Hilabete eskas igaro da Debako (Gipuzkoa) ezbeharra gertatu zenetik: basurde uxaldian zebiltzan ehiztarietako baten tiroak buruan jo zuen 75 urteko emakume bat, etxean zela, eta hil egin zuen. Basurdeen (Sus scrofa) gainpopulazioan jarri dute arreta ENBA Euskal Nekazarien Batasunak eta Gipuzkoako Ehiza Federazioak. Gero eta albiste gehiagotan ikusten da basurdea basotik irten eta herrietara jaisten dela janari bila: Gasteizen, adibidez, basurdeak dabiltza Salburua parkean; Bidarten ere (Lapurdi), hondartzaren ondoan atzeman dute makina bat basurde.
Iñaki Etxebestek argitu du urtetik urtera gero eta basurde gehiago dagoela eta, horren ondorioz, zabaldu egin dela euren bizitzeko eremua. Tantai Baso Jabe Kooperatibako biologoa eta baso kudeaketako aditua da Etxebeste.
Hainbat zalantza eta galdera sortu ohi dira basurdearen gainpopulazioaren inguruan, askotan, erantzunik gabekoak: ea basurdeak herrigunea bereganatzen ari ote diren edo gizakiek kendu dieten natura eremua; ea etikoak eta eraginkorrak ote diren gainpopulazioa kontrolatzeko hartzen diren neurriak... Etxebesteren iritziz, handitzen ari da basurdearen populazioa Euskal Herrian eta Europan. Basoen eta eremu zuhaiztuen hedapena da basurdeek alde daukaten «faktore garrantzitsuena»: «XX. mendean zehar asko irabazi du Euskal Herri atlantikoak, zabaldu egin da basoa. Egoera hori kontuan hartuta, areagotu eta zabaldu dira basurdeentzako bizilekuak; klima larrialdiak, bestalde, zuzenean eragin die, eta kumaldi gehiago izaten dituzte orain».
Basurdeak familian ibiltzen dira, eta eme heldua izaten da buru. Etxebestek azaldu du ehizatzeko moduak ere eragin zuzena daukala horien kopuruan: «Ehiztariek basurde helduak ehizatzen dituzte, kasu askotan, basurde eme helduak. Horrek eragin du populazioa nabarmen gaztetzea, eta taldeetako gazteenak hasi dira ernaltzen. Taldean hainbat gazte egoten direnez, osotara, lehen baino kume gehiago jaiotzen da aldiro».
«Lege aldetik ezin zaituzte behartu, baina beti dago betebehar puntu bat. Azken finean, kuadrilla bakoitzari esaten zaio gutxieneko zenbat basurde hil behar dituen urtean».
HARITZ EZEIZAGipuzkoako Ehiza Federazioko koordinatzailea
Basurdeen gainpopulazioa ez da leku guztietan berdin nabaritzen. Maialen Sagues Nor talde antiespezistako bozeramailearen iritziz, normalean aldatuz joaten da tokian tokiko egoera, hau da, «ezin da gainpopulazioa orokortu». Bide beretik doa Etxebeste ere: «Udazkeneko euriteekin batera hasten dira azaltzen basurdeek egindako lehen kalteak. Baiurtea edo ezkur urtea denean, kalte horiek txikiagoak izan ohi dira. Hala ere, basurde populazioak ez ditu beti kalte berberak eragiten: ezkur gutxi dagoenean, kalte handiak egon daitezke, baina, aldi berean, populazioa txikia izan; ezkurrak badaude, kalteak txikiak izan daitezke, baina basurde populazioa sekula baino handiagoa. Horregatik, zuzenean eragiten dute eremu bakoitzeko gorabeherek».
Basurdeen kalteak batez ere landa eremuan antzematen badira ere, herritar asko basurdeak kale bazterretan sumatzean ohartzen dira gainpopulazioaz. Hala ere, Etxebestek azpimarratu du eremu urbanoetan basurdea ikusteak ez duela beti esan nahi gainpopulazioa dagoenik. Gasteizko kasua ekarri du gogora: «Salburua parkean basurde taldea ikustea ez da kasualitatea, bertan harrapakaririk gabe baitaude: ez ehiztaririk, ez beste mota bateko harrapakaririk».
Eragindako kalteak
ENBAk urteak daramatza basurdeak eragiten dituen kalteak salatzen eta irtenbideak eskatzen. Iñaki Goenaga ENBAko presidenteak eman ditu basurdeen arrastoek sortutako kalteen xehetasunak: «Janariaren bila belardietan eta soroetan sartzen badira, urraketak eragiten dituzte. Horren ondorioz, belar haziak bota behar ditugu guk atzetik. Baratzeetan ere berdin, berriro jarri behar ditugu landareak».
«Naturaren oreka bermatzen dugu», entzuten da maiz ehiztarien ahotan. Orain arte, Euskal Herrian foru aldundiak arduratu dira basurdearen kudeaketaz, eta hitzarmenak sinatuta dituzte ehiztarien federazioekin. Basurdeen gainpopulazioa «kontrolatzen» saiatzen dira uxaldiekin.
«'Bambi belaunaldikoak'garenok onartuko genuke ehiztari profesionalaren irudia? Eta gure basoetan otsoa egotea? Ez daukat erantzunik».
IÑAKI ETXEBESTE biologoa eta baso kudeaketan aditua
Haritz Ezeiza Gipuzkoako Ehiza Federazioko koordinatzaileak kontatu du uxaldiak egiteko oso neurri zehatzak hartzen dituela kuadrilla bakoitzak: «Hainbat arau eta debeku daude ehiza larriaren kasuan. Horretaz gain, hainbat ikastaro ere egiten ditugu segurtasuna bermatzeko. Erantzukizun handiagoa izaten du kuadrillako arduradunak: kideei azaldu behar die arriskuak non dauden, nondik norakoak izan behar duen tiroaren norabidea ...».
Deban gertatutako ezbeharraren harira, Ezeizak azaldu du «hainbeste entzun den 200 metroko segurtasun distantzia horren barruan» ezin dela bala etxebizitza bat dagoen norabidera bota. Eskopeta batzuk 300 metrora iristen dira, beste batzuk, berriz, 500 edota 800 metrora.
2022-2023ko denboraldiko datuak (*)
2.697Araban 1.365 uxaldi egin zituzten, eta 2.697 basurde ehizatu.
3.533Bizkaian 1.118 uxaldi egin zituzten.1.154 ehiztarik 3.533 basurde ehizatu zituzten.
2.368Gipuzkoan 2.578 uxaldi egin zituzten. 2.368 basurde eta 1.366 orkatz ehizatu zituzten 1.468 ehiztarik.
1.706Ipar Euskal Herrian 2.201 orkatz, 1.706 basurde eta 171 orein ehizatu zituzten 7.200 ehiztarik.
9.856Nafarroan 22.400 ehiza baimen banatu zituzten, eta 9.856 basurde ehizatu.
(*) Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, Nafarroako Gobernuak eta Akitania Berriko Ehiza Federazioak emandako datuak.
Hainbat abeltzainentzat, ez dira nahikoak ehiztariek egiten dituzten uxaldiak. Goenagaren iritziz, talde guztiek ez dute berdin jokatzen uxaldietan: «Batzuek eremu txikiagoak dituzte eta hobeto kontrolatzen dute; beste batzuek, berriz, eremu handiagoak dituzte eta ezin dituzte kontrolatu». Jarrera ere kontuan hartu behar da, Goenagaren ustez, kuadrilla horietan «serioago» jokatzen baitute basurdeen triskantzak jasan dituztenek.
Ehiztariek, ordea, «zama handia» sumatzen dute bizkar gainean, «betebeharra eta afizioa» askotan nahastu egiten baitira. Hori bera dio Ezeizak. «Lege aldetik ezin zaituzte behartu uxaldia egitera, baina beti dago betebehar puntu bat. Azken finean, kuadrilla bakoitzari esaten zaio gutxieneko zenbat basurde hil behar dituen urtean».
Beste sistema bat ere erabiltzen dute Iparraldean. Ehiztariek kaiola batean harrapatzen dituzte basurdeak, artoarekin edo sagarrarekin erakarrita. Kaiolaren inguruko informazioa zuzenean izan dezakete kamera batzuen bitartez.
Beste aukerak
Hesi elektrikoaren aukera «oso eraginkorra» izan daiteke abeltzainentzat; hori dio, behintzat, Etxebeste biologoak: «Hesi elektrikoa da abeltzainen kasuan funtzionatzen duen metodo bakarra, oso aztertuta dago. Lurrak hesi elektrikoz inguratuz gero, ez da kalterik jasoko. Horrek, ordea, profesionalizatze bat eskatzen du, mantentze lan eta kostu handia daukate eta». Goenagaren ustetan, oraingo basurde taldeek ikasi egiten dute itxitura saihesten.
Nor talde antiespezista ez dator bat administrazioek uxaldien sistema baliatzearekin basurdeen populazioa kudeatzeko. Basurdea hil gabe har daitezkeen bide berrien berri eman du Saguesek: «Populazioa kontrolatzeko eta kume gutxiago izateko, badaude ugalketa prozesua eteten duten metodoak, adibidez, animaliak antzutzea botiken bitartez; auto istripuak saihesteko ere, usainaren bitartez desbidera ditzakegu basurdeak, otsoaren pixa zabalduta urrundu egiten dira errepideetatik».
Harrapakari handia
Leku askotan otsoak kontrolatzen du basurdearen populazioa; Europa iparraldean, azken hamarkadatan gora egin du harrapakari naturalaren kopuruak. Otsoak, ordea, aldeko zein kontrako iritziak sortzen ditu.
Etxebesteren esanetan, laster iritsiko dira otsoak Euskal Herriko basoetara. «Datozen hamarkadatan Araba mendebaldetik, Kantabria [Espainia] ingurutik eta Pirinioetatik iritsiko dira otsoak». ENBAko koordinatzaileak kezka adierazi du otsoen presentzia dela eta; Ezeizak, berriz, ez du uste laster batean otsoaren presentzia areagotuko denik.
Etorkizunera begira
Europan basurdearen gainpopulazioari aurre egiteko bi irtenbide nagusi gailentzen direla argitu du Etxebestek: ehiztari profesionalena eta otsoarena. Hala ere, kontraesan bat antzematen du biologoak: «Bambi belaunaldikoak garenok onartuko genuke ehiztari profesionalaren irudia? Eta, gure basoetan otsoa egotea? Ez daukat erantzunik».
Irtenbideen artean, Etxebesteren iritziz, «behar-beharrezkoa da koexistentzia»: «Alde batetik, gizartea oso urbanoa da, pedagogiaren bitartez gure txikiak ohitu egin behar ditugu basurdearen, eta, oro har, beste harrapakarien presentziara; bestetik, Euskal Herrian gero eta abeltzain gutxiago daude. Hortaz, basoaren inguruko politikan, abeltzainei eta lehen sektoreari laguntza handiagoa eman beharko litzaieke. Azken finean, Europa osoko fenomeno bat da eta ezin da ehizarekin bakarrik kudeatu».