INGURUMENA

Basogintza, bidegurutzean

Foresna-Zurgaia Nafarroako baso elkarteak 25 urte bete ditu. Sektorean dituzten krisiak azaldu ditu Juan Miguel Villarroel kudeatzaileak; uste du erabakigarriak izango direla datozen hamar urteak. Hala ere, aurrera egiteko esperantza bada, hainbat eragileren elkarlana lortuz gero.

2017ko maiatzaren 5a
10:01
Entzun

Mende laurden bete berri du Foresna-Zurgaia Nafarroako baso elkarteak. Herrialdeko baso-jabeak batzeko, eta beren interesak defendatzeko sortu zuten elkartea hainbat baso-jabek. “Nafarroa oso lotua dago nekazaritzarekin, eta badira nekazaritza sindikatuak; baina basogintzari dagokionez, ez zegoen ezer”, adierazi du Juan Miguel Villarroel Foresna Zurgaiako kudeatzaileak.

Hasiera gogorra izan zutela nabarmendu du Villarroelek. “Inork ez zuen ulertzen zer zen basogintza, bidea ireki behar izan zuten, eta pixkanaka lortu zuten Nafarroako Gobernuarekin harremanak egitea”. Urteek aurrera egin dute, eta beren jarduna egonkortu egin da. Harremanak dituzte erakunde publikoekin, beste baso-jabe elkarteekin, eta nazioarteko foroetan ere parte hartzen dute. Baina etorkizuna ez du argi ikusten Villarroelek. “Arazo bat dugu erreleboarekin, jende gazteak ez du nahi mendian lanik egin, ez duelako dirurik ematen. Horri heltzea izango da datozen hamar urteetako erronka nagusia”.

Foresna-Zurgaian baso jabe pribatuek eta instituzioek parte hartzen dute: hogei kontzejuk, bost ibarreko batzordek, 50 udaletxek, 300 jabe pribatuk eta jabe pribatuen hiru elkartek; azken horiek 255 jabe elkartzen dituzte. Ikus daitekeenez, baso-jabeak askotarikoak dira, nork bere arazoak ditu, eta, zenbaitetan, zaila da kudeatzea batzuen eta besteen interesak. “Basoan lan egiteko, Ingeniari ez ezik, soziologo eta psikologo ere izan behar duzu”, esan du Villarroelek. Jabe partikularrek lurren %30 dituzte, udal eta ibarretako batzordeek, berriz, basoen %60; gainontzekoa Nafarroako Gobernuaren esku dago.

Foresna-Zurgaiaren lan nagusietako bat da basoen kudeaketarako txosten teknikoak prestatzea. “Txosten horietan ageri da baso-jabe bakoitzak zer duen, non, eta hamar urteko epean zer egin behar duen”. Dokumentu horretan adierazia betez gero, baso-jabeen produktuek PEFC zigilua jasoko dute, basogintzaren kalitatezko zigilua, alegia.

Nafarroan, oso zabaldu dago basoen kudeaketa iraunkorra. Basoen %60k planifikazio dokumentuak dituzte, eta horietatik %53k PEFC zigilua dute. Alderaketa egiteko, Villarroelek aipatu du Espainian basoen %13k baino ez dutela planifikazio dokumentua, eta horietatik %10ek baino ez dutela zigilua.

Sektorearen gainbehera

Baso industriaren beherakadak, baso-jabeen erreleborik ezak eta krisi ekonomikoak mugan utzi dute sektorea. Azken urteetan egurraren merkatua pixka bat mugitzen hasi dela onartu du Villarroelek, baina oraindik asko falta zaiola normal-normal funtzionatzeko. “Egun Nafarroan moztu daitekeenaren herena mozten da”, nabarmendu du Villarroelek.

Basogintzak, lehen sektoreko beste jardunek bezala, industriaren beharra duela nabarmendu du Villarroelek. “Erriberako nekazaritzak kontserba eta izozkailu industria behar dituen bezala, basogintzak lehen eta bigarren mailako eraldatze industriak behar ditu aurrera egiteko”. Etekin ekonomikorik gabe, jendea ez baita mendira joango, eta horrela gertatzen ari da baso -jabeen erreleborik eza. “Gure elkarteko kide gehienak helduak dira, eta beren seme-alabek ez dute mendira joan nahi, medikuak direlako edo Madrilera joan direlako bizitzera”. Gainera, Villarroelek nabarmendu du mendietan lan egiten ez bada, basoak utzi, eta erregaiz beteko direla.

Egun Nafarroan badago basogintzarekin lotutako industria, eta 4.000 lanpostu sortzen ditu zuzenean eta zeharka. Industria hori Pirinio eta Bidasoa inguruan dago, gehienbat. “Gobernuak ahalegin berezi bat egin beharko luke mota horretako industria sustatzeko; gainera, hori pizgarri ekonomikoa litzateke landa eremurako”. Begi onez ikusi ditu Toki Administrazio, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak egindako hainbat urrats; adibidez, sektorean diru laguntza berriak publikatzea, azken urteetako gorabeheren ostean. “Horrelako ekintzek baso jabeak motibatzen dituzte”.

Isabel Elizalde da Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio, Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria; lehentasuntzat hartu du diru laguntzen auzia, hain zuzen. “Murrizketa nabarmenak izan dira sektorean, eta diru laguntzak benetako kudeaketatik urrun ziren. Ahalegin handia egin dugu diru laguntzak kudeaketara egokitzeko”. Aurten 2,3 milioi euroren laguntzak bideratuko dituzte basogintzarako. Baina nabarmendu du lan hori ez dagoela soilik bere departamentuaren esku. “Askoz ikuspuntu zeharkakoagoa behar da. Hala nola Etxebizitza, Industria eta Turismo departamentuekin elkarlanean ari gara”.

Jesus Maria Velezek hainbat lur sail kudeatzen ditu Zaraitzun; lursail txikiak dira, baina, orotara, 90 hektarea dira. Azken urteetan ia ez da basoetara sartu, egurraren prezioa “ia sinbolikoa” zelako. Azken 30 urteetan, sektorearen gainbehera bertatik bertara bizi izan du. “Duela 30 urte, Zaraitzun, basogintzari lotutako hamabi enpresa zeuden; gaur, ez dago bat bera ere”. Urteetako gainbehera progresiboak eta azken krisi ekonomikoak eragin du soilik enpresa handiak geratu izana sektorean. “Jabe txikiek sal dezakegun kopurua txikiegia da enpresa horientzat, eta, egurra saldu nahi baduzu, beste bi edo hiru jaberekin batu behar duzu”.

Velezek azaldu du azkenaldian pixka bat gehiago hasi dela mugitzen sektorea, bereziki biomasa galdaren zabalpenari esker. “Oraingoz, erdialdera jotzen ari dira zur enpresak. Hango lurra laua denez, errazagoa da egurra ateratzea. Pirinioetako paisaia malkartsuak lanak zailtzen ditu”. Azken urteetan, bi mozketa baino ez ditu egin Velezek bere basoetan, egurraren prezio txikia dela eta. “Basoan inbertitutakoa baino ez dut irabazi”.

Sektorearen egoera kontuan izanda, Velezek uste du Nafarroako Gobernuak biomasa eta pellet galdaretarako trantsizioa egin beharko lukeela. “Tokiko produktua kontsumitzea da kontua. Beste hainbat arlotan, horrelako politikak sustatzen dira; bada, egin dezatela gauza bera gurean ere”.

Alde horretatik ere Nafarroako Gobernuak urratsak egin dituela nabarmendu du Elizaldek. “Etxebizitza eta toki administrazioko diru laguntzekin horrelako instalazioak bultzatzen ditugu”. Elizaldek azaldu du, halaber, gaur egun Nafarroan kontsumitzen den biomasa asko kanpotik datorrela, eta neurriak hartzen ari direla egoera aldatzeko.

Politika estrategikoak

Egoera kontuan hartuta, Villarroelek 25 urtera begirako politikak eskatu ditu. “Mendia ez da ezkertiarra, ezta eskuindarra ere. Ezin da egon gobernu aldaketen menpean. Gustatuko litzaidake Nafarroan 25 urteko politika estrategikoak adostea”. Hala ere, Villarroelek uste du badagoela aukerarik politika bateratuak adosteko. “Europatik datozen politikak hortik doaz: kudeaketa iraunkorra, karbonoa gutxitzeko politikak, osasuna eta turismoa sustatzeko ibilbideak, mikologia….”.

Elizalde iritzi berekoa da, eta ikusten du aukerarik adostasuna lortzeko. “Gero eta argiago ikusten dugu zer garrantzi duten basoek gure etorkizunerako. Batetik, lanpostuak sortzen direlako, eta, bestetik, ingurumenari eusteko. Borondatearekin, lor daiteke”.

2020ko plan estrategikoa berritu behar dute datozen hilabeteetan, hain zuzen. Lan horretan, orain arte parte hartu dutenek baino eragile gehiagok bat egitea nahi dute; besteak beste, nekazariek, landetxeek edota elkarteek.

Gobernuaren beste helburuetako bat da mendiaren garrantzia gizarteratzea. “Gizartea gero eta hiritarragoa da. Jendearentzat, basoak natura dira, baina hori baino askoz gehiago dira”. Hori erakusteko asmoz parte hartu dute Zutik Gura dokumentalean.

Basogintza ataka batean dago, erabakiak hartzeko abagunea da, eta eragile guztiak horren jakitun dira. Bidearekin asmatzeko abagunea da oraingoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.