrak murriztu zizkien —inhabilitazioak ez—. Geroago, babes helegitea aurkeztu zuen defentsak, baina errekurtsoa atzera botata, Auzitegi Konstituzionalak ere ontzat jo zuen epaia, eta bere hartan utzi. Zehazki, Gorenaren epaiaren aurka jarri zuen helegitea Iñigo Iruin defentsako abokatuak. Espainiako justizia sistemaren bidea agortuta, Estrasburgora jo zuten.
Auziaren nondik norakoez gehiago jakin nahi izanez gero, Berria-ren berri bilduma
Bost zigortuek denera 31 urte egin zituzten preso. Jacintok, Rodriguezek eta Zabaletak, seina urte, eta Otegik eta Diazek, ia sei eta erdi bakoitzak. Horrez gain, jardun publikoan aritzeko inhabilitazio zigorra ere jarri zieten. Haien artetik Otegiri falta zitzaion betetzeko. Gaurko epaiak aurtengo Eusko Legebiltzarrerako bozetara aurkezteko aukera emango lioke Otegiri, Urkulluk aurreratu ez balitu.
Arnaldo Otegik, gainerako beste kideekin batera ageri den argazki baten alboan, bere mezua plazaratu du sare sozialetan:
Gaur baieztatu da gure espetxeratzea Euskal Herriko bakearen aurkako operazioa izan zela. Espainiako Estatuan justizia independenterik ez dagoela gogoratzeko eguna da. Euskal preso politikoak, errefuxiatuak eta deportatuak gogoratzeko eguna. Eta aske uztea exijitzeko eguna. pic.twitter.com/WWQFjB5MAv
— Arnaldo Otegi 🔻 (@ArnaldoOtegi) July 31, 2020
EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek sare sozialen bidez eman du ebazpenaren gaineko iritzia, kritiko: «Sei urte t’erdiz kartzelan modu injustuan eduki zituen Espainiako auzitegi gorenak. Estrasburgoko epaia onartzeko 20 hilabete behar izan ditu auzitegi horrek. Hauxe da Espainiako justiziaren benetako maila».