Ez da erraz ahaztekoa azken egunetan Bulebarrean bizi izan dena. Nabari zen hori Martutenerako martxan zirenen artean. Haietako batzuek, ordea, ez dute sekula ahaztuko: haien lagunak eta senideak egon dira elkartasunaren erdigunean, eta haien lagunak eta senideak sartu dituzte, azkenean, espetxean.
2007tik dabiltza amesgaizto batean Donostiako gazte auzipetuak. Joan den apirilaren 8an heldu zitzaien behin betiko epaia Espainiako Auzitegi Gorenetik. «Segundo batean, zatitu egin gintuzten, loteria makabro batekin. Oso sentsazio txarra da», zioen Peio Lamarkak, Loiolatik Martutenera bidean. Absolbitu egin zuten hura; baita Urko Pikaza ere: «Suposatzen da berri oso ona eman dizutela; asko duzula ospatzeko, baina, aldi berean, ezer ez».
Espetxera zigortuetako baten aita da Mikel Arretxe —izen bera du semeak ere—. Basauriko kartzelara joana zen goizeko zortzietarako, semea ikustera, eta handik etorri zen Martuteneko martxara. «Jasotako tratuaz galdetu diot lehenengo, aita naiz eta!», esan zuen. Tratu egokia izan dutela kontatu zion semeak: Oiartzungo ertzainetxera eraman zituztela lehenengo; handik, Martutenera, sendagile batek ikus zitzan; eta, ondoren, batzuk Basaurira eta besteak Zaballara. «Oso gustura etorri gara. Animoso dago, eta eskuminak bidali ditu guztientzat».
Ezagun ditu Arretxek halako ibilerak: oraingoarekin, hirugarren espetxealdia du semeak. Madrilgo Los Rosales adingabeen zentroan sartu zuten preso 2004ko abenduan, beste auzi batengatik; «Poliziaren azpijokoa» salatu zuten orduan. 2007ko urrian atxilotu zuten berriz, Donostiako hogeitik gora gazteren aurkako sarekadan. Madrilera eraman zuten orduan ere, Navalcarneroko espetxera. 2009an irten zen kalera; libre izatea, ordea, beste gauza bat da. Hala dio, behintzat, aitak: «Ezin bizi ibili gara azken lau urteetan: poliziak beti atzetik segika, beti beldurtuta...».
Duela ia bi aste, azkenean, berretsi egin zieten sei urteko zigorra hamabost auzipetuetatik zortziri. «Epaia atera zenean, ohartarazi gintuzten edozein unetan etorriko zirela», zioen Arretxek. Bi aukera izaten dira halakoetan: «Berehalako espetxeratze agindua» etortzea, edo kartzelatze egun bat jartzea. Astebete geroago heldu da oraingoan agindua. «Ez genekien zer zegoen atzetik», zioen. Azkenean, joan den asteartean jakin zuten bezperatik emana zutela espetxeratzeko agindua. Hautsi egin zuten epaia, ez zioten men egin aginduari. Geroztik, gero eta handiagoa bihurtu da keinu haren indarra.
Lana, eta herriaren gogoa
Hilabetetan aritu dira hamabost auzipetuak Bulebarrean lehertu zena prestatzen. «Milaka bilera amaigabe», gogorarazi zuen Pikazak. Gainera, ez zaie erraza gertatu denak ados jartzea: «Oso zaila da planteamendu komun bat egitea, bakoitzak duen indarrarekin, grinarekin, egoera pertsonalarekin...». Lortu zuten ados jartzea, eta espektatiba guztiak hautsi zaizkie. Arrakastaren «mendekutzat» du Lamarkak espetxeratuak hasieratik sakabanatu izana ere. «Gogoan dut nola esaten genuen bileretatik etxerako bidean: 'Hogei pertsona lortuko bagenitu zutabetan etxera laguntzeko, sekulakoa litzateke'».
Egun gogorrak izan dira senideentzat ere. «Hiru egun pasa ditugu lorik egin gabe», zioen Arretxek, baina lortutakoaz harro nabari zen. Ertzaintza jendea probokatzen eta nekatzen saiatu dela uste du: «Ea botilaren bat-edo erortzen zen». Asteazken gauean, bi aldiz joan ziren Ertzaintzaren furgonetak Bulebarrera; gero jakin dute hutsik zeudela. «Hasieran 100 ginen, gero 300, eta, azkenean, 1.200. Zergatik ez dira etorri 100 geundenean?», galdetu zion bere buruari: «Utzi egin dute, nik uste, ez zutelako espero herriaren erantzuna. Jokoz kanpo harrapatu dugu EAJ».
Lana egin den arren, jendea «gogo biziz» zegoela uste du Lamarkak, eta animoak bidali zizkien antzeko egoeran dauden gazte guztiei. Epaiketa eta espetxeratze politikoak gelditzeko bidean «pauso txikia» izan arren, baikor agertu zen. Mezu hori bota zienguztiei: «Izan konfiantza osoa herri honengan. Herri oso bat dago zuek babesteko prest».
Aske Gunea. Manifestazioa
Barrukoaren beste aldea
Espetxera zigortutako gazteak izan dira elkartasunaren erdigunean, baina erdigune horrek badu bere ingurua ere. Zigorraren gazia eta elkartasunaren gozoa gertutik bizi izan dituzte haiek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu