Batasunak indar metaketa eta konponbidea lehenetsiko ditu

Euskal Herria Bai sendotu eta iraunkortu behar dela dio, gizarte oinarriari bertan parte hartzeko aukera emanez

Xabi Larralde eta Jean Francois Lefort Lof, Batasunaren Biltzar Nagusiko ebazpenak azaltzen. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoaren konponbidea suspertzea eta abertzaleen arteko elkarlana indartzea lehenetsi zituen Batasunak joan den larunbatean Hazparnen egindako Biltzar Nagusian. Xabi Larraldek eta Jean Francois Lefort Lof-ek nabarmendu zuten larunbatean berean Baionan izandako manifestazioa inoiz izan den «zabalena eta jendetsuena» izan dela bai kopuru aldetik, bai alderdi eta sindikatuek bertara igorri zuten ordezkaritzari dagokionez. Azken bi egunetan Frantziako Poliziak egin dituen hiru atxiloketak prozesuaren aurkako «probokazio hutsak» direla azaldu dute. Frantziaren axolagabekeria handia eta arriskutsua dela gaineratudute.

Ehun militantetik gora elkartu ziren Biltzar Nagusian, eta bi atal nagusitan hartu zituzten erabakiak, ondoko urteei begira. Batetik, gatazkari dagokionez, konponbide prozesua suspertzea deliberatu zuten, gatazkaren ondorioak gainditzeari lehentasuna emanez. Atal horretan, presoak etxera ekartzea lehentasuna dela azpimarratu zuten, eta militante eta gizarte zabalari dei egin zieten urtarrilaren 7an Bilbon egitekoa den presoen aldeko manifestazioan parte hartzera.

Konponbide prozesuak integrala izan behar duela nabarmendu dute, eta alderdi zein eragile guztiek bertan parte hartzeko aukera izan behar dutela. Horretarako, dei zabala egin diete Ipar Euskal Herriko alderdi eta eragileei, mahai baten inguruan bildu eta Ipar Euskal Herriak behar duen instituzioari buruz akordio bat egiteko eskatu diete. Denon artean Ipar Euskal Herriaren esparru instituzionala zehaztu behar dela azaldu dute.

Abertzaleen elkarlana

Batasunaren Biltzar Nagusiak Euskal Herria Bai egituraren aldeko parioa berretsi du. Alta, Batasunaren iritziz, EH Bai ezin da hauteskundeetarako tresna soila izan. 2012an Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak eginen dira, eta aukera hori baliatuz, «eskuin eta zentroko jauntxoen aitzinean», EH Bai egiazko alternatiba izan daitekeela berresten dute. EH Bai aldaketaren eragile bihur daitekeela azaldu dute. Baina helburu hori lortzeko EH Bairen egituratzea aldatu behar dela jakinarazi du Batasunak.

Gaur egun EA, AB eta Batasuneko zuzendaritzek bat egiten dute EH Bain, baina alderdi bakoitzak nahi dituen erabakiak hartzen ditu eta erabaki horien osagarritasuna eztabaidatzen da EH Bairen barnean. Jokabide horrek etengabeko barne negoziazioa inposatzen du eta eraginkortasuna mugatzen du. Hori gainditzeko, beren burua ezkertiar eta abertzaletzat daukaten herritarren partehartzean oinarritu behar dela ondorioztatu du Batasunak. «Hauteskunde programa, hautagaiak eta bigarren itzulirako aliantza sistemak ere oinarriko militante guztien artean finkatu beharko lirateke, hori baita jokabide demokratikoena». EH Bairen ibilmoldea «aldatzea, indartzea eta hobetzea» proposatuko diete ondoko egunetan EAri eta ABri, koalizioko partaideei.

Batasunaren iritziz, elkarlana ezin da bakarrik hauteskundeetarako izan. «Beren burua ezkertiar eta abertzaletzat daukaten militanteak elkarrekin aritzea eskatzen du ziklo berri honek». Alderdi abertzaleak era «paralelo» batean dihardutela nabarmendu du Larraldek. Ibilmolde paralelo horrek fase berriari ekiteko egiturarik ez duela eskaintzen azaldu du.

Behin-behineko elkarlanaren logika gainditu eta egitura egonkorrak osatzea hobesten du Batasunak. «Elkarlanerako akordio orokor bat erdiestera jo behar dugu». Hauteskundeez gain, konponbide prozesuaren garapena, aldarrikapen instituzionalaren lanketa, nazio eraikuntzaren kudeaketa eta borroka sozialaren suspertzea akordio horren barnean egon behar direla azpimarratu dute. Ondoko egunetan, hitzorduak eskatuko dizkiete AB, EA eta Autonomia Eraikiri, elkarrekin lantzeko proposamen estrategiko hori, «Ipar Euskal Herrian ere mugimendu abertzaleak beste fase bat ireki ahal izateko».

Borroka sektorialak

Krisialdiak mundua inarrosten duen unean, Euskal Herritik eta ezkerreko balioen bitartez erantzun behar zaiola dio Batasunak. «Borroka sozialak eta sektorialak indartu behar dira, horren inguruan ezkerreko indar metaketa berria sortzeko». Hizkuntzaren arloari ere lehentasuna eman nahi dio Batasunak, eta ondoko hilabeteotan indartuko du euskararen ofizialtasunaren aldeko borroka esparrua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.