Zubia izan zen ikur aurreko Korrikan: Santiagoko zubia, Hendaia eta Irun artekoa, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko lotura, Frantziako eta Espainiako estatuen arteko muga. Korrikako kilometro hori elkarrekin egin zuten euskalgintzako eta erakundeetako eragileek, mugen gainetik bat egitearen garrantzia irudikatu nahirik. Batzuk zuen leloa 20. Korrikak. Klika da aurtengoaren goiburua, eta zubitik mahastira egin dute jauzia: Bastidan (Araba) bildu dira. Bastidan, Euskal Herri ertzean, euskara ahulen dagoen lekuetako batean. Mahasti artean, euskararen aldeko konpromisoak ereiteko mezuarekin. Datorren Korrika aurretik zer urrats egin, konpromiso batzuk hartu dituzte.
Seigarren eguna Araban egin zuen atzo 21. Korrikak. Sakanatik barrena irten zen Nafarroatik goizaldean, eta, besteak beste, Arabako Lautada, Mendialdea eta Errioxa igaro zituen arratsalderako. Iluntzean, Trebiñun, kilometro esanguratsua egin zuten, mugarria: 1.280 zenbakia daraman kilometroa, Korrikaren ibilbideko erdia. Ohi duten eran, ospakizun berezia egin zuten furgonetetako partaideek, xanpain eta guzti. Trebiñuko bidea esanguratsua izan ohi da aldiz aldi: Araba erdialdean egon arren, administrazioaren aldetik Gaztela eta Leongo erkidegoan dago, eta euskarak ez du ofizialtasunik. Eskari hori gogoan hartu dute bart arratsean.
Mendialdean bide gorabeheratsua egin zuen lasterketak goizean; gorabeheratsua, bideko aldapetan eta bihurguneetan, eta gorabeheratsua, jende kopuruan. Herriguneetan, bai, jendea bildu zen mardul, baina herri batetik besterako kilometro luzeak talde txikiagoetan egin zituzten. Errepide bazterrean, eskola ume ugari. Ingurukoak, eta beste eskualde batzuetatik joandakoak; Maeztu aldean zebiltzan, adibidez, Oiongo ikastolako ikasle-irakasleak. Arratsean igaro zen Korrika herri horretatik, eskola garaitik kanpo, eta gaztetxoak Korrikara hurbiltzeko asmoz joan ziren Maeztura.
«Bazterretik erdigunera»
Antzeko keinu bat egin nahi izan du AEK-k elkarlaneko kilometroa Bastidan antolatuta. «Bazterretik erdigunera» joateko nahia irudikatu nahi izan du. Aro berriari klika lelopean egin zuten ekitaldia Bastidako plazan, eta elkarrekin joan ziren herri sarrerara, bertan kilometroa batera egiteko. Besteak beste, erakundeen izenean han ziren Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria eta Beñat Arrabit Euskal Elkargoko ordezkaria; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako arduradunak ere bai. Euskalgintzatik, besteak beste, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabal eta BERRIA Taldeko kontseilari ordezkari Iban Arregi joan ziren ekitaldira.
Euskaraldiarekin zuzeneko lotura du aurtengo Klika leloak, eta haren segida gisa irudikatu zuten elkarlaneko kilometro hori: euskaldunek egin zutela urratsa Euskaraldian, eta eragileen txanda ere badela. «Normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatuta», ohartarazi zuten Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaileak eta Asier Amondo Korrikako zuzendariak. Hain justu, ikuspegi hori irudikatzeko, 30 eragilek baino gehiagok gisa bereko konpromiso hartze bat egin zuten Korrikaren aurretik, Albaolan egindako ekitaldi baten bidez; tartean ziren talde politikoak, sindikatuak eta gizarte eragile batzuk.
Euskalgintzako eragileek eta erakundeek hartutako konpromisoak orokorrak dira, oro har. Lankidetza ildoetan sakontzea aipatu dute ia guztiek. Kontseiluak, adibidez, hau: «Eragile sozialen, herritarren eta eragile politikoen adostasun berria eraikitzeko prozesua garatzea». Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aipatu du horretarako oinarri gisa. Erakundeek ere azaldu dute asmoa elkarlan bidea zabaltzeko. Euskaltzaleen Topaguneak beste zabaltze bat aipatu du: «euskaltzaleen mugimendua hedatzeko» plan bat egingo du. Erakundeei dagokienez, gehienek aipatu dute zerbitzuak euskaraz bermatzea. Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak elkarrekin sinatu dute agiri bat; gazteekin truke egonaldiak egitea izenpetu dute.
Arabako ibilbide gehiena gaur goizean amaituko du Korrikak, Aiaraldean. Bizkairako joko du handik: Basaurin izango da 11:00 alderako, eta, besteak beste, Txorierri eta Uribe Kosta igaroko ditu.
21. Korrika. Agurain-Argantzon
Bat egin ostean, erein
Euskalgintzako taldeek eta erakundeek elkarrekin egin dute Korrikako kilometro bat. Lankidetza irudikatzeaz harago, beste helburu bat izan du AEK-k: eragileek ere konpromisoa hartzea, uste baitute norbanakoen hautua bakarrik ez dela aski
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu