Nafarroan, karta nagusiak mahai gainean daude. PSNk apirilean ez zuen babestu EH Bilduko bi parlamentu taldeek aurkeztutako zentsura moziorik, eta, berriki, jendaurrean adierazi du aurrerantzean ere ez duela egingo. Haren bederatzi parlamentarien baiezkorik gabe, gainerako alderdiek jai dute Yolanda Barcina eta UPN gobernutik kanporatzeko. Barcinak, berriz, hamaika bider entzungor egin die hauteskundeak aurreratzeko eskaerei, eta argi eta garbi utzi du zein den bere jarrera. Hura ez da gobernutik joango; bota egin beharko dute.
Berdinketa mugagabe horretan jokatuko da partida politikoa Nafarroan. Zerumuga urrunean, 2015eko maiatza antzematen da, baina, aurretik, urtebete eta bost hilabeteko basamortuko zeharkaldi luzea geratzen da. Oposizioak aukera paregabea eta historikoa du UPNren betiereko nagusitasuna iraultzeko. Azken batean, oso aspaldikoa da haien zeharkaldia, baina basamortua atzean utzi nahi badute, tentuz ibili beharko dute, hainbeste aldarrikatutako aldaketa ameskeria bihurtu ez dadin. Ondo gogoan dituzte denek PSNren eta UPNren arteko akordioak eta 2007ko abuztuko esperientzia. Alternatiba oro oztopatu nahirik, UPNk giroa zabartu du azkenaldian, eta argi utzi du tranpaz josita datorrela legealdi amaiera.
Egoera zertan den ulertzeko eta hauteskundeak bitarteko gako nagusiak ezagutzeko, BERRIAk hitz egin du Bilduko Bakartxo Ruizekin, Geroa Baiko eta EAJko parlamentari Manu Aierdirekin, Aralar NaBaiko Asun Fernandez Garaialderekin eta Ezkerrako eta Nafarroako Ezker Batuko Jose Miguel Nuinekin.
1. Egoera orokorra
Begirada legealdi hasierara joz gero, Nafarroako begirale adituenak ere ez zukeen iragarriko egoera. Horregatik, hori aintzat hartzea komenigarria da oraina aztertzean, aldaketak zein azkar egin diren jabetzeko. Bakartxo Ruizen irudiko, «egungo indar harremanak ez dio erantzuten errealitate sozial politikoari». Horregatik, zailtasunak zailtasun, «gehiengo berriak eratzeko aukerak» izango direla uste du.
Ildo beretik, Jose Miguel Nuinek «trantsizio garaian» ikusten du Nafarroa. Haren ustez, luzaroan egon da indarrean UPNren eta PSNren arteko itunetan oinarritutako eredu politikoa —PSNk sostengua eman, eta UPNk botereari eutsi—, baina «eredu horrek porrot egin du, eta ez da berriro bere onera itzuliko». Hala, Nafarroan gehiengo berriak osatzeko bidean dira, eta hori dena hauteskundeetan antzemango da: «2015eko maiatzean irudikatuko da beste garai bati utziko diola lekukoa UPNren eta PSNren itunen garaiak. Bien botoek ez dute gehiengorik batuko».
Manu Aierdik, berriz, kezkati begiratzen dio 2014. urteari. «Urte nahiko arraroa izango da». Hauteskundeak aurreratzeko aukera ia amaituta, urte bat galdu izanaren irudipena nagusitu daiteke. «Saiatuko gara gizartean pentsatzen eta egitasmoak modu positiboan bultzatzen, 2014 gal ez dadin».
2. UPNren egoera eta estrategia
Gutxiengoan den Nafarroako Gobernua izango dute aurrean. Bigarren urtez jarraian, 2012ko aurrekontu luzatuekin funtzionatuko du, eta, aurten erakutsi legez, oposizioak bat egin dezake hainbat foru lege aurrera ateratzeko.
Gobernuak jarduera blokeatzea aurpegiratzen dio maiz oposizioari. Asun Fernandez de Garaialderen ustez, ordea, alderantziz da. Gobernuaren erruz, «dena blokeatuta dago, gutxiengoan dagoelako eta egin behar duena ez duelako egin. Ez da hori bakarrik. Gainera, ez da gai egoerari aurre egiteko». Fernandez de Garaialdek gogor kritikatu du gobernua,ez dituelako betetzen Parlamentuaren legeak eta ez duelako ezer egiten Espainiako Gobernuak lege horien aurka Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegiteen aurrean. «Zalantzarik gabe, PPren eskutik doa UPN».
Bat dator Bakartxo Ruiz. Haren ustez, Nafarroako Gobernua «amaituta» dago, eta «porrot egin duten politikak aurrera ateratzeko ezintasuna erakutsi du». Ezintasun hori ezkutatzeko, alde batetik, «estatuaren makinaria» erabiltzen du legeak ez betetzeko, eta, bestetik, nortasunen inguruko eztabaidak sortzen ditu: «Bi jarrera horiek ez dira kontrajarriak, baizik eta osagarriak. Inoiz baino argiago dago Nafarroa estatu auzia dela. UPN betiko mamuak ateratzen ari da, etsituta, jendarteak aspaldi gainditutako euskalduntasunaren inguruko eztabaida faltsuak sortuz».
Manu Aierdiren irudiko, UPNk denbora irabazi nahi du, eta, hori lortzeko, arriskuen kalkulua egin eta legealdia amaitzearen aldeko hautua egin du. Aierdiren ikuspuntutik, UPNk nahiago du oposizioak haren proposamenak atzera botatzeko arriskua hartu, hautesleen aurrean porrota onartu baino. «UPNren apustua da ea ekonomia Europan berpizten den eta zantzu batzuk etortzen diren hona. Albiste on txiki horiek ondo saltzen saiatuko dira». Horrekin batera, beti legez, Nafarroa foral eta espainiarraren proiektuaren babesle gisa aurkezten ari da. «Tentsioa piztu nahi du, EH Bildu arerio moduan jarriz. Penagarria da nafar onen eta gaiztoen arteko irudi hori astintzea».
3. PSNren jokabidea
PSNrik gabe, nekez amaitu ahal izango luke legealdia UPNk. Iazko ekainean koalizio gobernua hautsi ostean, PSNk iragarri zuen «lehentasunezko solaskide» izateari utzi ziola UPNk. Geroztik, Barcinari behin eta berriz exijitu dio bozak aurreratzeko, baina PSNk eskura izan du aukera hori. EH Bilduko bi taldeak prest zeuden edozein hautagai babesteko, baldin eta bozak berehala aurreratzen baziren. PSNk jendaurrean uko egin zion eskaintzari. Era berean, Roberto Jimenezek promes egin du ez dela UPNren gobernu berririk osatuko PSNren abstentzioarekin.
Jose Miguel Nuinek PSNren anbiguotasuna nabarmendu du. «Adierazpen batzuk interesgarriak dira, baina gertaerak hor daude. Yolanda Barcina presidente izendatu zuten PSNren botoei esker, eta presidente izaten jarraitzen du PSNren botoei esker». Haren ustez, «hitzetatik ekintzetara» pasatzea falta zaio PSNri.
Manu Aierdiren arabera, 2013ko argazki politikoan islatuta geratu dira PSNren asmoak. «Herritarrek badakite zentsura moziorik ez dela egon PSNren erabakiagatik. Arrazoi batzuk eman ditu, baina ez dira benetakoak. Alderdiaren interesak gizartearenaren aurretik jarri dituzte». Behin erabaki hori hartuta, arantza gainean mugitzen ikusten du PSN, denbora irabazi nahian: «Arriskuak hartu dituzte, gizarteak nola jokatzen duen ikusi dutelako. Beste aurpegi bat erakusten ari dira, baina batzuetan UPNri lagundu behar diote».
Horregatik ere, ez da fio Asun Fernandez de Garaialde. Alde batetik, PSNk atzera bota ditu aurrekontuak, eta bat egin du gainerako alderdiekin hainbat gai sozialetan, baina, gero, zerga neurrietan edo Enplegu Mahaian bat egiten du UPNrekin. «PSNk neurri garrantzitsuetan hautesle sozialisten eskaera betetzen du, baina, era berean, gobernua sostengatzen du». Bakartxo Ruizek, berriz, «gardentasuna, zintzotasuna eta erantzukizuna» eskatu dizkio PSNri. «Barcina gobernuan dago, PSNk utzi egin diolako. Hori da errealitatea».
4.Otsailaren ostean, zer?
Foru Hobekuntzak zehaztu duenez, Parlamentua azkenekoz desegin zeneko data erreferentzia hartzen da hurrengo legealdiaren epemuga zehazteko. Data hori baino urtebete lehenago, Barcinak ezingo du hauteskunderik aurreratu, ezta oposizioak zentsura moziorik aurkeztu ere. Era berean, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak daude antolatuta ekainerako, eta balizko bozek bat egin beharko lukete horrekin. Hartara, otsailera edo gehienez martxora bitarteko epea du oposizioak. Itxaropenerako tarterik ez, ordea. Aierdik laburbildu du: «Sekulakoa litzateke». «Zaila da baikorra izatea», gaineratu du Bakartxo Ruizek.
Martxora onik iristea lortuz gero, Barcinak legealdia bukatuko du. Urtebeteko koltxoi horretan, mugimenduak egon daitezke UPNren zein PSNren barruan. Azken finean, Yolanda Barcina eta Roberto Jimenez politikoki erreta daude. Edo hori ematen du. «UPNn, saiatzen ari dira kanpora begira lasaitasuna adierazten. Barruan eztabaidak egongo dira ea Barcina hautagai gisa aurkeztuko den», dio Aierdik. Azpimarratu du UPNn alderdiburua eta hautagaia pertsona bera izan ohi dela, eta, ondorioz, erabaki garrantzitsua izango dela hori.
PPrekin batera edo bakarrik aurkeztuko diren erabakitzeak ere hautsak harrotu ditzake, eta PSNrenganako keinuak ere egongo dira. Eguberriko mezuan, gehiengoa duten alderdien «esfortzu kolektiboa» eskatu du Barcinak. Antonio Catalan hoteletako enpresaburu corellarrak, berriz, bi alderdien akordioen beharra nabarmendu du berriki elkarrizketa batean. Catalanen harremanei esker, 2007an UPNk lortu zuen PSOEk Sanzen inbestidura babestea. PSNn ere mugimenduak egon daitezke, oso zaila baitirudi Roberto Jimenez izatea hautagaia.
Alabaina, arerioetan baino euren buruan jarri nahi izan dute azpimarra oposizioko taldeek. Jose Miguel Nuinen aburuz, lehentasuna da krisiari bidezko eta ezkerreko irtenbide bat ematea. Asun Fernandez de Garaialderen arabera, «orain arte bezala» jokatu behar du oposizioak, «herritarren eskubideen alde eginez eta, ahal den neurrian, gobernuaren murrizketen eta eskubide urraketen politikak geraraziz». Aierdik beharrezkotzat jo du beste alderdiekin harremanak «gero eta gehiago lantzea» eta konfiantza pertsonalak jorratzea. «Hitz egin zeintzuk diren lerroak, proiektuak eta ideiak, eta tonu lasaia eta baikorra erabili gizarteari begira».
Alta, argi dago UPNk ahalegin guztia egingo duela nortasunaren esparrura eramateko eztabaida politikoa. Bakartxo Ruizen ustez, «UPNren denbora atzeraka doa; deskontu denboran dago. Guri dagokigu alternatiba planteatzea eta bestelako politikak mahai gainean jartzea». Nuinen aburuz, ziklo berriari «erresistentzia» erakutsiko dio UPNk, eta hura eragozten saiatuko da: «Nafarroaren aniztasuna gizartearen hausturako elementu gisa erabiliko du. UPNren alternatibak ez du gatazka erabili behar».
5. Alternatiba: oinarriak, betoak eta arriskuak
EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerraren diskurtsoetan, sintoniak nabari dira, baina hirurak, batez ere bi koalizio abertzaleak, eremu berean lehiatzen dira. Lehiaren eta elkarren arteko beharraren artean egin beharko dute dantza. Hirurek diote alternatibaren eraikuntzan ez dela bazterketarik egon behar. PSN izan da bazterrak nahastu eta argi esan duena ez duela EH Bildurekin hitzarmenik egingo. PSNren desioa da «bigarren indarra» izatea eta Geroa Bai eta Ezkerrarekin etorkizuneko alternatiba osatzea.
«Ezin dugu inor kanpoan utzi», erantzun du Manu Aierdik. «Ezin dugu marrarik jarri eta esan: 'Horrekin bai eta horrekin ez'. Denekin eraiki behar da konfiantza, eta gero gizarteak jarriko du bakoitza bere tokian». Geroa Baiko ordezkariak ohartarazi du 2015eko bozetako aritmetikak ez direla errazak izango. Antzera mintzatu da Nuin. «Okerra da alderdien blokeetan sartzea eta betoak jartzea».
EH Bildun ez dituzte denak berekin. «Guk ez dugu susmoa, ez da hori; haiek diote. Roberto Jimenezek une oro dio aldaketa nahi duela, baina hor ez dela EH Bildu egongo», dio Asun Fernandez Garaialdek. Bakartxo Ruizen arabera, koalizioan argi dute helburua ez dela botere aldaketa huts bat, baizik eta Nafarroak «aldaketa sakona» behar duela, eta horretarako prest dagoen «edonorekin lan egitea». «Buru-belarri egiten ari gara, erantzukizunez».
Bakartxo Ruizen arabera, beharrezkoa da urte eta erdiko ibilbide hori «gizartearekin batera» egitea eta «mobilizazio dinamika iraunkorrarekin» segitzea: «Arlo politikoak eta sozialak batera jo behar dute. Benetako protagonistak herritarrak dira, eta guri dagokigu jendartearen aldarrikapenekin bat egitea».
Bat dator horrekin Nuin, eta lehentasunezkotzat jo du gizarte mailan lan egitea. «UPNren alternatibak oinarri sozial oso zabala behar du egonkorra izan dadin». Era berean, «arrisku nagusia» da gizarteak ez ikustea alternatiba hori, eta gehiengoaren eskaera hori zapuztea. Horretan ahaleginduko da UPN: «Oinarri nahikoak badaude, eta konpromisoa eta borondatea badago».
Manu Aierdik onartu du EAJk eta EH Bilduk tirabira handiak dituztela EAEn, eta, horregatik, inportantzia eman nahi dio konfiantza eraikitzeari. «Konpromiso txikiak hitzartu eta betetzen joatea, konfiantza pixkanaka eraikitzen. Bide ona da».
Fernandez de Garaialdearen ustez, arerioak dira, baina horren gainetik ardura dago. «Herritarrengan pentsatu, areriotasuna alboratu, eta batzen gaituena eta sinergiak bilatu behar dira».
Basamortuko zeharkaldia
PSNri esker, Nafarroako Gobernuak legealdia amaituko du; urtebete eta bost hilabete falta dira. UPN indar abertzaleekin konfrontazioa izaten saiatuko da. PSN nora ezean dabil; gainerakoak, alternatiba eraiki nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu