Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren interesak defendatzea, nazioarteko testuinguruan. Hori du helburu Bask Atlantik izeneko fundazioak: Iñigo Urkullu lehendakariak sortu ditu erakundearen oinarriak, eta bera izanen da erakundeko presidente, Deia-k jakitera eman duenez. Enpresa handien eta arlo ekonomiko nahiz sozialeko hainbat eragileren babesa izanen du fundazioak, eta bi lan ildo nagusi: «Fatxada atlantiko europarra defendatzea, eta Europako Batasuneko gobernantza ereduan sustatzea herritarrengandik hurbilen dauden erakundeen parte hartzea».
Funtsean, erakundearen helburua izanen da «Europako Batasunean hausnarketa, eztabaida eta ikerketa sustatzea, maila anitzeko gobernantzari begira». Betiere, erakunde horretako kide diren estatuetako eskualdeen autonomia errespetatuta. Berezko izaera juridikoa izanen du, eta patronatuak gutxienez hiru kide eta gehienez 25 izanen ditu.
Bilbon kokatuko dute fundazio horren egoitza nagusia, eta, EAEko errealitatean «arreta berezia» jarriko duen arren, Europako Batasunari begira arituko da lanean. Deia-k aurreratu duenez, gainera, think tank taldeekin elkarlanean arituko da.
Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan den hiru legealdietan maiz mintzatu da Euskal Autonomia Erkidegoak Europan izan dezakeen rolaz. Zehazki, «Makroeskualde Atlantikoa» izan da lehendakariaren hitzaldietako gaietako bat, batasun estrategiko hori eratzeko deia eginez behin baino gehiagotan: «Euskadi ezin da Europako erabakien mahaitik kanpo geratu. Horretarako, indarrak batzeko deia egiten dugu beste behin, makroeskualde atlantikoa egiazki eratu dadin».
«Albiste ona»
Fundazioaren berri izan bezain laster iritsi dira EAJko kideen erreakzioak. Itxaso Atutxa Bizkaiko Buru Batzarreko presidenteak adierazi du Europa «beti» izan dela Urkulluren «gai gustukoenetako bat», eta orain «beste ikuspuntu batetik» lan egiten jarraitu nahi duela. Euskadi Irratian egin ditu adierazpenak: «Itxaron beharko dugu berak azaltzeko zein izango den bere funtzioa, baina uste dut albiste ona dela bere jakintza eta egiteko modua ematen jarraitzea».
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, berriz, Onda Vascan izan da, eta adierazi du «asko» pozten dela Urkulluren erabakiaz. Gehitu du lehendakari izan zenean «Europaren eraikuntza bere zereginaren oinarri bihurtu» zuela, eta uste duela garrantzitsua dela «arlo politikoan erreferente diren pertsonek horrelako ardurak hartzea».
Ardatz atlantiarraren defendatzailea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak lehentasunen artean zuen bere zereginetan ardatz atlantiarraren defentsa. Frantziak Europako Batasunarekin hitzartutakoaren arabera, abiadura handiko trena 2030erako Hendaiaraino eraiki behar zuen, Lapurdi zeharkatuta. Azken berrien arabera, 2042rako Akizeraino baino ez du egingo. Urkulluren kezka izan da ardatz atlantiarra baztertzen ari ote ziren, Mediterraneoaren mesedetan. Bere hiru legealditan bai euroeskualdeko ordezkariekin, bai EBko hainbat ordezkarirekin bilera ugari egin ditu ardatz atlantiarra defendatzeko.