Basoa betetzeko lain

Foro Sozialak deritzo EAEko azken legealdiaren garaian «aurrerapenak» izan direla eta «oinarri sendoak» daudela «konponbide integralerako»

Agus Hernan eta Nekane Altzelai Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Azken urteetako «aurrerapen» batzuen ondorioz «konponbide eta bake integralerako» edalontzia erdi beteta ala erdi hutsik ote dagoen aipatuta, Foro Sozial Iraunkorrak esaten du basoa bete egin behar dela, hori dela egin behar dena. «Oinarri sendoak» ikusten ditu konponbide mota horretarako, atzo esan zuenez, eta gehiengoak ere bai; tartean, Espainiako Kongresuan. Foroak duela aste batzuk iragarri zuen estatuan aldeko iritzi ildo bat lortzeko lana egingo duela. Atzo, berriz, EAEko azkeneko legealdiaren garaiak emandakoaren balorazio bat egin zuen, Donostian; aurrerapausoak egon arren, Agus Hernan eta Nekane Altzelai bozeramaileen esanetan badaude «argi-ilunak» ere, eta «askatu beharreko korapilo batzuk»; kasurako, espetxe politikarena.

Eusko Legebiltzarraren 2016ko hauteskundeetatik lau astera, Aieteko Konferentziaren bosgarren urteurrena zela baliatuz eta gatazkaren ondorioen atalean «blokeoa» zegoela ondorioztatuz, Foro Sozialak Aieten bertan egindako topaketa batean azaldu zuen bazela garaia ETAren armagabetzea gauzatzeko. 2017ko apirilean gertatu zen desarmatzea. Hura izan da, foroaren arabera, EAEko azkeneko legealdi garaiko aurrerapenetako bat, eta ETAren desegitea (2018), eta biktimen,espetxe politikaren eta bizikidetzaren inguruan adostasunak lortu izana ere aipatu ditu. «Aieten alderdiei eskatu genien ardura politikoz joka zezatela, batzen gaituena gehiago bailatuz banatzen gaituena baino, eta, horretarako, hitz egin zezatela. Bagenekien hauteskunde gabeko fase bat hasten zela, eta aprobetxatubehar genuela. Eta aprobetxatu dugula esan dezakegu», adierazi dute Altzelaik eta Hernanek.

Horretan guztian «gizarte zibila eragile erabakigarria» izan dela deritzo foroak. «Adostasun politiko, sindikal eta sozial berriak eraiki» direla ere nabarmendu du; «imajinaezinak ziren ordura arte». Elkarteetan ez dauden hainbat biktimak «eskuzabaltasun handia» erakutsi dutela esan du, halaber. «Gizarteak, bere osotasunean, urrats sendoak egin dituela bizikidetza eraikitzekobidean. Oso azkar egiten ari gara aurrera adiskidetze prozesua. Adituek diote konponketa prozesu askotan bi belaunaldi pasatu behar direla adiskidetzerako.Hemen oso litekeena da belaunaldi bat nahikoa izatea».

Dauden azterketa soziologikoen emaitzetan ere oinarrituz, Hernanek eta Altzelai azaldu dute abian dagoen bake prozesu bat dagoela uste duela euskal gizarteak, «nahiz eta negoziazioaren eta konponbidearen eskema klasiko bati erantzuten ez dion bake prozesu bat ez egon».

Memoria taldea, blokeatua

Dena dela, EAEko azkeneko legealdian Eusko Legebiltzarrean «argi-ilunik» ere gertatu dela salatu du Foro Sozialak: «Memoriari eta bizikidetzari buruzko lantaldea blokeatu egin da. Azkeneko ebazpen integral bat adostea eragotzi du horrek». Haren iritziz, «kontakizunaren bataila» nagusitu da alderdien artean.

Konponbidea «ahalik eta osoena eta barneratzaileena» izateko, foroak iritzi dio nagusiki hiru atal askatu beharko direla. «Egia, justizia eta erreparaziorako eskubideari dagokionez, biktimen arteko tratuan diskriminazioa amaitzea» izan behar da horietako bat; «salbuespenezko espetxe politika behin betiko desaktibatzea eta presoei politika normalizatua aplikatzea» beste bat; eta, hirugarrena, «espazio sozialetatik, memoria kritiko barneratzailea bultzatzea, kontakizun guztiak errespetatuko dituena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.