Jose Bernardo Bidaola 'Txirrita'-ren heriotza 40 urte

Basoan utzitako kasua

Sara eta Etxalar artean Lizarieta gainean Guardia Zibilarekin tiroketa bat izan ondoren desagertu, eta hilabete batera azaldu zen Jose Bernardo Bidaola 'Txirrita' ETA politiko-militarreko kidearen gorpua. Instituzioek kasua ez dute ikertu inoiz. Familia eta lagunak ahalegin horretan ari dira.

Basoan utzitako kasua.
enekoitz esnaola
Lizarieta
2016ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak Txirrita hanka batean zauritu egin zuen, tiroz, baina atxilotu izanaren berririk ez zuen eman, eta, zauritua hilabete pasan desagertuta egon ostean, baso batean hilda agertu zen, haren senideek eta kideek han inguruan bilatze lanak eginak zituzten arren. Zer gertatu zen? Jose Bernardo Bidaola Atxega Txirrita-ren sendiak eta kideek uste dute Guardia Zibilaren eskuetan hil zela, eta ondoren basoan utzi zutela gorpua, erreka batean. Hilabete bat eta hiru egunera azaldu zen. 23 urte zeuzkan. 40 urte pasatu dira, eta administrazioak kasua ez du ikertu. Familiak desagerpenetik hiru astera aurkeztu zuen salaketa judiziala.

1976ko apirilaren 25aren eta maiatzaren 28aren artean gertatu zen guztia. ETA politiko-militarreko kidea zen Txirrita, eta Eulogio Talavera Tala (Ugao, Bizkaia; orduan 20 urte) eta Gregorio Garitaonandia Borda (Bergara, Gipuzkoa; orduan, 23 urte) komandokideekin batera auto batean Sarara (Lapurdi) heldu, eta basotik Lizarieta gainera abiatu ziren, gauez, Iñaki Hernandez mugalariarekin (Ibarra, Gipuzkoa; 18 urte orduan). Handik Etxalarrera (Nafarroa) pasatzekoak ziren, gero etakideek Donostian ekintza bat egiteko: Martuteneko kartzelatik ETAko presoei ihes egiten lagundu nahi zieten, zulo bat eginda. Ordea, Lizarieta gainean eten zen operazioa; muga dago han, eta Guardia Zibilak bazuen kaserna bat. Tiroz hartu zituzten haiek. Mugalaria larri zauritu, eta atxilotu egin zuten, Sarako partean. Metro gutxira, Txirrita ere zauritu egin zuten; orpo batean tiro bat jaso zuen. Bordak dio haren ondoan ikusi zituela guardia zibilak; «Frantzia inbaditu zuten!». Iñaki Egaña historialariak dioenez, desagertu zen lehen etakidea izan zen. Urte bereko uztailean desagertu zen ETA pm-ko buruetako bat: Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur; hura ere Ipar EuskalHerrian bizi zen.

Jaiotzez Lizartzakoa (Gipuzkoa, 1953) zen Txirrita, baina 12 urte zituela handik gertu joan zen bizitzera: Tolosara. Sei anai-arrebetatik bosgarrena zen. Haren anaia Jexuxek eta Bixentek gogoratzen dutenez, soldadutza bukatu gabe zela ihes egin zuen Iparraldera, 1975ean, 21 urterekin. Iheslari, Hendaian (Lapurdi) bizi zen, eta etxeko gehienek ezin izaten zioten bisitarik egin, «pasaportea ere behar zelako bestaldera pasatzeko, eta hori traba handi bat zen». Anaia zaharrena Lizarietako tiroketaren bezperan egon zen Txirritarekin, eta 1.500 pezeta eman zizkion. Jexux azkeneko aldiz Tolosan egon zen harekin. Bixente, Gabonak aldean, Larhun goian (Lapurdi). Mendizalea zen Txirrita, Tolosako Oargin mendi bidaiak antolatzen ibilia. Haien ama hilda zegoen hark ospa egin zuenerako, eta aitak ez zuen lortu Hendaiara pasatzerik.

Talak 1974an egin zuen ihes Ipar Euskal Herrira, urte bukaeran. Bordak, 1975eko maiatzean, «Poliziak [Juan Miguel Goiburu] Goiherri [ETA pm-ko buruetakoa] atxilotu ostean. Espainiako Gobernuak salbuespen egoera aldarrikatu zuen, eta denbora gutxian jende askok egin zuen ihes; batik bat, Gipuzkoatik». Hori dela eta, biok ez dute oroitzen justu noiz ezagutu zuten Txirrita. «Gogoratzen dudana da Tala eta hirurok bi hilabetez Aljerian egon ginela entrenatzen». Talak dio Aljeriatik 1976ko apirileko lehen astean itzuli zirela Iparraldera, eta ETA pm-ko buruek berehala esan zietela hiru astera Martuteneko operaziora joan behar zutela. Borda Baionan bizi zen; Tala, Donibane Lohizunen (Lapurdi).

1976ko apirilaren 25eko irteeran, Borda zen komandoburua. «Gauez auto batean Sarara eraman gintuzten, eta handik hamaikak aldera abiatu ginen Lizarietara, mendiz, mugalariarekin. Goizeko seiak aldera ginen gora, mugara iristekoak, Guardia Zibilaren kasernako zaintza aldaketarako, eta Etxalar baino lehenago kide bat zain edukiko genuen, auto batean. Baina basoan gora gindoazela, mugalariak, hanka bat haitz artean sartu,I eta min hartu zuen, eta denbora bat galdu genuen. Ikusita ez ginela iritsiko seietarako, bozketa bat egin genuen Txirritak, Talak eta hirurok: aurrera jarraitu edo Sarara bueltatu. Talak eta neuk gora joatearen alde egin genuen; Txirritak nahiago zuen atzera egitea. Aurrera segitu genuen, eta goizeko zortziak eta laurden aldera heldu ginen Lizarieta gainera. Ordurako eguna argituta zegoen».

Bordak uste du poliziek, «prismatikoekin-edo», aurrez ikusi zituztela Saratik basoan gora. «Paraje honetan ehiztari asko ibiltzen da, baina hura ez zen ehiza garaia, eta gu eskopetekin geunden... Gora heldu ginenerako zain zeudela esan daiteke». Hala dio Talak ere: «Lizarietako zelaigunera irtetean, ikusi genuen Etxalar aldetik Guardia Zibilaren bi Land Rover zetozela, goian zeudenak laguntzeko asmoz edo. Gainean belar meta asko ziren orduan, eta haietako baten atzean gorde ginen. Guardia zibilak alto-ka hasi zitzaizkigun, baina guk jadanik erabakia genuen alde egitea, etorritako lekutik berriro Sara aldera, basotik. Tiroka hasi ziren; gu ere bai, geure eskopeta zaharrekin».

Basora ihesi, Tala eta Borda

Zelaigunean ziren ingurutik basoaren sarrerara ehunen bat metro zeuzkaten, baina Tala eta Borda bakarrik ailegatu ziren hara. Lehenik, mugalaria zauritu zuten, hankan, eskuan eta besaurrean tiroak jota. Hankako zauria nahikoa larria zen, eta Donostiako erietxera eraman zuten, atxilo. Handik metro gutxira zauritu zuten Txirrita. «Zelaitik jaitsi ginen Tala eta biok, basoa baino lehentxeago salto bat eginda, eta Txirritak zelaiaren goialdean esan zidan hankan tiro bat jo ziotela. 'Borda, jo egin naitek, zuek segitu aurrera'. Beste biok basora sartu ginenean, hogei bat metrora burua jiratu nuen, eta, Txirrita ikusi beharrean, guardia zibilak ikusi nituen». Mugalariak ere kontatu izan du poliziak ikusi zituela haren inguruan. Datu hori erabakigarria dela uste dute: Guardia Zibilak Txirrita atxiki zuen seinale. Izan ere, gero zabaldu zen hipotesi baten arabera, etakideak ihes egitea lortu zuen, baina zauriaren eta nekearen ondorioz basoan hil omen zen. Talak bertsio hori baztertu egin du, erabat: «Mugalaria odolusten egon zen ordu batzuz, baina erietxera eraman zuten, behintzat. Txirritak ez zeukan zauri larririk, orpo batean egin baitzioten tiro, eta ez zuen arazorik ihesi jarraitzeko. Sasoia galanta zeukan, gainera; eta mendia oso ondo ezagutzen zuen. Iduriz, harrapatu egin zuten, mugalaria ez bezala arma batekin, eta, ezzenez larri zauritua, ez zuten zertan eraman ospitalera. Atxiki egingo zuten galdekatzeko, eta gorpu agertu zen hilabetera».

Bertsio zuzena hori bazen, zergatik utzi zuten gorpua Lapurdiko partean eta ez Nafarroakoan? Talak badu azalpen bat:«Poliziek bazekiten nondik alde egin genuen, eta gorpua inguru horretan uztea erabaki zuten, Txirritak ere ihesari handik ekin ziola adierazi nahian edo». Egañak badu beste bat: «Gorpua nahita utzi zuten Frantziako partean, eskuak garbitzeko. [Jose Miguel Etxeberria] Naparrarekin gauza bera gertatu zen; Nazio Batuen Erakundeak orain bi urte Espainiari belarritik tira egin zion, eta hark erantzun zion Frantzian desagertu zela eta ez dela bere ardura».

Bada datu adierazgarri edo susmagarri bat: tiroketaren egun berean, Bidaola Atxega sendiaren Tolosako etxera azaldu ziren guardia zibilak, eguerdiko hamabietan, miaketa bat egitera. Jexux Bidaolak miatze agiria erakutsi du. Ordubetez aritu ziren bazterrak miatzen, eta agiriak dio: «Emaitza: negatiboa». Txirrita iheslariak agiri faltsua zuen apirilaren 25 hartan ere, Talak-eta baieztatu dutenez, eta, beraz, Jexuxek galdetu du: «Guardia Zibilak nola zekien Lizarietako zaurituetako bat gure anaia zela?».

Beste datu argigarri bat: tiroketaren egun bereko bilatze lanek ez zuten fruiturik eman. Borda lekuko. «Ihesean Sarara jaitsi, eta handik Donibane Lohizunera joan ginen, Senpereko lagun baten autoan, eta parte eman genion [ETA pm-ko buruetako Miguel Angel Apalategi] Apalari. Kotxea hartu, eta Apala eta biok hona etorri ginen, Lizarietara, dena ahal zen ondoen miatzera. Eguerdiko hamabiak aldera heldu ginen, eta orduan ez zegoen guardia zibilik, ezta Txirritaren arrastorik ere». Euskal iheslarien talde bat eta Tolosako mendizaleak ere aritu ziren haren bila; ezer ez, ordea.

Jexux Bidaolak kontatu du egun batzuetara etxean dei bat jaso zutela, esateko anaia ondo zegoela eta ez larritzeko. «Baina kezka genuen, berririk ez genuelako, eta maiatzaren 17an salaketa bat jarri genuen Iruñeko Auzitegian». Jakinarazi du geroztik telefonoz mehatxuak egiten eta balazorroak bidaltzen hasi zitzaizkiela ezezagunak. Guardia zibilak ordu txikietan haien etxera joan ziren batzuetan, «jarrera lotsagabean», Bixente Bidaolak dioenez.

Familia, hasieran, Miguel Castells abokatuarekin ibili zen hartu-emanean, baina kasuaren ardura juridikoa segituan hartu zuen Juan Mari Bandresek. «Madrilen zen polizia bat ezagutzen zuen Bandresek, eta hari gutun bat idatzi zion, familia oso kezkatuta zegoela esateko, baina poliziak ez zion erantzun», dio Egañak. Sendiak Iruñeko auzitegian eman behar zuenez parte —tiroketa Etxalarren izan zela zabaldu zelako—, lan haietarako Nafarroako abokatu bat hartu beharra zuten: Patxi Zabaleta hautatu zuten.

Udal idazkariaren agindua

Sarako orduko udaltzainak aurkitu zuen hilotza, maiatzaren 28an, tiroketatik hilabete bat eta hiru egunera, basoko erreka batean. Herriko etxeko idazkariak agindu zion ateratzeko alde hartara gorpuaren bila, dei bat jaso zuela eta. Talarentzat eta Bordarentzat harrigarria izan zen euren ihesbidean azaltzea hilotza. Tala: «Tiroketa izan zen tokitik 400-500 bat metrora agertu zen. Aurrez jendea aritu zen bertan bilatzen. Non zen gorpua orduan? Txirrita zauritua bazegoen eta ezin bazuen mugitu, leku hartan egon behar zen». Borda: «Inguru hau Txirritak ondo ezagutzen zuen, eta bazekien non zebilen. Gai ez bazen gure atzetik ihesean etortzeko, zelan egin zuen Guardia Zibilarengandik ihes?». Komandokide ohiek iritzi diote Txirrita atxiki egin zuela Guardia Zibilak, eta hil egin zutela. Talak baditu hipotesiak: «Gure kidearen eskopeta izan zen Sarako aguazilak topatu zuen lehen gauza; basoko haritz batean zegoen arma, zutik. Gero, bi-hiru ordura, gorpua aurkitu zuen, 120 bat metro beherago, errekan. Hipotesi bat da hil zutenek beharbada honaino ekarri zutela gorpua, ilunpean, atera zutela materiala gero errekan gorpuaren ondoan uzteko segur aski, baina haritz ondotik eskopeta hartzea ahaztu egin zitzaiela. Eta, bestetik, gorpua zergatik zegoen konkortua edo erdi eserita moduan? Nire hipotesia da norbaitek eduki zuela kutxa edo hozkailu batean. Hilotza basoan egon bazen hilabete batez, haren egoera askoz okerragoa izango zen, hemen azeriak-eta ibiltzen baitira. Eskuak eta horrelakoak ez zeuden ukituak». Jexux Bidaolak erantsi du udaltzainak gauza bera esan izan duela gorpuaren egoeraz eta posizioaz.

Saran hilotza agertu zela eta, Bandresek kasua Maite Maniort abokatuari pasatu zion; Iparraldean ziren iheslari askoren auziak hark lantzen zituen. «Anaia zaharrena eta neu joaten ginen harengana, tramiteak-eta bideratzera», oroitzen du Jexux Bidaolak. «Baina auzitegietan dena izan zen traba eta aitzakia. Ez genuen eskuratu autopsiaren emaitza». Ezta polizia txostena ere.

Autopsia egiteko konfiantzako auzi mediku bat izendatzeko eskatu zioten familiari. Tolosako bati deitu zioten, baina ez zioten autopsia ikusten utzi. Paristik etorritako auzi mediku batek egin zuen. Txirritaren kasuari buruz haren ingurukoek osatu duten liburuxkan ikus daitekeenez, Maniortek izan zuen autopsiaren txostena leitzeko aukerarik -ez eskuratzeko—, eta hango ohar batzuk helarazi zizkion Castellsi—honek, Bandresi—, orduko ekainaren 25ean gutun bat idatzita. Batetik, esan zion autopsiaren arabera Txirrita ez zela hankan zeukan bala zauriagatik hil —egunkari batzuek argitaratu zuten tiro gehiago zituela; haietako bat, buruan—. Bestetik, abokatuaren eskutitzak zekarren etakideak hilabete inguru pasatu zuela basoan hilda, eta intsektu eta animaliek janda zegoela gorpua, hanketan ubeldurarik ez zuela eta hil baino lehenago zerbait arina jan zuela. Beste iturri batzuen esanetan, autopsiak jartzen zuen tiroketa izan eta hamar egunera hil zela. Guardia Zibilak zabaldu zuen bere buruaz beste egin zuela. «Pistak ezabatzeko onena izan ohi da zurrumurru batzuk eta bertsio desberdinak zabaltzea», dio Txirritaren anaia Jexuxek.

Udal idazkariak 40 urtera esaten du ez dela oroitzen noren deia jaso zuen. Talak beste datu bat eman du: «Senpereko polizia etxekoak etorri ziren gorpua agertu zen lekura. Argazki bat atera zuten; nonbait behar du. Gorpu baten argazkiak hitz egiten du».

«Harrapatu egin zuten»

Hilotza, lehenik, Ziburuko (Lapurdi) beilatokian egon zen. Jexux Bidaola gogoratzen da nola joan zen gorpua ezagutzera. «Autopsia Baionan egin behar zutela esan ziguten». Sokoan (Lapurdi) egin zuten lehen hileta elizkizuna, garai hartan hil zen Angel Iruretagoiena Piru militantearenarekin batera. Tolosako hileta ekainaren 10ean izan zen. Jose Bernardo nola zendu zen jakin gabe ziren. ETA pm-k salatu zuen «estatu terrorismoak» hil zuela. Guardia Zibilaren torturen ondorioz zendu zela uste du sendiak ere, eta ondoren utzi zutela gorpua basoan. «Nabarmena da gure anaia harrapatu egin zutela, eta beti susmoa eduki dugu Guardia Zibilak txikitu egin zuela».

Ikusita argibideak lortzeko zer oztopo zeuden, Tolosako hiletaren ostean «etsi» egin zuen familiak. «Baina beti eduki dugu har hori». Jaurlaritzak Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri. 1960-2010 txostenean jasoa du Txirritaren kasua, Tolosako atalean. Egiaztatze eta ikerketa lan handiagoa behar duten kasuak-en du. Familia eta lagunak iaz hasi ziren kontua berriro mugitzen. Lehen xedea: autopsia non den jakitea. Agertuko balitz, horrek ireki lezake auzia, 40 urte pasara bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.