Basoen babeserako lanean segitu beharra berretsi du Baso Biziak plataformak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat udaletan jarritako mozioek egindako bideak jaso dituzte gida batean. Jardunaldi bat iragarri dute

Baso Biziak plataformako zenbait kide, atzo, Elgetan. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun

Atzera begirakoa egin du Baso Biziak plataformak. Egitasmoa joan den martxoan atera zen argitara, Baso bizien alde, eukaliptorik ez lelopean, eta ez dira gutxi ordutik hona basoen babeserako borrokan emandako pausoak. Besteak beste, plataformako kide diren talde batzuek mozioak aurkeztu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritako udaletan, basogintza eredu jasangarriagoak bultzatzea helburu. Orain, gida batean bildu dituzte mozio horiek kasuan-kasuan eginiko bideak. Atzo aurkeztu zuten dokumentua, Elgetan (Gipuzkoa) egindako agerraldi batean.

 

Argitaratutako gidan jasoa denez, plataformako kide diren norbanakoek eta taldeek hilabete hauetan guztietan egindako «lan isila jasotzea, ordenatzea eta ezagutaraztea» da asmoa. Gaur egun, hamalau talde baino gehiago dira plataformari atxikita.

Atzo aurkeztutako gidan mozioei buruzko hainbat xehetasun bildu dituzte, besteak beste: hala nola mozioa noiz aurkeztu zen, nork egina den, zer argudio aurkeztu ziren, eta zer erantzun zuen udal bakoitzak.

Herriaren arabera, desberdinak izan dira prozedurak eta emaitzak, baina, plataformako kide Edu Zabalak atzo azaldu zuenez, balorazioa «oso positiboa» da oro har. «Uste dut bidea ongi egina dagoela ,eta hori dela jarraitu beharrekoa», adierazi zuen. Hain zuzen, Zabalak azpimarratu zuen toki bakoitzean prozesuak nolakoak izan diren ikusteak nabarmen lagun dezakeela beste batzuek ere antzeko urratsak abiatu ditzaten. «Mozio batzuetan helburua eukaliptoa debekatzea izan da zuzen-zuzenean, beste batzuetan beste neurri batzuk proposatu dira. Herri bakoitzean zerk funtzionatu duen ikusteak balio dezake jakiteko zer bide den komenigarriena».

Gogoetak hauspotzeko

Baso Biziak-eko kideak ez dira mugatzen unean uneko urratsei erreparatzera. Izan ere, plataforma ikasturte berriari lotu zaio jadanik, eta, hain zuzen, deialdi bat iragarri dute udazkenerako: jardunaldi bat eginen dute azaroaren 27an. Zabalak jakinarazi zuenez, oraindik ez dute zehaztu jardunaldia Euskal Herriko zein herritan izanen den. Ordea, aurreratu du «monolaborantzari kontra egiteko alternatibak» aurkeztea izanen dela xede nagusietako bat. «Industria horien helburu bakarra epe motzeko etekinak jasotzea da, eta badirudi ahaztu egiten zaiela klima larrialdian gaudela», salatu zuen.

Halaber, azaldu zuenez, matarrasa ere izanen dute hizpide jardunaldian, besteak beste. Zabalak gogor kritikatu zuen mozketa teknika hori: «Lurra babesik gabe uzten du, eta lur emankorra galtzea dakar. Oso kaltegarria da». Hala, basoen egoeraren larritasuna ikusarazteko balioko du jardunaldiak, plataformako kideen esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.