Basaurin 11 familia etxetik egotzi nahi dituztela salatu dute

San Fausto kaleko lau eraikin bota nahi dituzte, han etxebizitzak eraikitzeko. Bizilagunek diote kalte ordainek ez dutela arazoa konpontzen, eta bizitokia eskatu dute.

11 familia etxegabetu nahi dituzte Basaurin
San Fausto kaleko bizilagunak, udaletxearen aurrean egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Basauri.
2024ko otsailaren 26a
17:00
Entzun

Batu etxebizitza sindikatuak salatu du Basaurin (Bizkaia) 11 familia etxegabetuak izateko arriskuan daudela. Basauriko Udalak eta Etxalar enpresak etxebizitzak eraiki nahi dituzte herriko alderdi batean, San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxe hirigintza planean jasotakoari jarraikiz, eta, horretarako, San Fausto kaleko lau bloke eraisteko asmoa du. Sindikatuak salatu du bloke horietan bizi direnei ez dietela bizitzeko alternatibarik eskaini, eta mobilizazioak ere iragarri ditu.

Batuko kideek eta San Faustoko bizilagunek azaldu dutenez, joan den urrian jakinarazi zieten kale horretako 5, 7, 9 eta 11 zenbakietan bizi diren auzikideei haiek etxetik egozteko asmoa. Bizilagunak alokairuan daude, eta etxeen jabeak zenbait alokairu kontratu bertan behera utzi zituen azaroan eta abenduan. Udalak kalte ordain batzuk eskaini dizkie bizilagunei, baina bizilagunek salatu dute ordain horiek ez direla euren beharretara egokitzen, «eta are gutxiago Basauriko higiezinen merkatuaren egoerara, alokairuak izugarri garestiak baitira».

Alderdi hori eraberritzeko egitasmoa San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxe hirigintza planean agertzen da. Batu etxebizitza sindikatuak dioenez, «luxuzko etxeak» eraiki nahi dituzte San Fauston. Udalak ukatu egin du hori, baina bizilagunak ez dira fio: «Aurreikusitako 274 etxebizitzetatik, 204 etxebizitza libreak dira, hau da, %75. Non daude hainbeste aldarrikatzen dituzten etxe publikoak? Zergatik ez dituzte etxe horiek eraiki bizilagunak etxegabetu aurretik?».

Gainera, lehenagoko eskarmentua ere badutela azaldu dute: «Duela urte batzuk, maisu-maistren etxeak ere eraitsi zituzten, udalaren jabetzakoa zen azken eraikina. Han ere etxebizitzak eraiki zituzten, eta haien batez besteko prezioa 400.000 eurokoa izan zen».

Presioak bizilagunei

Bizilagunen esanetan, Basauriko Udalak «huts egin die» hartutako konpromisoei, eta Etxebide Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza zerbitzuak eta Bidebi Basauriko udal sozietateak ez diete aukerarik eman beste bizileku bat lortzeko. Gainera, salatu dute Bidebi «bizilagunak presionatzen» aritu dela, eskainitako kalte ordainak onartu eta etxetik alde egin dezaten: «Berriro ere, batzuen interesak besteen beharrizanen gainetik jartzen ari dira».

Sonia Carcaba Borregok bizitza osoa eman du San Fauston, eta hamazazpi urte daramatza oraingo etxean: «Udalak ematen digun alternatiba bakarra kalte ordaina da, baina guk ez dugu ordainik nahi, guk bizitokia nahi dugu. Nik uste dut jabea udalak presionaturik sentitu dela, eta horregatik ari dela kontratuak bertan behera uzten».

Carcabak dioenez, urrian izan zuten bizilagunak etxegabetzeko asmoaren berri, baina arazoa ez da oraingoa: «Plana aspaldikoa da, eta udalak denbora nahikoa izan du etxebizitzak eraiki eta guri ostatu eman ahal izateko. Orain eskuak garbitzen ari da. Ni alabekin bizi naiz, egoera zaurgarrian gaude, eta, gaur egun prezioak nola dauden ikusita, kalte ordain batek ez digu ezer konpontzen. Guk bizitokia behar dugu».

Basauriko Jasangarritasuneko, Hiri Garapeneko eta Hiri Segurtasuneko zinegotziari bilera bat egiteko eskatu diote, eta protestara ere joko dute: Martxoaren 8rako mugimendu feministak egindako deialdiak babestu dituzte, eta martxoaren 15ean elkarretaratzea egingo dute Arizgoiti plazan, 18:30ean. Mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei: «Bizilagun horien, etxeak ez ezik, Basauriko hiri eredua ere jokoan dago».

Agerraldia amaituta, berrogei bat lagunek udaletxera jo dute, udal ordezkariekin bilera bat egiteko eskabidea egitera. Ordu erdi inguru egon dira udal bulegoetan, Kaleratzerik ez, San Faustotik ez gaituzte mugituko eta antzeko leloak oihukatu dituzten bitartean. Bukatutakoan, Batuko kideek azaldu dute eskabide formala eginda dagoela, eta udalaren erantzunaren zain gelditu direla. Udaltzainak protestan agertu dira, baina ez dute esku hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.