'Bateragune auziko' epaiketa berriz egiteari «harrigarri» iritzi diote

Euskal Herriko eta Kataluniako 300 bat legelarik agiri bat izenpetu dute Auzitegi Gorenaren erabakia gaitzesteko. Esan dutenez, «ezin da inor epaitu jadanik kondena jaso duen egitate berberengatik»

Agiria izenpetu duten abokatuetako zenbait, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herriko eta Kataluniako 310 bat legelarik salatu egin duteEspainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziaren epaiketa berriro egiteko agindu izana. Non bis in idem (latinez, «berberagatik birritan ez») izeneko agiri baten bitartez egin zuten, eta modu berezia aukeratu zuten agiria aurkezteko: euskal abokatuek Bilbon agerraldia egiten zuten bitartean, aldi berean beste agerraldi bat egin zuten legelari katalanek Bartzelonan. Agirian, abokatuek «kezka eta harridura» agertu zituzten Auzitegi Gorenaren erabakiarekiko.

Bilbokoan, Iñigo Santxo abokatuak egin zituen aurkezpen lanak, eta Amaia Goirigolzarrik eta Arantza Isasmendik irakurri zuten agiria. Esan zutenez, «harrituta» hartu dute epaiketa berriro egiteko erabakia, «[Estrasburgoko] Giza Eskubideen Auzitegiak babes judizialaren gabezia zehaztu izanak inoiz ez baitu ekarri akusazio prozesu bat errepikatzea».

Abokatuek gogora ekarri zuten Bateragune auzian zigortuak izan zirenek aurkeztu zutela helegitea Estrasburgoko Auzitegian, eta auzitegi horrek, helegitea aintzat hartu, eta arrazoia eman diela. «Errekurtsogileen aldekoa izan den Estrasburgoko epai bat betearaztea ezin da errekurtsogileen aurkako bihurtu», azaldu zuten.

Haien ustez, Estrasburgoko epaia betearazteak «aldeko ondorioak» izan behar ditu auzialdi honetan irabazi duenarentzat, eta Auzitegi Gorenak aplikatu nahi duen araua, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Hitzarmenaren 7. protokoloa, aplikatuz gero, kontrakoa gertatuko litzateke. Gainera, gogorarazi zuten arau hori 2009ko abenduaren 1ean sartu zela indarrean, eta Bateragune auzian epaitutakoak bi hilabete lehenago atxilotu zituztela, urriaren 13an; hortaz, ezin zaie arau hori ezarri.

Legelariek uste dute auzi honetan Gorena interpretazio juridikoa aldatzen ari dela «araua aplikatu behar den subjektuaren arabera», eta hori «berdintasun printzipioaren eta benetako babes judizialaren» aurkakoa dela guztiz. Gogorarazi zuten inor ezin dela epaitua izan «jadanik kondena jaso duen egitate berberengatik».

Eskubideen bermea

Hori dela eta, «kezka» azaldu zuten, «jurisdikzio ahalmena pertsona jakin batzuei begira modu berezian» aplikatzen ari dela uste dutelako, eta, hori ikusirik, eskaera bat egin zieten komunitate juridikoari eta Espainiako eta Europako agintariei: «Pertsona guztien oinarrizko eskubide guztiak, izaera prozesalekoak barne, berma daitezela, arrazoi ideologikoengatik bereizketarik egin gabe».

Bateragune auziaz gain, Gonzalo Boye abokatuaren kontra Espainiako Auzitegi Nazionalean irekitako auzibidea ere aipatu zuten Euskal Herriko eta Kataluniako abokatuek; esan zutenez, auzibide hori «aurkari politikoa suntsitzeko lawfare edo gerra juridikoaren erabileraren beste adibide bat» da.

Katalunian, Nuria Sanchez March, Eva Pous i Calvet eta Jaume Alonso-Cuevillas abokatuek irakurri zuten agiria. Ezohiko irudia eman zuten hiru eledunek: izan ere, Alonso-Cuevillas JxC Junts Per Catalunyako diputatua da Espainiako Kongresuan, Sanchez March ERCren Justizia Idazkaritzako kidea da, eta Pous Alerta Solidaria taldeko abokatua eta CUPeko kidea da. Azkenaldian ez da oso ohikoa Kataluniako hiru indar independentisten ordezkariak elkarrekin agertzea auzi baten inguruan, are gutxiago bozak laster izango direla kontuan izanda, baina Bateragune auziaren salaketak lortu du hori.

Hogei bat elkartek ere bat egin dute agiriarekin; horien artean daude AED Europako Abokatu Demokratak, Kataluniako Abokatuen Koordinakundea, Erabakizaleak, eta Frantzia, Alemania, Espainia, Turkia, Grezia, Kurdistan eta abarreko legelari taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.