Basauriko Udalari egotzi diote lanpostu batean euskarari «balorazio urria» eman izana

Administrazioan Euskaraz Taldeak egin du salaketa; adierazi duenez, udalak B1 maila eskatu du arduradun lanpostu baterako, eta apala da dagokion lan motarako.

(ID_9145538) Basauri, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Basauri, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
arantxa iraola
2024ko maiatzaren 27a
12:00
Entzun

Administrazioan Euskaraz Taldea AETk egin du salaketa, ohar baten bidez. Adierazi du Basauriko Udalak «balorazio urria» eman diola lanpostu bati, hura betetzeko deialdian. Arduradun lanpostu bat dela esan dute, ibilgailuen atala eta baliabide lagungarriak kudeatzeko eginkizuna duena. Udalaren barruko deialdi batean izan da.

AETk salatu duenez, deialdiaren oinarrien arabera lanposturako puntuazioan %4,5 izan da euskarari dagokiona, eta legez gutxienez %5 izan beharko luke. Deitoratu egin du deialdian B1 hizkuntza eskakizuna ezarri izana ere. «Eta maila hori, arduradun lanpostua izateko, oso urria da». Uste du B2 maila eskatu beharko litzatekeela. Ezarri den eskakizunak derrigortasun datarik ez izatea ere kritikatu du.

AETk, halaber, jakinarazi du herritar batek helegite bat aurkeztu zuela deialdia «berraztertu» dezatela eskatzeko, baina udalak ez duela onartu. Areago, azaldu duenez, udalak erantzun du euskarari lanpostu horretan emandako tokia «egokia» dela. AETren arabera, desegokia da erantzun hori, ezarri den irizpideak Euskararen Ordenantza urratzen duelako eta hizkuntza irizpideen gaineko dekretuaren «interpretazio oker batean» oinarritzen delako.

AETk gogora ekarri du euskara «erabat ofiziala» dela Basaurin (Bizkaia), eta herritarrek administrazioarekin euskaraz jarduteko «eskubidea» dutela, gertukoenetik hasita: udalean. «Basauriar euskaldunek euskarazko arreta jaso behar dute zerbitzu eta egoera guztietan, baina ez da beti bermatzen hori».

Plan berririk gabe

Erakunde euskaltzaleak Basauriko Udalari egotzi dio euskararen erabilera normalizatzeko planik ez izatea gaur egun; aurrekoaren indarraldia 2022an amaitu zela azaldu du, eta plan berririk ez dela onartu. Gogora ekarri du plan horrek berebiziko garrantzia duela «euskararen normalizazioa gidatzeko», eta beharrezkoa dela. «Ezin dugu ahaztu planifikaziorik eta baliabiderik ezean erdararen erauntsiak euskara aurrean eraman dezakeela administrazioetan ere».

Basauriko Udalak bere informazio iturrien arabera azaldua du euskararen normalizaziorako bidean beste urrats bat egitera doala aurki. Euskararen Plan Estrategikoa diseinatzeko lanean ari da otsailaz geroztik, eta herritarren ekarpenak jasotzeko prozesu bat egin du hilabeteotan. Iritzi guztiak «ordenatu eta sailkatzeko» saio ireki bat egingo da, hain justu ere, larunbat honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.