Batera, ortzi muga 2025ean jarrita

Aberri Egunaren bezperan, euskal nazioa aldarrikatu du EH Batera plataformak, Bilbon egindako ekitaldi batean. 2025era begira «ekitaldi indartsu bat» antolatzen saiatzeko konpromisoa hartu du, «Aberri Eguna denok batera ospatzeko».

EUSKAL HERRIA BATERA
Eragile ugari bildu ditu EH Batera-k gaurko ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko martxoaren 30a
17:07
Entzun

Aberri Eguna bihar izango da berez. Bihar egingo dituzte alderdiek eta eragileek euskal aberria aldarrikatzeko ekitaldirik handienak eta jendetsuenak. Baina ekitaldi «beharrezkoena» gaur izan da, Xabier Euzkitze Euskal Herria Batera-ko ordezkariaren hitzetan. Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzeko, ideologia eta arnasa diferenteetako hainbat eragile elkartu dira Bilbon, Campos Eliseos antzokian, plataformak deituta. Abertzaleen «bateratasuna» sustatu nahi dute: «Zerbait lortzekotan, egitekotan, izatekotan, elkarrekin izango da; bide hau elkarrekin abiatu beharrekoa da». Gogo horren adierazle, konpromiso «irmoa» hartu dute gaur EH Batera-ko kideek: datorren urtean «ekitaldi bateratu indartsu bat» antolatzen saiatzea, «Aberri Eguna denok batera ospatzeko».

Antzokiaren kanpoko aldean hasi da berez ekitaldia, kalean bertan. Sokadantzan batu dira hainbat lagun, 1932. urtean Bilbon ospatutako lehen Aberri Egun jendetsu hartan egin zuten bezala. Bi ikurrin handik gonbidatuak babestu dituzten bitartean, errepidean elkarri eskua eman diote, besteak beste, Amaia Agirre Bilboko jarduneko alkateak, Itxaso Atutxa EAJren BBBko buruak, Martin Aramendi UEMAko lehendakariak, Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak, Aize Otaño AEKren ordezkariak, eta Estitxu Garai, Iñaki Goirizelaia eta Xabier Euzkitze EH Batera-ko kideek; eta Elai Alai taldeko bi dantzarik gidatu dituzte barrurantz.

«Zerbait lortzekotan, egitekotan, izatekotan, elkarrekin izango da; bide hau elkarrekin abiatu beharrekoa da».

XABIER EUZKITZEEH Batera plataformako kidea

«Nor gara gu? Zer gara gu?». Galderoi erantzun nahian abiatu dute ekitaldi ofiziala. Garaik eta Goirizelaiak hartu dute hitza, eta azaldu dute euskal herritarrek maiz itaundu diotela bere buruari euskal izaera horren inguruan, «menderatu gaituzten estatuek guregan ezarri nahi izan duten ukazio nazionalaren ondorioz». Erantzunak, ordea, kanpoan bilatu dituzte, «gurera etorritakoek aski argi idatzi baitute gure lurren eta herriaren izaera propio eta desberdinduaz».

Burujabetza aldarri

Hala, berrespen horren lekukotzak aipatu dituzte. Hala nola Orson Wellesek adierazitakoa: «Hemen bizi direnak ez dira ez frantsesak eta ez espainiarrak. Euskaldunak dira». Wilhelm von Humboldt: «Inoiz ez dut ezagutu hain izaera nazional markatua mantenduko zukeen herririk». John Adams: «Herri harrigarri honek bere antzinako hizkuntza, izaera, gobernu legeak eta manerak gorde ditu». Katherine Douglas: «Bere banaketa politikoa zazpi probintzia ahizpek osatzen dute». Hain justu, errealitate hori, «atzerritarrek behin eta berriro adierazi digutena eta gure sen propiotik argi datorkiguna», Aberri Egunean ospatzen da. Hizlarien aburuz, oraindik beharrezkoa baita «Euskal nazioa badela ozen aldarrikatzea herrikideei, munduari eta, batik bat, berau ukatu nahi dutenei».

Musikaz eta dantzaz ere berretsi dute aldarrikapen hori. Eta Jon Maiak zuzendutako eta Mirari Martiarenak gidatutako ikus-entzunezko saio antzeztu baten bidez azaldu dute Euskal Herria zer den: nabarmendu dute, besteak beste, haur gehienek euskaraz ikasten dutela egun, nahiz eta aisialdirik ezin den ia kontsumitu euskaraz; Korrikan «zirrara nazional batek astindu» dituela euskaldunak azken egunotan; festa eredu propioa dutela herriek eta hiriek; memoria historiko komun bat badela...

«Eta horretaz guztiaz ezer ez dakien Euskal Herri zati bat ere badago gure auzo eta kaleetan». Baina parte horrek ere «euskal identitatearen eraikuntzan» egon behar duela gaineratu du Martiarenak: «Gure egunerokoak egiten gaitu herri, nazio; bilatu ala ez». Ideologiari, kontzientzia mailari, klase sozialari, bizitokiari eta beste aldagai batzuei ez ezik, «nazio bilakatzen gaituzten ezaugarri konpartituei» ere erreparatzera deitu du. Eta hausnartzera: «Mundu globalean nola biziraun da gure erronka; desagertu gabe, fosildu gabe, etengabeko eraldaketan, mundualdi bakoitzean egokituz, orain arte bezala. Dena errazagoa litzateke beste edozein naziok edo herrialdek duten burujabetza izango bagenu».

Estitxu Garai eta Iñaki Goirizelaia, gaur, EH Bateraren ekitaldiko mintzaldi nagusian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Estitxu Garai eta Iñaki Goirizelaia, gaur, EH Bateraren ekitaldiko mintzaldi nagusian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Eragile ugari

Askotariko eragile politiko, sozial eta sindikalak batu dira ekitaldian, eta, hura amaitutakoan, adierazpenak egin dituzte batzuek. EAJren izenean, Xabier Barandiaranek gogora ekarri du jeltzaleek 129 urte daramatela naziogintzan, «beti demokraziaren eta giza eskubideen bidetik», baina garrantzitsutzat jo du etorkizunera begira «oinarrizko ardatz komuna edukitzea». Elkargune horiek aipatu ditu EH Baiko kide Aitor Servierrek ere: «Bada elkartzen gaituen zerbait: bada bihar denok gure baitan izango dugun sentimendu komun bat». Nerea Kortajarena EH Bilduko ordezkariak berretsi du Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatu beharra: «Ez gara inor baino gehiago, baina bagara. Gure etorkizuna libre eta demokratikoki aukeratzeko eskubidea dugu».

Langileen ikuspegitik ere garrantzitsua da Euskal Herriak estatu tresnak edukitzea, LAB sindikatuko koordinatzaile orokor Igor Arroyoren arabera; hala, «nazio auziari buruzko eztabaida irekita dagoen honetan», aukera ikusten du Euskal Herriko hiru administrazioetan urrats gehiago egiteko bide horretan: «Lan harremanetarako eta elkarrizketa sozialerako esparru propioa eratzea ezinbestekoa da, euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko». Nekazaritzaren alorretik, herritarren beharrei subiranotasunez erantzuteko, Maite Aristegi Etxaldeko partaideak ere funtsezkotzat jo du «batasunetik aritzea eta bizitzak erdigunean jartzea».

Aukerak probesteaz mintzatu da Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramailea: «Abaguneak zabaltzeak erantzukizunez betetzen gaitu herritarrok eta eragileok: abagune horiei herri gisa erantzun behar diegu». Adostasunak jostera deitu du, eta tarteka «isilean» jardutera: «Sinergien garaia da, elkarrekin lan egiteko garaia: ez gara diagnostikoetan geratu behar; diagnostiko horiek gauzatu behar ditugu. Herri gisa, anbizio kolektiboa berreskuratu behar dugu». Azkenik, aurtengo apirilean 87 urte beteko dituen Gernikako bonbardaketa oroitu du Sabin Ibazetak, Gernika Batzordeko kideak: «Herri bat suntsitu nahi izan zuten, baina berpiztu egin ginen; aberri bat suntsitu nahi izan zuten, baina aberria zutik dago, eta batera indartsuagoa izango da».

biharKO EKITALDIAK

  • EAJ. Bilboko Plaza Barrian, 11:30ean, Indar berria lelopean. 
  • EH Bildu. Iruñeko Golem zinemetan, 12:00etan, Nazioa gara lelopean.
  • Bagira mugimendua eta EH Bai. Uztaritzen (Lapurdi), 09:30ean, Bagira prozesuaren ondorioen eta aurrera begirako bide orriaren aurkezpena; gero, manifestazio aldarrikatzailea eta herri bazkaria.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.