Europako Parlamenturako hauteskundeen bereizgarrietako bat da estatu osorako barruti bakar bat ezartzea, horrek berekin dakarren konplexutasunarekin. Izan ere, sistema horrek nabarmen zailtzen du periferietako alderdi abertzaleek ordezkaritza eskuratzea. Euskal Herriko alderdi abertzaleen kasuan ere hala da, eta, horri aurre egiteko, koalizio zabalagoetara jotzea izan da soluzioa; nagusiki, Kataluniara eta Galiziara begira. Egungo koalizio formulek 2009an dute jatorria, baina aurrez bestelako bideak ere bilatu izan zituzten alderdiek.
Ekainaren 9ko bozetan, abertzaleen artean bi bloke nabarmendu daitezke Euskal Herrian; hain zuzen, Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan zein Espainiako Gorteetan antzeman daitezkeen berberak, baina estatuko beste zenbait lurraldetara ere eramanez, botoak pilatzeko xedez. Hala, EAJk —Geroa Sozialberdeekin eta Atarrabia Taldearekin batera— ohiko bazkide batzuengana jo du CEUS Europa Solidarioaren Aldeko Koalizio osatzeko. Horien artean nabarmenena Koalizio Kanariarra da, baina haren parte da El Pi-Balear Uharteen Aldeko Proposamena ere. EH Bilduk, berriz, ERC, BNG eta Ara Mes izango ditu bidelagun Orain Errepublikak koalizioan.
Bi bloke horiek ez dira zehazki kide berberek osatuak izan beti, eta alderdi batzuek batetik bestera ere egin dute iraganean. Halere, 2009ko bozetan hasi ziren egungo formulara gerturatzen. Hauteskunde haietan, lehen aldiz aurkeztu zen EAJ CEU Europaren Aldeko Koalizioa izenpean; 2014an ere errepikatu zuten izena, eta 2019an CEUS ezarri. Orduan, Koalizio Kanariarrarekin batera, Convergencia i Unio ere izan zuen zerrendakide, hura izanik boto gehien erakartzen zituena. Talde katalanak 2014an ere bat egin zuen haiekin, baina ez 2019an. Izan ere, Kataluniako zentro eskuin abertzaleak eraldaketa prozesu bat bizi izan zuen independentzia prozesu betean, eta, sigla aldaketekin batera, egun mantentzen duen bide propioari heldu zion Bruselara begira.
Horren eraginetako bat izan zen EAJ bilakatu zela koalizioko alderdi nagusi eta, ondorioz, zerrendaburuak ezarriko zituena. Izan ere, aurrez aipatutakoez gain, koalizioa osatu izan duten gainerako indarrak txikiagoak izan dira: Alderdi Andaluzista, Unio Mallorquina, BLOC (2009an), Reagrupament (2014an), Demokrata Valentziarrak (2019an) eta Galiziaren Aldeko Konpromisoa (2014an eta 2019an). Eragin hori, baina, boto kopuruan ere sumatu zuten; 2014an estatuan botoen %5,4 eskuratzetik 2019an %2,8 izatera pasatu ziren. Halere, horietan guztietan eskuratu du EAJk parlamentari bat.
Beste blokeari dagokionez, berriz, EAk eta Aralarrek osatu zuten lehenengoz, besteak beste, ERC eta BNG ere barne hartuko zituen koalizio bat, Herrien Europa izenpean. Orduan, ezker abertzaleak —legez kanpo— beste koalizio bat babestu zuen: Alfonso Sastrek gidatutako Iniziatiba Internazionalista. Azken bi bozetan, berriz, EH Bildu osatzen dutenek Esquerraren eta BNGren aldeko apustua berretsi dute, eta haiei batu izan zaizkie, besteak beste, Chunta Aragonesista (2009an), Entensa per Mallorca (2014an), Andecha Astur, Puyalon (2014an eta 2019an)... Haien kasuan, gorakada nabarmena izan dute hauteskundez hauteskunde: 2014an estatuko botoen %2,1 eskuratu zituzten; eta azken bozetan, %5,6, milioi bat botoen langa gaindituta: 1,25 milioi inguru. Hori Euskal Herriko ezker independentistari baliagarri izan zaio legealdi guztietan ordezkariren bat izateko, nahiz eta, koalizio barruan egindako akordioak tarteko, inoiz ez duten legealdi osoa egin.
Bide gorabeheratsua
Bi multzo bereizi horiek zehaztu aurretik, gutxienez hiru bloketan banatuta aurkeztu ziren alderdi abertzaleak Europako Parlamenturako bozetara. Izan ere, ezker abertzaleak bere marka propioen aldeko apustua egin zuen 1987tik 1999ra bitarte —2004ko bozetan, legez kanporatua zegoen—, Euskal Herritik kanpo ere babesak jaso bazituen ere. Eta lautik hirutan lortu zuen ordezkaritza: 1987an, 1989an eta 1999an.
Gainerakoei dagokienez, berriz, kontuan hartu behar da EAJren eta EAren arteko banaketa 1986an gertatu zela; hau da, Hego Euskal Herrian lehen aldiz Europako Parlamenturako boz batzuk egin baino urtebete lehenago. Hala, 1987an bananduta aurkeztu ziren bi alderdiak. EA, Herrien Europa zerrendaren barruan, ERCrekin eta PNG Galiziako Alderdi Nazionalistarekin batera; EAJ, berriz, Batasun Europeista zerrendan, PGN Alderdi Galegista Nazionalistarekin. Urte hartan, bi horien artean EA izan zen ordezkari bat eskuratu zuen bakarra, bere koalizioak EAJrenak baino 100.000 boto gehiago eskuratu baitzituen estatuan, nahiz eta Hego Euskal Herrian 20.000 gutxiago izan.
Ordutik aurrera, baina, 2019ra arte jeltzaleena izan zen abertzaleen arteko zerrendarik bozkatuena, eta horrek balio izan dio ordutik europarlamentari bat izateko; besteak beste, EAJk bere aliantza zabaldu zuelako. Koalizio Nazionalista izenpean, tartean, Kanarietako Agrupazio Independenteekin ─Koalizio Kanariarraren aurrekaria─ eta Galiziar Koalizioarekin aurkeztu zen 1989an, eta Koalizio Kanariarrarekin eta beste alderdi txikiago batzuekin 1994an. EAk, berriz, ERCrekin eta PNGrekin zuen koalizioari eutsi zion. 1989an balio izan zion ordezkaritza eskuratzeko, baina ez 1994an.
Gainera, 1989ko boz haietan, beste talde bat ere izan zen, laugarrena. Euskadiko Ezkerrak PSG-EG, Chunta Aragonesista eta Herrialde Katalanetako, Kanarietako eta Asturiasko alderdi txikiagoekin aurkeztu zen, eta, hala, ordezkaritza eskuratu.
1999an, berriz, Lizarra-Garazi akordioaren osteko garaian, EAJk eta EAk batera aurkeztea erabaki zuten, bi urte geroago Eusko Legebiltzarreko bozetan egingo zuten moduan. Horretarako, biek aurrez baliatu zituzten izenak batu zituzten: Koalizio Nazionalista-Herrien Europa. Haiekin ez zuen bat egin Koalizio Kanariarrak, baina bai, besteak beste, ERCk. Horiek hala, ordura arte Hego Euskal Herrian koalizio abertzale batek Europarako bozetan izandako boto kopururik handiena eskuratu zuten: 409.830 boto. Eta alderdi bakoitzak ordezkari bat bidali zuen Estrasburgora.
Batasun hark, baina, ez zuen askorik iraun, eta 2004an berriz ere bere bidea egin zuen bakoitzak. EAJk Galeusca – Europako Herriak osatu zuen, lehen aldiz, CiUrekin, BNGrekin eta beste zenbaitekin bat eginez. Herrien Europa formula berreskuratu zuen, berriz, EAk, ERCrekin, Chuntarekin eta beste zenbaitekin. Berriz ere, biek lortu zuten ordezkaritza. Ez, ordea, Aralarrek. Hura bakarrik aurkeztu zen, eta ez zen 20.000 boto eskuratzera iritsi.