Zergatik aldatu dute legea?
Europan legeak aldatu dira, eta nolabait behartuta zeuden Espainiako legea aldatzera. Baina beste aldaketa batzuk egiteko ere aprobetxatu dute. Batetik, erkidegoek zituzten eskumenak hein batean zentralizatzea ekarri du. Bestetik, erretako mendiei kalifikazioa aldatzeko aukera ematen du.
Zer dakar erretako mendiak birkalifikatzeak?
Eskualdearen arabera, gauzak ezberdinak dira. Duela urte batzuk dena berriro kalifikatzeko eta urbanizatzeko joera zegoen, baina 30 urteko epean debekatua zegoen. Orain aukera ematen da horretarako. Zein dira baso horien jabeak? Auskalo, denetik egongo da. Lurrei kalifikazioa aldatzeko asmoa duenik egongo da.
Kudeaketa programak pribatizatzeak nola eragingo dio paisaiari?
Hego Euskal Herrian dauden mendien erdiak baino gehiago entitate publikoenak dira, udalenak eta halakoenak. Zein dira entitate horien interesak? Batzuetan, erabaki dute hemengo basoa lehengoratzea. Udaletan halako mugimenduak badaude, eta antolaketa horretara bideratu dute.
Mendi kudeatua mendi zaindua da?
Iritzi pertsonal gisa ondo dago. Baina zer da mendia? Basoa? Gure aurretik bazen mendia. Kudeatu edo ez kudeatu, mendia hor dago. Gainera, hemen basoa berez sortzen da, indarrez. Egia da, sute arriskuak handiagoak diren tokietan, hemen Araban eta Nafarroa hegoaldean, mendi zainduan zailagoa dela sua zabaltzea. Baina betikoa da: zein arduratuko da horretaz? Brigada handi bat jarriko dugu mendia garbitzen? Eta mendia zaintzen delako ez da erretzen? Ez du zertan, baina egia da mendia biztanleriaren diru iturri denean suteak gutxiago direla.
Basogintzaren sektoreari lagunduko al dio lege aldaketak?
Nik uste dut ezetz. Hau oinarrizko legea da, eta, berez, legea autonomia erkidegoek egiten dute; basogintza sektorearen erregulazioa eta diru laguntzak, gure kasuan, aldundiek bideratzen dituzte. Baina kontua da: zer da basogintzaren sektorea? Egurra. Bai, bederen, legeak egiten dituztenen arabera. Baina orain Ultzama aldera joaten bazara, perretxikoen erregulazioa egin dute. Hortik, egurretik baino diru gehiago ateratzen dute. Eta hori ez da basogintza? Añarbek urarekin ateratzen duen dirua ez da basogintza? Zer da basogintza, egurraren ustiapena soilik? Mendian badaude gauza gehiago, eta, soilik ikuspegi ekonomikotik begiratuta, egurra gutxien ematen duen baliabidea da.
Beraz, mendien legea gaizki planteatuta dago?
Mendien legea oso anakroniko bihurtu da. Gainera, lur eremu baten gainean hainbat lege daude indarrean: Europako legedia (Natura 2000), estatuetako natur legeak, mendi legeak... Bestalde, natur baliabide guztien legediak aparte doaz, eta aurrera eramaten duen administrazioa bera da. Onena mendi baliabideen legedia bateratzea izango zen, nahiz eta urarena aparte utziko nukeen.
Iñaki Aizpuru. IHOBEko ingurumen teknikaria
«Basogintza zer da? Egurra. Bai, bederen, legea egin dutenen arabera»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu