Basurtuko bihotz kirurgia ez lekualdatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak

Gurutzetako Bihotz Kirurgia Zerbitzuarekin bateratuko dute, eta bi egoitza izango ditu. Akordioa sinatu ostean, kardiologoek kendu egingo dituzte lekualdaketaren aurka jarritako salaketak.

Basurtuko ospitalea (Bilbo) kanpotik. Artxiboko irudia. JAVIER ZORRILLA / EFE
Basurtuko ospitalea (Bilbo) kanpotik. Artxiboko irudia. JAVIER ZORRILLA / EFE
iraia vieira gil
2024ko uztailaren 11
20:00
Entzun

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur iragarri du ez dutela lekualdatuko Basurtuko ospitaleko (Bilbo) Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua Gurutzetako ospitalera (Bizkaia). Jakinarazi duenez, bihotzeko gaitzak artatzeko zerbitzuak bi egoitza izango ditu aurrerantzean: Basurtuko ospitalea eta Gurutzetakoa. Hain zuzen ere, erietxe bietako bihotzeko kirurgia zerbitzuak elkartuko dituzte, eta tratamenduak eskuratzeko itxaron zerrendak bateratuko dituzte. Jasaten dituzten osasun arazoen arabera antolatuko dituzte pazienteak, behar bezalako garrantzia emanez gaixo bakoitzak bizirik iraungo duenari eta bizi kalitateari. «Emaitzarik onenak eskainiko dituen zerbitzua garatu nahi dugu», adierazi du Martinezek. 

Basurtuko ospitaleko Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuaren aldeko borrokak luze iraun du, ordea. Hain justu, duela bi urte baino gehiago iragarri zuen Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak zerbitzu hori ospitalez lekualdatzeko erabakia, eta horrek hainbat protesta eragin zituen osasun sektorean. Are gehiago, Osakidetzako kardiologoek lekualdatzearen aurkako zenbait salaketa jarri zituzten Arabako administrazio auzitegian lehenengo eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian ondoren. Lekualdatzeak pazienteei kalte egingo ziela arrazoitu zuten osasun langileek, eta, azkenean, Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua lekualdatzeko proiektua behin-behinean eteteko agindu zioten auzitegi biek Eusko Jaurlaritzari. Gobernuarekin sinatutako akordioaren harira, salaketak kentzea erabaki dute orain kardiologoek.

Martinezen ustez, elkarrizketa da osasun sistema publikoa indartzeko biderik onena. Alde horretatik, kardiologoei eskerrak eman dizkie, Eusko Jaurlaritzaren proposamena onartzeagatik, eta «ikuspuntu bateratuen garrantzia» aipatu du. Eta zehaztu du: «Helburu nagusia da osasun zerbitzu bikaina lortzea. Bihotzeko kirurgia behar duten pazienteei emaitzarik onenak bermatu nahi dizkiegu». Izan ere, espero du Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuan egindako aldaketek gaitasun handiko teknika konplexuen garapena erraztea etorkizunean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.