Ariketa bat izan da. Kanpora ateratzekoa urte luzez isilean igaro dutena, gogoan izan dutena, negar egin dutena, ezina jarri diena, ahoan iltzatuta eduki dutena. Bidea egiten hasita zeuden batzuk; webgunea egiteko kazetariak joan zaizkienean hasi dute besteek. Mina. Baina hartu dute halako sentsazio bat. Ahalegina balekoa izan dela. Merezi izan duela. Atera dutela. Hor geratuko dela. Betiko. Barruan iltzatuta zutena geratuko dela sareko amaraunean josita. Nahi duenak ikus dezan. Jakin dezan. Zer gertatu zen. Zer egin zuten. Zer egin zieten.
Familiako kideak lehen ilaran. Webgunearen azala aurrez aurre. GALen ikurra. Webaren sarrera. Oroimenaren eta justiziaren garaian izenburua. Amak, anai-arrebak, ilobak. Atzean, erakundeetako ordezkariak. Andoaingo alkatea, Ana Karrere. Tolosako alkatea, Ibai Iriarte. Eta Madrilen ari direnak: Onintza Enbeita eta Xabier Mikel Errekondo diputatua; Amalur Mendizabal senataria. Webgunea, oroimenaren kutxa. Eta euskaraz. Kultur alorreko ordezkariak elkartu dira. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Imanol Lazkano bertsolaria eta Laxaro Azkune kazetaria.
AXUN LASA Joxean Lasaren arreba
«Memoria hor geratzen da, idatzia. Asebetetze handia izan da. Bai, merezi zuen»
Urteurrena. Urriaren 15a. «Gaurko gaua da, bai», dio ekitaldia bukatuta Axun Lasak. Tolosan (Gipuzkoa) dute ekitaldia gaur, urteroko legean. Bentaundin. «Gure gauza goxo hori eduki dugu aurreneko urtetik, 1984tik. Han bilduko gara. Elkarrekin egingo dugu dena delako hori. Eta oso gustura».
Familia giroko ekitalditik aparte, urteurrenari soilik lotutako egun bateko akorduaz gaindi, webak aukera jarriko du nahi den guztietan eta nahi den guztirako gogora ekartzeko zer gertatu zen. «Memoria hor geratzen da, idatzia geratzen da, eta horrek ematen du halako sentsazio bat, horrelako 'ai zer ondo' bat. Asebetetze handia izan da. Goxotasuna. Bai, Joxeantoniok merezi zuen».
Neba gogoratzeko garaiak izan dira. Kazetariari azaltzekoak barruan gordetakoa, bizi izandakoa, jasandakoa, sufritutakoa. «Lasai egon ginen, oso goxo. Malkoak ateratzen baziren, ez zion inporta. Nik oso gustura kontatu nuen. Etxeko sentitu nintzen. Barrua bera husten zela ematen zuen».
Hor geratu da ateratako guztia. Jasota, baina ez gordeta. «Gauzak mugitzen dira. Gogorra da, baina ikustea oroimen hau, elkartasun hau, ikustea jendeak bere indarra eta gogoa jarri duela honetan...».
JOXE ROMAN ETXAIDE Xabin Etxaideren anaia
«Niri neuri kostatu egiten zait adieraztea. Familian ere kostatu egin zaigu»
Gertatu zena kanporatzea ez da erraza izan. «Ni neuri kostatu egiten zait adieraztea. Familian ere kostatu egin zaigu». Joxe Roman Etxaidek eta arrebak eman dute GALek hildako Xabin Etxaide zenaren berri. Ez dira jendaurrean atera zale, baina urratsa egin dute.
Batez ere familian bizi dute gertatutakoa etxaidetarrek. «Omenaldia egiten zaio urtero herrian, eta guk hori eskertzen dugu». Memoriaz hitz egiten da orain, gertatu zena ez ahazteaz. «Memoria bakoitza bereak dauka». Erakundeen aitortza hizpide da. Barkamena. «Ni ez naiz biktima sentitzen. Iraultzaile batek ez du barkamena inoiz eskatu behar, nire iritziz. Jasotzeko nahirik ere ez daukat». Oroimenerako pauso bat da weba. «Proiektu interesgarria izan da».
JESUSA GOENA IRASTORZA Juan Carlos Garcia Goenaren ama
«Gertatu zena ez ahazteko eta hurrengo belaunaldiek horren berri izateko balioko du»
Webaren aurkezpenak «oroitzapen asko» ekarri dizkio gogora Jesusa Goena Irastorzari, Juan Carlos Garcia Goenaren amari. «Oso garai gogorrak eta tristeak izan ziren». Eskertzekoa eta beharrezkoa iruditzen zaio GALek lehen ekintzak egin 30 urtera halako proiektu bat egitea. «Zer gertatu zen ez ahazteko eta hurrengo belaunaldiek ere horren berri izateko balioko du. Memoria egiteko». Goenak Irastorzak semeari buruz hedabideetan agertzen zen zen guztia du gordeta: «Egunkariz, argazkiz eta agiriz betetako poltsa eta kaxa bat ditut. Semeak esan bezain laster BERRIAk webgune bat egin behar zuela, laguntzeko prest agertu nintzen. Aurkezpenera gustura etorri naiz».
Pili Zabalak, Joxi Zabalaren arrebak, aurkezpenean emandako mezua barrenera iritsi zaio: «Hasieratik jaso genuen herritarren babesa, eta urte asko pasa diren arren, oraindik ere sentitzen dugu». Ezin du berdina esan justiziaz: «Semearekin gertatu zenaren ostean, beti esaten dut ez zela justiziarik egin. Estatuaren aurka egitea zen, eta bagenekien irabaztea zaila izango zela. Bi epaiketak galdu genituen».
GAL 30 urte. 'Berria'-ren webgune bereziaren aurkezpena
Barruko minaren testigantza
Senideen lekukotasunak zuzenean bilduta osatu dute bilduma kazetariek. Ariketa egitea eskatu die horrek GALen biktimen familiei. Mina ateratzea. Baina merezi izan du. Betirako jasota geratu baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu