Barriosek eta Gulinak espetxea saihestu dute, fiskaltzarekin akordioa eginda

«Dokumentuak faltsutu» izana onartu dute. Auzitegi Gorenak atzera bota du Marixol Iparragirre absolbitzearen aldeko epai bat.

Barrios eta Gulina, gaur goizean, Espainiako Auzitegi Nazionalean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Iosu Alberdi.
2023ko apirilaren 11
12:56
Entzun

Iñigo Gulina eta Mikel Barriosi urtebete eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eta 3.240 euroko isuna ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina ez dira kartzelara itzuliko. Fiskaltzarekin egindako akordioa tarteko, Gulinak eta Barriosek «dokumentuak faltsutzeko delitu» bana egin izana onartu dute, baina zigorra hiru urterako etenda geratuko da.

Gulina eta Barrios 2017ko urrian atxilotu zituzten, Berlinen, eta fiskaltzak hiru urteko espetxe zigorra eskatu zuen haientzat, «behintzat 2017an» ETAren «egitura tekniko-logistikoarekin» kolaboratzea egotzita. Ordurako, sei urte igaroak ziren erakunde armatuak behin betiko su-etena iragarri zuenetik.

Bi euskal herritarrak aske daude gaur egun. Barrios atxiloketaren ostean Frantziaratu zuten, eta bost urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Etxerat elkarteak otsailean jakinarazi zuen baldintzapean aske utzi zutela; 2020ko urritik etxean ari zen zigorra betetzen. Gulina, berriz, 2018an geratu zen aske, ia urtebete kartzelan egon ostean.

Gorenaren epaia

Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Marixol Iparragirreren absoluzio epaia. ETAk 1997an Oviedoko (Espainia) polizia etxe batean egindako ekintza batekin lotuta epaitu zuen Auzitegi Nazionalak Iparragirre, eta hura absolbitzea ebatzi zuen 2021eko urtarrilean. Orain, baina, Gorenak adierazi du ez dagoela halako erabaki bat hartzeko adinako «motibaziorik», eta beste ebazpen bat plazaratzeko agindu dio Auzitegi Nazionalari.

Fiskaltzak jarri zuen absoluzioaren kontrako helegitea, eta Manuel Marchena magistratua buru duen epaimahaiak arrazoia eman dio. «Koherentzia falta» aurpegiratu dio Auzitegi Nazionalari. Besteak beste, Guardia Zibilaren txosten bat kontuan hartu ez izana kritikatu dio. Hura kontuan hartzeko eskatu zuen lehen ebazpena eman zuen Auzitegi Nazionaleko epaimahaiko epaile batek ere. Boto partikularra eman zuen, eta Iparragirreri 71 urteko espetxe zigorra ezartzearen alde egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.