Basauriko sutean kaltetutakoek iragarri dute diru laguntza hartuko dutela, baina borrokan jarraituko dutela

Azken asteotan udalaren partetik pairatu duten «bazterkeria» salatu dute. Adierazi dute «politikariak adabakiak» jartzera mugatzen direla eta bizilagunek, berriz, «klase elkartasunaren bidez» erantzun dutela.

Basauriko sutean kaltetutako herritarrek agerraldia egin dute gaur, Batu etxebizitza sindikatuarekin batera. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Basauriko sutean kaltetutako herritarrek agerraldia egin dute gaur, Batu etxebizitza sindikatuarekin batera. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Basauri
2025eko martxoaren 20a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Basauriko (Bizkaia) sutean kaltetutako herritarrek borrokan jarraitzen dute. Hilabete eta erdi baino gehiago igaro da Kalero auzoko Kareaga Goikoa kalean sutea piztu eta 22 familiak etxetik alde egin behar izan zutenetik. Hasieran, hotel batean eman zien ostatua udalak, baina martxoaren 6an hura uzteko agindu zien, hurrengo hiru hilabeteetarako familia bakoitzari 2.640 euroko diru laguntza eskainiz. Familiek gaur iragarri dute hartu egingo dutela. Baina: «Horrek ez du esan nahi amore eman dugunik; orain arte egin dugun bezala, borrokan eta antolatuta jarraituko dugu».

Azken asteotan udalaren partetik pairatu duten «bazterkeria» salatzeko, bizilagunek agerraldia egin dute udaletxearen arkupeetan, Batu etxebizitza sindikatuarekin batera. Bertako kide Pablo Oliverosek gogoratu du legeak ezartzen duela larrialdietan udalak lau hilabetez bermatu behar diela ostatua kaltetuei. Hala ere, udalak hilabetez ordaindu die hotela, eta, etxebizitzaren ordez beste hiru hilabetez aterpea lortzeko, familia bakoitzari 2.640 euroko diru laguntza eskaini die.

«Alokairuaren eta etxebizitzaren gaur egungo merkatuaren egoera zaila» ikusita, hamabi familiak erabaki zuten laguntza ez onartzea. «Larrialdi egoeraren aurrean, uste dugu ez dela nahikoa gure beharrak asetzeko», zehaztu du Oliverosek. Gaur, aldiz, iragarri dute laguntza hartuko dutela: «Hartuko dugu, baina ez dugu onartzen; udalak aukera bi eman dizkie herritarrei: kalea edo laguntza irrigarri bat».

Laguntza onartu izanak ez du esan nahi udalak «borroka irabazi» duenik. Zera adierazi du Tamara Vazquez Garciak –suteko kaltetuetakoen artean daude haren senide batzuk–: «Laguntza onartzen dugu, gure egungo egoera ekonomikoak horretara behartzen gaituelako, baina argi izan ez duzuela lortu gure duintasuna makurtzea, ezta zuen interes burgesen mende jartzea ere».

«Laguntza onartzen dugu, gure egungo egoera ekonomikoak horretara behartzen gaituelako, baina argi izan ez duzuela lortu gure duintasuna makurtzea»

TAMARA VAZQUEZ GARCIABasauriko suteko kaltetu batzuen senidea

Agerraldia bukatu bezain pronto, bizilagunak denak batera abiatu dira Gizarte Zerbitzuetara, diru laguntza onartzeko eskaera betetzera. Sarreran, baina, Udaltzaingoa izan dute zain, eta ez diete sartzen utzi. «Udalak ez du huts egiten: orain esaten digute ezin dugula eskaera egin», adierazi dute Batuko kideek. «Udalak irtenbide bakar gisa planteatu duen laguntza onartzeko paperak ematera etorri gara, eta berriro ere indarkeria instituzionalarekin egin dugu topo. Hau al da irtenbidea? Hau al da herri honetan bizilagunok nahi dugun etorkizuna eta eredua?», kritikatu du Oliverosek.

Minutu batzuk egon dira bertan, «Kalero ez baztertu» oihukatuz. Jakinarazi diete banan-banan eskatu behar dutela hitzordua Gizarte Zerbitzuetan sartu ahal izateko. Hortaz, udalera bueltatu behar izan dute hitzordua eskatzera.

«Erabat prekario»

Martxoaren hasieran hotela utzi behar izan zutenetik, Basauriko bizilagunen, senideen eta lagunen elkartasunari esker lortu dute lo egiteko tokia. Hala ere, Sandra Londoño sutean kaltetutako herritarrak salatu du «erabat prekario eta babesgabe» bizi direla. Adierazi du politikariak «adabakiak» jartzera mugatzen direla eta bizilagunek, berriz, «klase elkartasunaren bidez» erantzun dutela.

«Udalak irtenbide bakar gisa planteatu duen laguntza onartzeko paperak ematera etorri gara, eta berriro ere indarkeria instituzionalarekin egin dugu topo»

PABLO OLIVEROSBatu etxebizitza sindikatuko kidea

Bizilagunek hasieratik erakutsi dute «kezka», «benetako babesik» jaso ez dutelako, Londoñoren arabera. Asier Iragorri Basauriko alkateari zuzenean leporatu dio «entzungor egitea». Izan ere, sutea gertatu zenetik, sindikatuak hainbatetan salatu du udalak uko egin diola harekin elkartzeari. BERRIA saiatu da alkatearekin hitz egiten, baina ez du lortu.

Bizilagunen agerraldiaren ondoren, ohar bat argitaratu du udalak. Adierazi du udaleko langileei ez dietela jakinarazi laguntza onartzeko asmoa zutenik. «Gaur goizean hasi dira tramitatzeko eskatzen». Horrez gain, udalak esan du etxebizitzak sutearen aurretik zeuden egoera «jabeen ardura» dela, «haiena bakar-bakarrik», eta ukatu egin du «eraikina zaharberritzeko eta kontserbatzeko obrak» egiten utzi ez zaienik. Aipatu du etxebizitza horiek 2000tik daudela hiri antolamenduko plan orokorretik kanpo, eta «jabe askok» horren ostean erosi dituztela, «hori jakinda».

«Basauriko Udalak bere gain hartu behar du Kalero auzoaren eraikinak bazterrean utzi izanaren erantzukizun historikoa»

SANDRA LONDOÑOBasauriko sutean kaltetutako herritarra

Kontrakoa helarazi dute gaur bizilagunek. Oliverosek salatu du udalak bazekiela eraikinen egoera «larria» zela, eta hala eta guztiz ere ez zuela eraikinen aurrealdea moldatzen utzi. «Basauriko Udalak bere gain hartu behar du Kalero auzoaren eraikinak bazterrean utzi izanaren erantzukizun historikoa», esan du Londoñok. Eta erantsi du eraikinak bazterrean uztea eta hiri antolamendutik at uztea, bizilagunekiko aurreiritziak eta estigmak sendotzeko modua izateaz gain, etxegabetzeak egiteko modu isila ere badela.

«Ez dugu amore emango», azpimarratu du Vazquezek. «Gure eskakizunek eta borrokek Basaurin jarraituko dute». Izan ere, Kalero auzoko bizilagunen eskubideen alde borrokatzeaz gain, «etxe guztien» alde mobilizatuko dira. «Gure herritik kanporatu nahi gaituzten hirigintza proiektuen kontra eta Basaurin emantzipatu ezin diren gazte guztien alde». Vazquezek nabarmendu du etxebizitzaren aldeko sindikalismoa hazten ari dela herrian, eta ez direla inora joango: «Kalero ez baztertu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.