Basauriko sutean kaltetutako familiek hotela utzi dute, «udalaren presioengatik»

Basauriko Udalak hotela uzteko jarritako epemuga atzo amaitu zen. Nora joan ez zutela argudiatuta, bertan geratuko zirela esan zuten familiek. Gaur, ostera, hotela utzi dute. Udalaren eta hotelaren «presioak eta bortizkeria» jasan dituztela salatu dute.

Sutean kaltetutako familien alde egindako manifestazioa, Basaurin. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Sutean kaltetutako familien alde egindako manifestazioa, Basaurin. MONIKA DEL VALLE / FOKU
kristina martin
2025eko martxoaren 7a
16:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Hilabete pasatxo egon dira hotel batean ostatu hartuta urtarrilaren 31n Basaurin (Bizkaia) izandako sutean etxerik gabe geratu ziren familiak. Atzo amaitu zen udalak hotela uzteko jarritako epemuga, baina, nora joan ez zutela argudiatuta, esan zuten bertan «itxialdia» egingo zutela. Gaur, baina, hotela utzi dute, Batu etxebizitzaren sindikatuak azaldu duenez, «udalaren eta hotelaren bortizkeria eta presioak» direla medio.

Legeak ezartzen du larrialdi egoeretan udalak kaltetuei lau hilabetez bermatu behar diela ostatua. Dena dela, udalak, horretarako etxebizitza nahikorik ez duela argudiatuta, esan zien ezingo zuela lau hilabetez denentzat etxebizitzarik bermatu. Jakinarazpena duela hamar egun iritsi zitzaien familiei: hilaren 6an —atzo— hotela utzi behar zutela. Hilabetez ordaindu die udalak hotela. Etxebizitzaren ordez beste hiru hilabetez aterpea lortzeko, familia bakoitzari 2.640 euroko diru laguntza eskaini zien.

Hain etxe gutxi egonda alokagai, prezioak hain garestiak izanda, eta hain denbora laburra edukita, Batu laguntza sareak eta familiek argudiatu zuten diru horrekin ezinezkoa dela hiru hilabeterako alokairua lortzea. Udalari eskatu zioten larrialdi egoerari aurre egiteko «aukera erreal bat» eskaintzeko. Batu sindikatua aritu da, sutea izan zenetik, kaltetutako familien eta Basauriko Udalaren artean bitartekari, baita egoera salatzeko herrian protestak antolatzen ere.

Sare horretako bozeramaile batek esan duenez, sugarrek hartu zituzten Kareagako etxebizitzak egoera oso txarrean zeuden, eta bertan bizi ziren familiak oso zaurgarriak dira. Horregatik, arazoa konpontzeko nahikoa ez dela arrazoituta, laguntzari uko egingo ziotela eta hotelean itxialdia egingo zutela jakinarazi zuten atzo.

Gaur eguerdian, ostera, hotela uztea erabaki dute familiek: «Hasieran, gure apustua bertan geratzea izan zen, udalak jarrera aldatuko zuen esperoan. Baina presioak eta bortizkeria sufritu ditugu. Hotelak segurtasun pribatua kontratatu du, goizean goizetik atean paratu dira, eta inori ez diote utzi sartzen. Sindikatuko kideok janaria eraman nahi genien geletara, eta sartzeko arazo handiak izan ditugu». Batuko kideak azaldu duenez, tentsio handia eta urduritasuna izan da hotelean, eta, familiek erresistentziarekin jarraitzeko indarrik ez zutela ikusita, hotela uztea erabaki dute. Guztira, 22 pertsona zeuden hotelean, horietako batzuk adinekoak eta behar bereziak dituzten umeak.

Manifestazioa

Erresistentzia ekintza bertan behera utzi arren, Batu sindikatuak iragarri du aurrera egingo dutela protestekin. Gaur izan da lehenengoa: manifestazioa egin dute Basaurin, Kareagatik abiatu eta udaletxeraino.

Basauriko alkate Asier Iragorriren iritziz, bizilagunek 2.640 euroko diru laguntzari uko egin izana «surrealista» eta «ulertezina» da. Alkatearen esanetan, goizean Batuko kideek esan dute familiek hotela utzi eta diru laguntza onartuko dutela, eta, ondoren, «ezustean», uko egingo diotela jakinarazi diote udalari. Sindikatuari egotzi dio egoeraz baliatzen ari dela «protagonismoa bereganatzeko». Diru laguntzari uko egingo diotela jakin aurretik, Iragorrik azaldu du gaur eta astelehenean gizarte langileen agenda libre utzi dutela, «pertsona hauek ahalik eta lasterren artatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.