Ez dugu inolako eraso sexista, arrazista, sexu disidenteen aurkako eraso nahiz beste inolako erasorik onartuko. Hala zioen atzo Usurbilgo frontoiko (Gipuzkoa) ezkerparetak. Beste aldeko pankartak, berriz, hauxe: Autodefentsa feminista. Herrian zerbait egosten ari zen seinale. Hain zuzen, atzo hasi zen eta bihar amaituko da Euskal Herriko Neska* Gazteek antolatutako Baterajotzea, Usurbilen, Utopiak lehertzeraino lelopean. Ehunka feminista elkartzekoak dira, eta azaroaren 30eko greba feminista orokorra dute egunotako gogoetagai nagusietako bat.
Lo zakuak, kanpadendak eta esterak ziren protagonistak atzo arratsaldean Usurbilgo kaleetan. Eta jendea. Ehunka feminista gazte. Baterajotzea hastear zen. Kaleek ere seinale zuten. Pankartak batean eta bestean: Gure iraultza feminista da aldarrikatzen zuen plazan jarritako batek; eta pilotaleku albokoak greba feministari egiten zion keinu: Neska* gazteok ez dugu sistema hau zainduko.
Ehuntzeko eta jarraitzeko
Antolaketa lanetan atzera eta aurrera zebilen Maider Barañano, Euskal Herriko Neska* Gazteak sareko kidea. Bi urtez behin egin ohi duten ekintza garrantzitsua iruditzen zaio. Batetik, Euskal Herriko taldeak saretzeko. Bestetik, aurrerantzean izango dituzten erronkak eta eginbeharrak zehazteko: «Erronka bada aurrera begira gure lan lerroak zeintzuk izango diren zehaztea, nondik egin nahi dugun pentsatzea». Gainera, Baterajotzea baliagarria dela iruditzen zaio «motibatzeko eta lanean jarraitzeko» ere.
Azaroaren 30eko greba feministaren atarian antolatu dute. Barañanok azaldu duenez, Euskal Herriko Neska* Gazteak mugimendu feministaren parte dira, eta, hortaz, Baterajotzea baliatu nahi dute grebari egin diezaioketen ekarpena aztertzeko, «mugimendu feministak jarri duen erronkari» nola erantzun eztabaidatzeko. Uste dute beraiek ere eman diezaioketela grebari: «Greba hori antolatu behar da, greba hori aurrera atera behar da, eta aurrera atera behar da lantokietan, eta gure kasuan, ikastetxeetan, unibertsitateetan eta gu gauden leku horietan guztietan».
Baina ez da izango landuko duten gai bakarra. Barañok esan du, adibidez, gero eta ugariagoak direla emakume gazteen eta beste kolektibo batzuen aurkako erasoak, eta, gainera, bizitzak garestitzen eta «prekarizatzen» ari direla, besteak beste. Hortaz, ekiteko beharra ikusten du: «Uste dugu antolakuntza bide bat dela. Utopietara iristeko alternatibak gaurtik pentsatu behar dira, proiektu konkretuetatik».
Atzo hasi ziren jada.Neska* Gazteok Utopiak Lehertzeraino! mahai ingurua egin zuten. Lau talde feministatako kideak aritu ziren hizlari: Haziak-eko Nerea Zubizarreta, Intziriko Malen Letamendia, Kalamiak-eko Amaia Bosque eta Iruñerriako Amaiur Arguiñena. Bakoitza beretik aritu zen, bere herritik nahiz auzotik, baina guztiak batzen dituzten gaiak izan zituzten hizpide: erasoen aurkako protokoloak, mugimendu feministaren «kriminalizazioa», feministen babes sareak, erakundeen oztopoak...
Gaurko eta biharko egitaraua ere prest dute Usurbilen. Gaur, 10:00etan, subjektuaren inguruan eztabaidan arituko dira mahai inguru batean. Segidan, zenbait tailer eta hitzaldi egongo dira aukeran, eta bazkaldu egingo dute eguerdian. 16:00etan, mahai inguru zentrala izango dute azaroaren 30eko greba feminista orokorrari buruz, eta 18:30ean, mobilizazioa egingo dute. Eguna amaitzeko, afaria eta kontzertuak egongo dira.
Batera (des)eraikitzeko
Euskal Herriko Neska* Gazteek antolatuta, Baterajotzea egiten ari dira asteburuan, Usurbilen. Azaroaren 30eko greba feminista orokorra izango dute ardatz nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu