Bat Gara prozesu independentista abiatu dute

Euskal estatuari buruzko gogoeta bat abiatu nahi dute, eskualdekako bilkurak eginez. Askatasunaren alde non edo non ari diren eta aritu nahi duten guztien bilgune bat sortzeko borondatea agertu dute.

Ikurrina, manifestazioa batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ikurrina, manifestazioa batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko urriaren 31
10:31
Entzun

Euskal Herriko hainbat independentistak Bat Gara prozesua abiatu dute, euskal nazioarentzat desio duten estatu euskaldunari buruz gogoeta egiteko. Bilkurak eginen dituzte tokian-tokian ondoko asteetan, eta abenduaren 7an Durangon (Bizkaia) batzar nazionala eginen dutela iragarri dute. Galdera hau eman dute prozesuaren abiapuntu gisara: «Euskal nazioarentzat nahi dugun estatu euskaldunak nola gauzatuko luke egiazko demokrazia?».

Agiri batean azaldu dutenez, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea birdefinitzeko 2022 eta 2024 artean eraman den Bagira prozesua izan zen abiapuntua. «Prozesuaren emaitzan aipatzen da abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela, eta adierazten da boterea itzultzeko herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaini behar zaizkiola», esplikatu dute. «Zehazten da, gainera, herri baten burujabetza maila maximoa estatu independente baten bitartez lortzen dela. Horrez gain, mugimendu abertzalea demokraziari atxikia dela goraipatzen da».

Bagira prozesua «gogoetak sakondu» beharko liratekeela adieraziz bukatu zela erran dute. Horri segida ematea da Bat Gara prozesua abiatu dutenen borondatea. Bagira-n parte hartu zuen Nafarroa Behereko abertzale talde batek bultzaturik, Ipar eta Hego Euskal Herriko hainbat eskualdetatik etorritako hogei independentistak bilkura egin zuten irail hasieran Donibane Garazin. Hor erabaki zuten Bat Gara prozesu berria abiatzea, Euskal Herri osoan eta nahi duten euskal herritar guziei irekia. 

Abiapuntu gisa, hainbat kontzepturen definizioa adostu dute, hala nola euskal, independentzia, estatu, nazio, burujabe eta demokrazia hitzena. Gogoeta abiatzeko, «egiazko demokrazia izateko oinarrizko arauak» zein diren zehaztu nahi dute. «Zein arau behar dira boterea egiazki herritarren eskuetan izateko?». Ondotik, «boterea egiazki herritarren eskuetan izateko, lokaletik nazionalera instituzio politikoak nolakoak izan behar diren» zehaztuko dute. 

Bat Gara prozesua «hasieran» dagoela adierazi dute antolatzaileek. «Gai honetaz axola duten guztiak dira ongietorriak prozesura, askatasunaren alde non edo non ari diren eta aritu nahi duten guztien bilgune bat sortzera baitator». Ondoko asteetan, bilkura publikoak antolatuko dituzte, eskualdez eskualde, gogoetan esku hartu nahi duen orori aukera eskaintzeko. 

Herriz herriko bilerak

  • Iruñea: Laban, azaroaren 2an, 18:00etan. 
  • Larzabale: Espelletenian, azaroaren 9an, 10:30ean 
  • Baiona: Epaiskan, azaroaren 9an, 15:00etan 
  • Gasteiz: Sumendi gelan, azaroaren 12an, 18:00etan 
  • Baigorri: Bixentaenian, azaroaren 15ean, 18:30ean 
  • Hendaia: Enbata gaztetxean, azaroaren 16an, 11:00etan 
  • Donostia: Okendo kultur etxean, azaroaren 16an, 10:30ean 
  • Hazparne: Eihartzean, azaroaren 23an, 15:00etan 
  • Atharratze: Prefostan, azaroaren 30ean, 18:30ean 
  • Bilbo: Kafe Antzokian, azaroaren 30ean, 10:30ean. 

Biltzar nazionala

  • Durangon, abenduaren 7an, 12:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.