Batera-k deiturik, 1.200 lagunek blokeatu dituzte errepideak

Jendearen parte hartzeaz «pozik» agertu da plataforma; guztira zazpi gunetan dituzte bideak oztopatu

Urruñako elkarretaratzeko une bat. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jenofa Berhokoirigoin.
Miarritze
2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Batera plataformak deiturik, orotara, 1.200 lagun ziren atzo goiz hondarrean bideen blokeatzen aritu. Ekintza horren bidez, euskal lurralde elkargoaren eskaerari begira Frantziako Gobernuak zein tokiko hautetsi batzuk duten «blokeo joera» gaitzestea zen asmoa. Guztira, zazpi gunetan egon ziren: Urruñan 150 lagun, Miarritzen 300, Donazaharren eta Senperen 150, Kanbon 200, Maulen 160 eta Aiziritzen 100. Antolatzaileak «pozik» agertu dira izandako parte hartzeaz.

Orokorki arazorik gabe pasa zen bideen oztopatzea. Bakarrik Miarritzen zen Polizia blokeoaezeztatzen saiatu, baina laster konpondu zen egoera, eta protesta burutu ahal izan zuten. Autoetan ziren gehienek ere ez zuten begi txarrez ikusi blokeoa. Ibilbidea egiteko, beste bide batzuk proposatuak ziren, eta autoak banan-banan pasatzen ere uzten ziren. Polizia egon zen bertaratuetarik hurbil, zirkulazioa kudeatzen.

«Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izateko, ezagupen instituzionala nahi duten guztiei» ekintzan parte hartzeko deia egina zien antolatzaileek, eta milaz gora lagunek zuten erantzun.

Kultura, gizarte, sindikatu zein politika arloko dozenaka egitura izanki Batera plataformako kide, bertaraturiko jendea aniztuna izan zen. LAB, CFDT eta ELB sindikatuetako kideak agergai ziren, eta Batasuna, AB, EA eta Modem alderdi zentristakoak ere ikusgai ziren, besteak beste. Seaska eta Cimade elkarteko kideen gisara, beste elkarte anitzetakoak ziren ere bertaraturik. Baina, horien ondoan, gehiengoa herritar gisa joan zen, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala galdatzera. «Batera-k dituen lau aldarriak ez ditugu oraindik lortu; gaur egun arras posible litzateke lurralde elkargoaren gauzapena», erran zuen Chantal Torrek, blokeatzen zebilela, eta gehitu zuen Frantziako presidentetzarako hauteskunde garai honetan «oso garrantzitsua» dela aldarrien entzunaraztea.

«Blokeoak aski iraun» duela erratera etorria zen Mattin Ihidope gaztea ere. Nicolas Sarkozyren osteguneko bisitaren ondotik UMPkoek Batera-ri buruz egindako adierazpenak begi txarrez ikusi ditu: «Hemengo hautetsi batzuek tamalez dena nahasten dutela agertu da; gaurko ekintzak gauzak berriz argitzen ditu».

Eguerditan ireki zituzten berriz bideak.

«Larderia» salatu du

Ostegunean Baionan egindako bisitan izandako «larderia eta bortizkeria» gogor salatu zuen atzo Nicolas Sarkozyk Bordelen egindako bilkura publikoan. Bertan «euskal separatistak» egon zirela deitoratu zuen. Horiek «Frantziaren aurka herra itsua daukan gutxiengo txiki bat» osatzen dutela erran, eta «edozer egiteko prest» direla gehitu zuen. Alderdi sozialistako kideak ere egon zirela gaitzetsi zuen.

Aurkako ideiak dauzkana «errespetatu» beharra dela oroitarazi zuen, baina ezin daitekeela «gizatxar baten gisa aritu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.