Arabako udal gobernuen mapa asko aldatuko da egin diren eta egin ez diren akordioak tarteko. EAJren eta PSE-EEren arteko aliantza ez da nahikoa izan gehiengo absolutuak lortzeko oro har, eta PPk izango du giltza biko akordio horrek udalerri ugari har ditzan, kasu gehienetan jeltzaleen mesedetan, baina baita PPk ere bizirik iraun dezan udal politika instituzionalean.
Hasteko, Gasteizen, Rocio Vitero EH Bilduko alkategaiak irabazi ditu udal hauteskundeak, baina Maider Etxebarria PSEko alkategaiak lortuko du aginte makila, EAJren babesarekin batera PPrena ere izango baitu. Espainiako eskuinadarrek koalizio abertzalea gobernuetara iristea galaraztea dute helburu nagusietako bat, eta xede hori bere alde jarriko dute jeltzaleek eta sozialistek Araba osoan udalerri garrantzitsuak lortzeko.
PPren babesa doakoa izan al da, ordea? Arabako Errioxara begiratu behar da erantzun baten bila. Arabako PPko presidente Iñaki Oiarzabalek Guardia eta Bastidako alkatetzak eskatu dizkio EAJri, udalerri bi horietan lehen indar izan baita. Jeltzaleek ukatu egin dute PPrekin negoziatu dutela, nahiz eta Oiarzabalek berak ziurtatu duen elkarrizketak egon direla. Batera edo bestera, baliteke Bastidako alkatetza PPrentzat izatea, EAJk uko egin baitio aginte makila hartzeari. Asteon, Eduardo Barinaga alkategaiak dimisioa eman du, Araba Buru Batzarrak agindu baitio hautagaitza ez aurkezteko.
Nahasmena erabatekoa da. Bastidako EAJren Facebook kontuan zabaldu duten mezu batean ohartarazi dute ez dutela baztertzen alkatetza eskuratzea, EAJren zuzendaritzaren agindua bete gabe. «Traizioa» egin dietela zabaldu dute, eta matxinaturik EH Bildurekin akordioa egitea ezin da baztertu. Baina, beranduago, EAJren Arabako zuzendaritzak salatu du Bastidako sare sozialetako kontuak hackeatu dizkietela, eta hori ez dela alderdiaren iritzia.
EH Bilduk Laudio hartuko du
Guardiako aginte makila da PPk eskatu duen bestea. EAJk ez luke bere alkategaia aurkeztu behar han PPri uzteko alkatetza, EH Bilduk babestu egingo bailuke, Bastidan ere egingo zukeen bezala; azken legegintzaldian, bi herri horietan gobernatu dute abertzaleek. Raul Garcia Guardiako alkategai jeltzaleak hautagaitza aurkeztuko duela ematen du, eta, hala eginik, alkate izango da, EH Bilduren babesari esker.
EAJko jarduneko alkateek inbestidura saioak goiz ipini dituzte PPren babesari esker alkatetzak eskuratzekoak diren udalerrietan; esaterako, Kuartangon, Zigoitian, Bernedon eta Erriberabeitian. Arabako Errioxako herri populatuena ere, Oion, EAJren esku geratuko da PPri esker, udal hauteskundeak EH Bilduk irabazi arren. Laudion, ordea, Arabako udalerri handienetan bigarrenean, koalizio subiranistaren esku geratuko da aginte makila, Omnia plataformarekin egindako itunari esker.