Urmarako bere estudio-museoan (Alkiza, Gipuzkoa) prest ditu pieza guztiak Koldobika Jauregik. Bi hilabete izan ditu esku artean, baina laster ihes egingo diote. BERRIArekin hitzordua egin duenean —asteazken goiza da—, ordu gutxi falta dira Arbolaren egia osatuko duten eskulturaren xafla handiak kamioian sartzeko eta Baionara garraiatzen hasteko; han, udaleko langileak arduratuko dira muntaketaz.
Urtebete egin du ETAren armagabetze egunerako Gara egunkariak bere azalerako eskatutako irudia eskultura bilakatzeko bideak. «Ipar Euskal Herrian prozesua hartzen ari den abiadura berarekin aritu gara lanean», adierazi du. Baina sortzea «oso azkarra» izanda ere, pozik agertu da emaitzarekin eta, bereziki, prozesuarekin: behetik gorakoa.
Azaldu duenez, lehenik, Bake Bideko eta Bakegileen taldekoek hartu zuten eskultura egiteko «enkargu zibila». Gero onartu zuen Baionako Udalak. «Oso inportantea da jakitea hori: Frantziako instituzioen babesa du lanak. Prozesu honetan denek parte hartu dute. Eta ez zuten erraza, atzean duten presio politikoa eta mediatikoa kontua hartuta», aitortu du egileak. Asteon, esaterako, ETAren indarkeriaren biktimen elkarte batzuek eskultura ez jartzeko eskatu diote udalari, obraren parte den aizkorak ETA irudikatzen duelakoan. Jauregik azpimarratu du bere asmoa ez dela izan inor mintzea.
Herenegun iluntzean, udalbatzarrak berretsi zuen eskultura jartzea, 43 hautetsietatik 23ren babesarekin —parte hartu zuten guztiena—. Besteetako batzuen ustez, eskultura jartzeko unea eta lekua ez dira egokienak; bereziki, han gutxi barru egingo dituzten indusketa arkeologikoengatik. Ohartarazi dute, halaber, lanak pertsona batzuk mindu ditzakeela. Jean Rene Etxegarai auzapezak eta Euskal Elkargoko lehendakariak eskatu die interpretazio maltzurrik ez egiteko, eta ziurtatu du lana bat datorrela bake prozesuaren espirituarekin.
Etxegarairekin hartu duen «sorpresa atsegina» azpimarratu du Jauregik, une oro proiektuarekin eta berekin izan delako. Ondo gogoan du bildu ziren lehenengo aldiko «galdera zuzen hura»: «'Zuk zer zerikusi duzu historia honetan?'». Eta berak erantzun ziona. «1959an jaiotakoa naizela, ETA sortu zen urtekoa. Eta 59 geroago amaituko dela: nire bizitza osoa dagoela hor, baina lana herritarrena izatea nahi dudala; horrela ulertzen dudala nik artistaren konpromiso soziala».
Soluzioa, soluziorik eza
Roland Barthes semiologoaren izena daraman Baiona Ttipiko zelaigunean paratuko dute eskultura. Igandean inauguratuko dute. Han egongo da denbora batez; ondoren, aipatu indusketengatik desmuntatuko dute, eta gero itzuliko horra. Jauregi kontent da kokapenarekin. Nabarmendu du handik gertu —Herriko Etxeko antzokian— «sinatu» zutela ETAren armagabetzearekin loturiko agiriak, han daudela Administrazioaren eraikin nagusiak, eta, «bereziki», unibertsitatea. «Nahiko nuke gazteengan piztea interesa. Jakin dezaten herri honetan zer gertatu den. Gainera, leku horretatik askotariko jendea pasatzen da, gurutzatzen da». Ideologia eta belaunaldien «elkargune» izan nahi du lanak.
Eskultoreak gaineratu duenez, eskultura bilakatzeko prozesuak ere horixe bilatu du: azaldu du obrak bereganatu dituela azken denboran Ipar Euskal Herrian garatu duten «lan moldea». «Jada ez da egunkari jakin baterako eginiko irudi bat, edo ETAren armagabetzeari buruzkoa. Hori eta gauza gehiago da. Pentsatu behar dugu instituzioen babesa duen heinean, alde eta kolore guztietako jendea irudikatua sentitu behar dela hor: euskaldunak eta frantsesak, ezkerrekoak eta eskuinekoak. Konponbide prozesua bezala, soluzioak ezin du izan alde baten aldekoa soilik».
Horregatik, Euskal Herriarekin loturiko bi sinbolori —zuhaitzari eta aizkorari— beste dimentsio bat eman nahi izan die autoreak. «Europako tradizioan zuhaitzak izan dira elkargune bat politika egiteko, justiziarako... Euskaldunentzat Gernikako Arbola izan den bezala, paristarrentzat izan da Saint Gervaiseko zumarra, alsaziarrentzat Gewenheimeko ezkia, normandiarrentzat Gisorseko zumarra, eta Galizian eta Gaztelan ere badituzte horrelakoak». Hori hala izanik ere, Jauregik euskal gatazkari loturiko eskultura bat egin duela azpimarratu du. «Azaltzen den zuhaitza Gernikakoa da, handik sortutako arazo bat delako gaur egun konpondu nahian gabiltzana. Orain dugu garaia denon artean ongi ixteko».
Eskultoreak azaldu duenez, bere asmoa ez da izan «hildakoak gogoratzea-edo», izan da «bizirik dagoenari heltzea». Horregatik, bere lehen asmoa izan zen inguruko arbola bizi bati lotzea aizkoraren kirtena. Baina, azkenean, arrazoi teknikoak eta espazioari loturikoak direla tarteko, burdinazkoa egitea erabaki dute.
Dimentsio handiko eskultura bat da Arbolaren egia —zehaztu du izena ez dela berea, adosturikoa dela—: zortzi metro luze da, lau metro zabal, eta 2,5 tonako pisua du. Arbolaren adaburuko forja lana nabarmendu du Jauregik. Juantxo Garmendia errementari eta lagunarekin egin du, Asteasun (Gipuzkoa). «Maitasun handiz eginiko pieza da hori».
Esanahiari dagokionez, aitortu du interpretazio ezberdinak egin daitezkeela obrari buruz. Bi, bereziki: arbolatik sortu dela aizkora, eta alderantziz, edota aizkora lurperatu dela, aizkora indarkeriaren sinbolo gisa ulertuta. Horrekin lotuta, Jauregik azpimarratu du bere asmoa ez dela izan bi elementuak bereiztea, baizik eta batzea. «Bipolaritatea izan da eta da gure herrian beti izan dugun arazoetako bat. Ezin da ukatu gure historian aizkora hor egon dela, horrek min asko ekarri duela, baina ezin da ukatu, era berean, hori nonbaitetik sortua dela».
Lanak, halaber, badauka interpretazio «poetikoago» bat, Japoniako kulturarekin loturikoa. «Aizkoraren kirtenetik berriro berdetu egiten da arbola, arbola sortzen da berriz, eta amaitzen da biolentzia». Jauregiren arabera, puntu horretara iristean soluziorik ez duen planteamendu bat sortzen da: «Biolentziak jada ezin du berriz bueltatu arbolaren kontra, behingoz bat eginik geratu direlako».
Bakegintza. Foroa
Bat eginda, «behingoz»
Udalak eskatuta Koldobika Jauregi eskultoreak euskal gatazkari buruz eginiko lan bat inauguratuko dute bihar Baiona Ttipian, Roland Barthes zelaigunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu