Herri txikiak, erronka handiak (III)

Basabürüa bizirik atxikitzeko desafioak

Mende batez biztanleen hiru laurdenak galdu ditu Ligi-Athereik, baina herritarrek bost eginahalak egiten dituzte biziarazteko. Etxebizitza baino gehiago, lana eta erakargarritasuna ditu erronka Basabürüko ibarrak.

Ligi-Athereiko sartzea, Atherei aldeko Zübü Zaharreko auzoan. I.E.
Ligi-Athereiko sartzea, Atherei aldeko Zübü Zaharreko auzoan. I.E.
Iñaki Etxeleku.
Ligi-Atherei
2024ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Atharratze-Sorolüzetik jalgi, Larraineko bidea hartu, Liginaga iragan, eta kasik hamar minutuan heltzen da Athereira, Zübü Zaharraren auzora. Bortua, mendia hor da berehala Basabürüko bideetan. Eta tiniak elurrak zuriturik dauzka ibarrak abendu erditsu honetan. Pirinioetan garela oroitarazteko doia. Mendia, eta Ühaitza: Basabürüa eta Ligi-Atherei zeharkatzen dituen ibaia. Munta handia du Ühaitzak Ligi-Atherein, XIX. mendetik argindarra ekoizten baita bertako ur indarretik. Udako ur jokoetarako ere ezaguna da. Eta arrain haztegiak herriko jardunetarik bat dira, ur hegian.

Ligi-Athereiren bilakaera historikoa laburbiltzeko zenbaki zenbait eman ditu Peio Quihillalt auzapezak. «1880 inguruan 900 bizizale baziren». Gaur egun, 197 dira. Ligiko partean, etxeen erdiak baino gehiago bigarren etxebizitzak dira. Laborantza arloan —herriko ekonomian funtsezkoa da—, bestalde, bost etxalde baratzen dira. Lehenago aise gehiago baziren, nahiz laborantza txipiak izan. Merak kontatu du laborantzaz gain beste lan bat bazutela ardura: «Usu, laborari zenak bazuen beste ofizio bat. Andozen eta Büstanobin [auzuneak] bazen etxalde paketa hola; senarra edo emaztea ari baitzen industrian».

Erran behar da bi industria fabrika gotor izan zirela 1980 arte. Ühaitza bazterretan plantatu ziren, XIX. mendetik hor den zentral hidroelektrikoa bazelako. Batak zapatendako kautxuzko zolak egiten zituen, eta 80 langile izan zituen. Besteak ehunak edo oihalak egiten zituen. Ttipituz joan ziren, duela 40 urte pasa hesteraino.

Ligi-Athereiko Shem zentral hidrolelektrikoa
Ligi-Athereiko Shem zentral hidroelektrikoa. I. E.

Ekonomia

Laborariez gain, Ligi-Atherein bi arrain haztegi dira gaur egun, eta denetarat hiru langile dituzte. Hoberena janari kontserbategian langile bat gelditzen da jabearekin batean. Ofizialeak badira herrian plantatuak direnak: hiru maiasturu eta lauzatzaile bat. Herritar anitz auzoko herrietara, Atharratzera edota Maule-Lextarre ingurura doaz lanera egunero. Shem zentral hidroelektrikoan hamar bat langile baratzen dira. «Baina ez dira oro hor bizi» aitortu du Quihillaltek. Eginbeharren egitera heldu dira bizpahiru egunez, Shem enpresak hornitu bizitegian egonez, baina gero joaten dira. Lehen ez zen hala: «Denboran, bortxatuak ziren lekuan berean bizitzera».

Bizkitartean, Shem bezalako lantegi bat herrian izatea guztiz interesgarria da Ligi-Athereirentzat. «Lur zergarekin eta beste zergekin, bestetan baino ahal haboro baditugu herri bezala, Shem hor baitugu». Urtean 140.000 euroko sartzea bermatzen dio.

Bizirik diren laborantza etxalde gehienetan, behi edota ardi hazkuntza dira nagusi. Bik gasnatzen dute. «Ligiko naba hartzen baduzu: oro har hektarea erdi bat baino gutiago egiten dute soroek», erran du Quihillaltek. Berriki, baratzezain bat ere plantatu da: Arnaud Chrisostome. Uztaritzekoa da jatorriz, eta Ligi-Athereiko jendeak dena egin du herrian planta zedin. Herriko etxeak ere bost eginahalak egin ditu: lur bat atzeman dio, eta herriko apartamentu bat eskura jarri.

Horrez gain, udan mokofinen merkatu bat sortu du udalak tokiko ekoizleak laguntzeaz gain bilgune bat sortzeko. Urtean zehar ere, neskenegun oroz merkatu ttipi bat bultzatu dute Ligin.

«Industria handia bada Zuberoan; Maulen-eta, adibidez. Justuki, lantegiek ez dute aise jendea atzematen. Kanpotik jinarazten dira»

BEÑAT CASANAVEEnpresaburu athereiarra

Ofizialeen artean, Ligi-Atherein ez da beste herri batzuetan bezala enpresa alimalekorik. Ondorioz, lortzen dute lekuan berean lan egitea. Benoit Etxeto lauzatzailea da Ligi-Atherein, eta kontent da horretaz. «Lana hemen berean dugu; ttipiak gara, baina aski zaigu». Ez dira enpresa gotorragoak bezala obra bila ari Oloroen edo Pauen (Okzitania), edo Lapurdiko itsasaldean.

Gainerateko herritarrak auzo herrietara doaz lanera. «Haboroxenak, Zuberoan», zehaztu du Quihillaltek. Datu bat eman du lurralde guzikoa: Zuberoan bizi diren herritarren %80k Zuberoan bertan lan egiten dute. Tokian berean lan egiten dutenetan, «Ipar Euskal Herriko zenbaki handiena da». Beñat Casanavek azpimarratu du zenbaki horrek erakusten duela badela industria Zuberoan, lan ematen duena. Zerbait badaki horretaz, aeronautika saileko Artzainak industria taldeko burua da eta. «Industria handia bada Zuberoan; Maulen-eta, adibidez. Justuki, lantegiek ez dute aise jendea atzematen. Kanpotik jinarazten dira».

«Atharratzetik goiti, ez da hain aise jendearen jinaraztea [...] Urrun bezala gara; jendeak hala sentitzen du»

PEIO QUIHILLALTLigi-Athereiko auzapeza

Turismotik ere bizi dira ostatuak eta aterpetzaile batzuk. Baita mendiko eta uretako jardueren egileak ere. Nahiz eta Santa Graziko Kakuetako arroilak hetsiz geroztik doi bat apaldu dela sentitu duten. La Verna harpe handiak, berriz, olde bat ekarri du. Aterpetxe bat ere badauka Ligi-Athereiko herriak. «Asteburuez, bada jende. Eta udan, aste barnean ere, prefosta», Quihillaltek zehaztu duenez.

Ligi-Atherei
Ligi-Atherei. I. E.

Etxebizitza

Ligi-Atherein bizitegiak badira. Nekezia beste nonbait ikusten du auzapezak: «Atharratzetik goiti, ez da hain aise jendearen jinaraztea». Alta, Ligi-Athereiko herriko etxeak lan egiten du etxebizitzen zaharberritzeko, Casanavek azpimarratu duenez: «Maulen eta Atharratzen arrangura hori da oraino: apartamentuak izugarri zaharrak dira. Eta ageri da arraberritzen direlarik jende atzematen dela».

Herriko etxea hartu zutelarik, Quihillalten udal taldekoek ikusi zuten herriko etxeko eraikinaren gaineko aldean herriarenak ziren bi bizitegiak utziak zirela arrunt. Horiek osoki zaharberritu dituzte. Beste bi ere eginen dituzte orain. Ber gisan, apezetxea bazuen herriak, «zinez zaharturik» zena. Lurren Tokiko Erakunde Publikoari saldu dio, bi etxe egin ditzan hor, BRS kontratu bidez saltzeko. Atherein ere bazen etxe egiteko baimena zuen lur bat. Herriko etxeak erosi du, bizitegi egitasmoa luketen gazteei saltzeko.

Baina, indar horiek eginik ere, Quihillialt ohartzen da gaitz dela jendea plantaraztea. «Urrun bezala gara; jendeak hala sentitzen du». Uste hori barna sartua dute jendeek. Basabürüko gazte batzuk ere Maulera joaten dira bizitzerat, eskaintza handiagoa litzatekeelakoan. «Psikologikoa da» dio Quihillaltek. Zeren eta zerbitzuak oro badituzte Basabürüan berean.

Auzapezaren ustez, tira eskas horrek esplikatzen du, partez, duten bigarren egoitzen kopurua. Bereziki, Ligin, Atherein baino gehiago. Hori karrikako etxeekin agitzen da. Haatik, ohartuak dira zokoratuagoak diren etxe batzuk kanpoko jende aberats batzuek erosten dituztela. «Mendian dira, aparte, ingurumen ederrean; horiek saltzen dira, eta hein bat kario», erran du Quihillialtek. Santa Grazin eta Larrainen gauza bera bizi dute. «Santa Grazin bada bigarren etxebizitza haboro Ligin baino». Ondorio bat badu prezioetan. «Agentzia horiek karioska ezartzen dituzte, diren etxeendako», damutu da mera.

Herriko bizia

Ligiko etxeen huste horrek badu ondorio herriko bizian. Casanave eta Quihillalt Atherein bizi dira. Casanavek dio sentitzen dutela orain diferentzia. «Herria Atherei-Ligi deitu behar litzateke orain», erran du, arraileriaz. «Gure belaunaldian paketa egon gara herrian, haurrekin eta oro». Dinamikan ageri dela dio. Hain zuzen, Liginaga, Lexantzü, Etxebarre, Haüze eta Ligi-Athereiko dantza eskolaz arduratzen da Casanave. «Athereiarrek badute harreman handiagoa Lexantzü eta Etxebarrerekin Ligirekin baino: gazteak non ere baitira».

Quihillaltek jendeak herriari dion atxikimenduarekin esplikatzen du hori. «Lana eta bizitegia herrian izatea inportantea da, baina nortasuna ere bai». Preseski, atxikimendu horren lantzeko ihaute berri bat edo aspaldi hil zen albadakak ohitura berpiztu dute burasoen artean. Quihillialt: «Nahi baditugu guhaurren haurrak begiratu Ligin, behar dute sentitu hemengoak direla eta badela geroa».

Elkarrizketatu guziek argi dute goxo dela Basabürüan bizitzea. Bizi kalitateari so egiten diote. Laura Etxandiri lekuko lasaitasuna zaio laket. «Izigarri trankil gara Ligin, eta goxo da». Sortzez Barkoxekoa da Etxandi, Maulen ari da lanean, baina Ligin bizi.

Bortuko ingurumen ederra aipatu du Quihillaltek. «Bazterrak ederrak dira. Nahi baduzu borturat ibiltzerat edo VTTz joan, egiten ahal duzu. Maulerako hogei minutura dira; zinemarako, adibide. Atharratzen badira medikuak, saltegiak, zerbitzuak oro».

«Nik ez dut ulertzen zergatik ez den jende gehiago heldu hona bizitzera. Zergatik denak hirietan metatu, holako lekuak badirelarik?»

ARNAUD CHRISOSTOMEBaratzezaina Ligi-Atherein

Arnaud Chrisostome, hain zuzen, Uztaritzekoa da (Lapurdi), eta duela hiru urte jin zen Ligira, baratzezain izateko. Hark ez du dudarik egin duen hautuarekin. «Nik ez dut ulertzen zergatik ez den jende gehiago heldu hona bizitzera. Zergatik denak hirietan metatu, holako lekuak badirelarik? Eta dena badugu hemen». Baionan ere bizi izan da Chrisostome, baina, nahiz eta erraten den hirietan eskaintza handia badela, ez lezake truka. «Kultur eskaintza aldetik ere oso aberatsa da hemen. Noiznahi badira gertakariak». Horri gehi jendeek elkar laguntzeko duten usaia. «Elkartasun sistemak badira. Sozialki bizi nahi dutenentzat, bada zer egin».

Garraio aldetik, jendea gazterik usatua da autoaren baliatzera, ezinbestez. Autoa aise nagusi da mugitzeko. Urrunago joateko, gaur egun Euskal Elkargoko autobus zerbitzua garatu da azken urteetan. Bereziki, Atharratzetik Baionaraino joan nahi bada. «Zortzi harat-honateko badira orain, eta kanbio handi bat da gazteendako», adierazi du Quihillaltek. Casanavek berehala gehitu du «adinekoendako ere» hala dela. Horri gehitu zaio elkargoak bideratu duen TAD eskaeraren araberako garraioa, etxera jende bila joateko zerbitzua.

Etxandi Atharratzeko Zibero eskubaloi taldeaz arduratzen da, eta animazio oso handia ekartzen dio ibarrari kirol talde horrek. «Familia handi bat da», erran du Etxandik. Hirurehun bat jokalari ditu haurretarik helduetara, eta laguntzaile andana. «Juntatze gune handi bat da», gehitu du Casanavek. Emazteak dira nagusi, gaur egun, kopuruz. «Neskatilek hiru talde dituzte, eta putikoentzat bat atxikitzea gogor da», aitortu du Etxandik. Halere, argi du trebatzaile boluntarioek ematen duten denborari esker dela bizi. Sakrifizio handia galdegiten badu ere balio duela dio: «Momentu izigarri goxoak iragaten ditugu; lagun anitz baditugu, eta biziki azkar da hori».

Ligiko karrika
Ligiko karrika. I. E.

Hezkuntza

Aloze-Ziboze-Onizegaineko ikastolaz gain, Atharratze eta Ligi inguruko eskola publikoek bat egin behar izan dute azken urte hauetan. Bederatzi herrien artean antolatu dira, eta ama eskola euskarazko murgiltze ereduan dute orain. Iaz oraino, Ligiko eskolan irakasle bakarrak maila eta adin guziak batera zeuzkan. Elkartzearekin, mailak banatu eta hobeki antolatu ahal izan dituzte. Ama eskola Montorin da; artekoak, Ligin, eta handienak, Atharratzen. Benoit Etxetok haurra eskola horretan du, eta euskara mailan ikusi du diferentzia: «Sentitzen da kanbioa. Mintzatzen da haboro». Haatik, haur kopurua ttipituz doa urtez urte ibarrean, eta horrek doi bat kezkatzen ditu. Casanave: «Iragan urtean, bost sortze baizik ez dira izan Basabürü guzian». Horregatik, geroari begira Quihillaltek uste du kanpoko jendearen errezibitzea dela desafioetarik bat. «Inportant da ontsa batzarri egitea kanpoko jendeari».

Atharratzen, euskara galdu bezala dute aspaldian, baina ligiar-athereiarrek itxaropena atxikitzen dute. Casanave euskal dantzen taldeaz arduratzen da, eta gazte belaunaldi berrian euskara berriz jin dela uste du. «Badu, puru, hamar urte denek entelegatzen dutela; euskaraz baizik ez gara ari».

Arnaud Chrisostome, Peio Quihillalt, Beñat Casanave
Arnaud Chrisostome, Peio Quihillalt eta Beñat Casanave. I. E.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.