EH Batera-ren ekitaldian bat egingo dute abertzaleek gaur, Kursaalean

Espero da ordezkaritza politiko eta sozial zabala biltzea gaur Kursaalean. Lorea Agirrek, Manex Fuschek eta Martxel Rodriguezek zuzendu dute ekitaldia.

Fundazioetako ordezkariak EH Batera-koekin, gaurko deialdia egiteko kartelari eusten. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Fundazioetako ordezkariak EH Batera-koekin, gaurko deialdia egiteko kartelari eusten. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko apirilaren 11
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Herri gisa elkartzeko topagune bat atondu du gaurko Euskal Herri Batera ekinaldiak, Donostiako Kursaalen, Aberri Egunaren harira abertzaleak elkartzeko egin ohi duen ekitaldian. «Zer garen ospatu eta zer izan nahi dugun aldarrikatzeko» abagune bihurtu nahi du. Ikuskizun bat landu dute horretarako, Manex Fusch, Lorea Agirre eta Martxel Rodriguezen gidaritzapean. 19:00etan elkartuko dira, Kursaalean.

Gaurko ekitaldian ordezkaritza politiko eta sozial zabala biltzea espero da. Besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria han izango da. ELA sindikatuak ere parte hartzera deitu du. Agirre Lehendakaria Center-ek, Sabino Arana fundazioak eta Olaso Dorrea fundazioak finantzatu dute ekitaldia. 

ELAk Abertzaleon garaia, langileon aukera lelopean ospatuko du aurtengo Aberri Eguna. Apirilaren 30ean izango da. Egun horretarako onartu duen adierazpenean, azpimarratzen du aukera egokia dela «kontrabotere izan nahi duen klase sindikalismo abertzalearekiko konpromisoa berresteko». Izan ere, burujabetza politikoa eta soziala elkarri lotuta daudelakoan dago: «Bere marko politikoa erabakitzeaz gain aberastasuna justiziaz banatzen duena da benetan herri librea, jende guztiari duintasunez bizitzeko aukera ematen diona».

Horretarako gehiengo sozial zabalak behar direla dio, eta ELAk horren aldeko lanean segituko duela, «Euskal Herri solidario, aske, feminista eta euskalduna eraikitzeko, non funtsezko erabakiak ez dituzten eliteek hartuko, eta ez diren kanpotik inposatuko; aitzitik, bere herritarrek definituko dituzte, erabaki kolektiboen bitartez».

EAJk, urtero legez, Bilbora deitu militanteak Aberri Eguna ospatzera, baina igandean beste ekitaldi bat egingo du egun horren harira: Bidasoko Aberri Eguna. Aitor Esteban EBBren presidenteak, Unai Hualde NBBko presidenteak eta Nafarroako burukide eta Lesakako (Nafarroa) zinegotzi Ione Fagoagak hartuko dute hitza, Lesakan bertan, Harriondoa kultur etxean.

EH Bilduk, berriz, Iruñean ospatuko du Aberri Eguna.

Ipar Euskal Herrian, Bagira prozesuan elkartu diren eragileek batera ospatuko dute Aberri Eguna, Donibane Garazin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.