Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Bataila baten azken arrastoak

Euskal Herrian sortu zen UPD, duela zortzi urte. Babes txikia izan du hemen, eta Espainian duena galdu egingo du Ciudadanosen mesedetan.

UPDko Consuelo Ordoñez, Maite Pagazaurtundua eta Fernando Savater, azaroan, Donostian. GORKA ESTRADA / EFE.
jokin sagarzazu
2015eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako bipartidismoa amaitzea helburu zuen alderdiak Kataluniako anaiak azpiratua amai dezake. Hil edo biziko hauteskundek izango ditu UPDk, Gorka Maneirok aurkakoa uste arren. «Ordezkaritza lortuko dugu, eta, Espainian jokoan zer dagoen ikusita, inoiz baino beharrezkoak izango gara». BERRIAren aurrean baikor azaldu da Eusko Legebiltzarreko hautetsia. Bera da UPDk Euskal Herrian inoiz izan duen ordezkari bakarra. Alderdiak bost diputatu ditu egun: Madrildik lau eta Valentziatik bat.

Sortzez, Euskal Herrian ditu sustraiak, baina Madrilen dauka burua. Bi bake prozesuren arteko su gurutzatuen erdian sortu zen UPD. Lizarra-Garazitik Loiolara bidean, Ermuan; 1997an, ETAk Bizkaiko herri horretako PPren zinegotzi Miguel Angel Blanco hil ostean piztu zen Ermuko espirituaren errautsetatik. Sortze prozesu geldoa izan zuen, baina. Eusko Legebiltzarreko 2001eko bozetan eratutako Mayor Oreja-Redondo Terreros (PP eta PSE) tandemaren porrotaren ostean, sozialistek egindako norabide aldaketarekin eta geroago Zapateroren gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioekin kritiko ziren PSEko kide batzuk bilduz joan ziren. Eta garai hartan PSE eta PSOEko idazkari nagusi izateko lehiatu zen Rosa Diezengan jarri zuten arreta.

Baina jatorria Basta Ya-n dauka UPDk. Jose Maria Aznarren gobernuak (PP) lagundutako ETAren indarkeriaren biktima batzuek hauspotu zuten mugimendu hori. Haiei gehitu zitzaizkien Madrilera babes bila joandako batzuk. Horiek osatu zuten UPDren hazia: PRO plataforma. Besteak beste, Fernando Savater, Aurelio Arteta, Mikel Buesa eta Carlos Martinez Gorriaran irakasleek, Agustin Ibarrola eskultoreak, eta Mario Vargas Llosa idazleak, Albert Boadella aktoreak ... Plataforma horrek zehaztutako oinarrien gainean sortu zuten UPD: ETAren eta «derrigorrezko nazionalismoaren» aurkako borroka, estatu federal eta zentralistaren defentsa, eta «erregenerazio demokratikoa». «Asmatu genuen. Egun, gehiengoak defendatzen ditu ideia horiek. Eta gu izan ginen lehenak bipartidismoa kolokan jartzen», dio Maneirok.

Koiuntura politikoa dela-eta, arrakasta mediatiko azkarra izan zuen UPDk, urte bat lehenago eta xede berberekin sortu zen Kataluniako Ciutadansek baino babes handiagoa izan zuen. Anaiak izan arren, harremanak gutxi iraun zuen, 2008ko Espainiako bozetarako eraitsi zituzten zubiak. Eta batera aritzeko aukera eskaini dietenean, ez dute nahi izan, Diezen ezezkoagatik, UPD utzi dutenek esan ohi dutenez.

«Diezengatik eta eztabaida eta kritikarik onartzen ez duen aparatu sektario baten jarreragatik utzi nuen alderdia». Hala argudiatu zuen bere dimisioa Nicolas De Miguel Gipuzkoako koordinatzaile ohiak eta egun Ciudadanoseko EAEko bozeramaile denak. «Dena den, ez dut sentitzen proiektuz aldatu dudanik; bai barkuz. Gauza bertsuak defendatzen nituen orduan eta orain», esan zion kazeta honi, abuztuan.

Maneirorentzat, ordea, «oso diferenteak» dira bi alderdiak, Ciudadanosek ideia batzuk «bereganatu» arren. «PPren politikak egiten dituzte». Kataluniako egoera dela eta, haiek komunikabide handien babesa dutela kritikatu du. «Guri bizkarra eman digute». Lehen ez bezala, euskal gatazka Madrilgo tertulietan gai nagusia zenean ez bezala.

Rosa Diez. Zerura igo zuten berberak dira orain sutan erre nahi dutenak. Sei urte iraun zuen UPDren goraldiak —nahiz etainon eta inoiz ez duen izan gobernabiderako giltzarik—, eta iaz hasi zuen gainbehera. Aurtengo udal bozen ondotik hilzorian da, finantzaketa arazoekin eta militantez hustua. Diezek erabaki du Gorteetarako bozetan ez aurkeztea, baina ez du dimititu. Ia zortzi urte geroago, hasierako berberek eusten diote UPDren lemari. Euskal Herrikoek. Bataila baten azken arrastoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.