Gaur aurkeztu dute Araba Euskaraz, eta jakinarazi dituzte Arabako ikastolen aldeko jaiaren ildo nagusiak: 2025eko ekainaren 15ean egingo dute, eta bertan bilduko duten dirua Bastida ikastolari laguntzeko izango da; Arabako zortzi ikastolak elkarlanean arituko dira hura antolatzeko. Leloa ere aukeratu dute: Etengabe. Azken aldietan bezala, datorren urtean ere Gasteizko Olarizun izango da jaia.
Leloaren nondik norakoez aritu dira aurkezpenean. Azaldu dutenez, badira 45 urte ikastola ireki zutela, eta ordutik etengabe aritu dira Bastidari «kalitatezko hezkuntza» eskaintzen, euskaran eta euskal kulturan ardaztuta. «Gurasoen kooperatiban antolatuta gaude, eta bokazioak, inplikazioak eta pasioak mugiarazten gaitu». Gainera, diotenez, etengabe dihardute hezkuntzan eta pedagogian: «Ikastola ereduan oinarrituta ari gara; pedagogia aurrerakoiak baliatzen ditugu; eta ikasleak erdigunean jarrita hezten ditugu, haiek baitira gure egitekoaren ardatza, gure iparra». Eta, nabarmendu dutenez, etengabe jarduten dute hizkuntzaren eta kulturaren defentsan: «Ikastola ereduaren zutabe nagusia izaki, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa eta biziberritzea ditugu helburu, eta, ezagutzaz gain, erabilera, sormena eta gozamena bilatzen ditugu». Bastida ikastola bederatzi ikaslerekin hasi bazen ere, 132 ditu egun; horietako batzuk Euskal Herritik kanpokoak dira.
Leloa ez ezik, logoa ere aurkeztu dute. Etengabe lelotik abiatuta, bi zati dituen logotipoa osatu dute: «Goiko aldeak leloaren esanahia irudikatzen du, tipografia informalarekin sortua, trazuaren jarraitutasuna erabiliz, esaldiaren esanahia irudikatzen duen gezi batek lagunduta. Aldiz, izenaren alde instituzionala tipografia sendoago eta serioago batekin sortu da, tipografiaren bertsio ezberdinekin jolastuz, egonkortasuna eta modernotasuna emanez».
Urte osorako egitaraua
Arabako ikastolen aldeko egun handia ekainaren 15a izango bada ere, urte osorako egitaraua atondu dute. Hil honetan bertan izango da lehen ekitaldia: urriaren 18an aurkeztuko dute jaia Bastidan. Abestiaren aurkezpena ere beste mugarri bat izango da: aurreratu dute apirilean emango dutela haren berri. Gainera, Non eta Mugan gazte topaketa egingo dute apirilaren 4an Bastidan, eta, maiatzaren 17an, Etengabe jaialdia egingo dute herri berean. Egun nagusiko egitaraua oraindik ez dute argitu, baina eman dute zertzeladaren bat edo beste: «Aurreko urteotan bezala, haurrei eta familiei bideratutako jai eguna ari gara prestatzen, baina adin guztietarako askotariko kultur egitasmoak eskainiko ditugu. Jai parte-hartzailea izatea nahi dugu, eta euskararen erabilpena bultzatuko duena. Erakundeek, babesleek eta laguntzaileek tokia izango dute jaian».