Udal hauteskundeak

Bastidako EAJko zinegotzi ohiek Lasa Bai plataforma eratu dute

PPko alkateak gobernu akordio bat eskaini die plataforma berriko kideei, baina haiek uko egin diote udal gobernuan sartzeari.

Bastidako plaza eta elizak, udaletxetik begiratuta. XABIER MARTIN
xabier martin
2023ko uztailaren 12a
11:11
Entzun

Bastidako (Araba) EAJko zinegotzi ohiek gauzatu egin dute alderdi jeltzalearekin izan duten dibortzioa. Lasa Bai herri plataforma eratu dute, eta hurrengo udal hauteskundeetan marka horrekin lehiatuko dira, baita EAJren aurka ere, Andoni Ortuzar buru duen alderdiak zerrenda bat aurkezten badu. Plataformaren estatutuak egiten aritu dira azken egunetan, BERRIAk aurreratu zuen moduan, eta jadanik onartu dituzte.

Horiek horrela, Lasa Bai plataformak oposizioan jardungo du udalean, eta rol hori betetzen jarraitzeko asmoa dute marka horren pean dauden zinegotziek, badakiten arren «politikan gauza asko gerta daitezkeela», Alain Quintana Lasa Bai plataformako zinegotziak onartu duen moduan. Zinegotzi horrek azaldu dio BERRIAri PPko alkate Daniel Garciak udal akordio bat eskaini diola plataforma berriari, eta EAJko zinegotzi ohiek uko egin diotela udal gobernuan sartzeari. PPk egindako proposamen horrek jasotzen zuen Lasa Bai plataformakoa izango zela Bastidako nekazaritza zinegotzia.

Hain zuzen, Bastidan galera handiak egon dira mahastietan aurreko astean botatako harria dela eta, Quintanak gogoratu duenez, eta zera salatu du: «Bastidak ez du oraindik nekazaritza zinegotzirik». Aseguruen bidezko kudeaketan ari dira mahastizainak, tartean Quintana bera, eta gaur egun PPk gidatzen duen udalak ez du alor horretan lagundu dezakeen zinegotzirik. Ardogintza eta hari loturik dagoen turismoa dira jarduera ekonomiko nagusiak Bastidan, eta, Quintanaren arabera, nekazaritza alorra «bereziki zaindu beharrekoa da».

Ezinegona eta nazka

Bastidako udal osaketan, ekainaren 17an, EAJko hiru zinegotziek gogor salatu zuten alkatetza, PPri errazteko Euzkadi Buru Batzarraren erabakia. EH Bilduren bi zinegotzien babesa onartu izan balute, EAJk aginte makila eskuratuko zuen, baina ABBk aukera hori baztertu zuen. Hala, hiru zinegotziek deliberatu zuten alderdia uztea. Aintzane Prieto EAJko zinegotzi ohiak udal osaketarako bilkuran azaldutakoaren ondoren, ez zegoen tarte handirik ezusterako. Durangon, Gasteizen eta Gipuzkoako Foru Aldundian, jeltzaleek PPren babesa jaso dute, eta, babes hori gauzatu aurretik ere, Prietok argi helarazi zuen Bastidako EAJko hautagaitzaren «ezinegona eta, zergatik ez esan, nazka», egoera hori dela eta.

Lasa Bai herri plataforma da ezinegon horren ondorioa. Lasa hitzak erreparatzen die La Bastida (Bastida) eta Salinillas de Buradon (Burandon Gatzaga) gaztelaniazko toponimoei. Izan ere, Buradon Gatzagak ere Bastidako udalerria osatzen du. «Herritik herria egiteko sortu da Lasa Bai, beste logika politiko batzuetatik aldenduta», esplikatu du Quintanak, eta azpimarratu arrakasta handia izan dutela pareko formulak Arabako Errioxako beste udalerri batzuetan: zehazki, Eltziegon, Zieko Bai egiturarekin; eta Lapuebla de Labarcan, Lapuebla Aurrerantz plataformarekin. Bastidako EAJren erreferentzia izandako bizilagunen «babes guztia» du Lasa Bai plataformak, Quintanaren esanetan: «Ez bakarrik zerrendetan joan direnena, bizilagun gehien-gehienena baizik».

Gauzak horrela, PPk Hego Euskal Herrian duen alkate bakarrari eutsiko dio oraingoz, baina Quintanak gogoratu du Bastidan badirela martxan «ezinbesteko politika batzuk, esaterako euskararen plana», eta «arretaz» aztertuko dutela PPren kudeaketa alor horretan eta beste batzuetan; hain zuzen, jakinda, Garcia alkatea gutxiengoan gobernatzen ari dela, haren lau zinegotziak gutxiago baitira Lasa Bai plataformaren hirurak eta EH Bilduren biak batuz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.