Barrionuevoren kontrako kereilak «zuriketa saiakerak» amaiarazteko balio izatea nahi dute

Gerra zikinaren hemezortzi biktimak aurkeztuko dute Barne ministro ohiaren kontrako salaketa, eta Espainiako justiziari eskatu diote «arduraz» jokatzeko. Auzibidean Felipe Gonzalez gobernuburu ohiak deklaratzea galdegingo dute.

Jose Barrionuevoren aurkako kereilaren berri eman dute Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jose Barrionuevoren aurkako kereilaren berri eman dute Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iosu Alberdi.
Bilbo
2025eko martxoaren 14a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Barne ministro ohi Jose Barrionuevoren kontrako kereilaren inguruko xehetasunak eman dituzte gaur Egiari Zor fundazioak eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak, Bilbon egin duten agerraldi batean. Ipar Euskal Herrian zeuden errefuxiatu politikoen giza eskubideak urratzeagatik egin dute Barrionuevoren aurka, eta auzian «arduraz» jokatzeko eskatu diote Espainiako justiziari, egiarako eskubideak ezin duelako preskribatu. Biktimek espero dute ekinbideak balio izatea «zuriketa» atzean utzi eta gerra zikinaren erantzuleak ezagutarazteko: «Historiak gogora dezala zer diren benetan: kriminal hutsak, gobernu boterea eta botere politikoa erabili zutenak giza eskubideak urratzeko».

Maddi Bilbao eta Oscar Sanchez abokatuek (Hiru abokatuak) eman dituzte azalpen juridikoak, eta zehaztu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzio Epaitegi Zentralean aurkeztuko dutela kereila. Zehazki, hemezortzi lagunek aurkeztuko dute; horiek guztiak gerra zikinaren zuzeneko biktimak edo haien senideak dira.

1980ko hamarkadan ZEN planaren barruan jazotakoak ditu oinarri kereilak. Hain zuzen, haren pean ekin zion bere jardunari GALek: 1983tik 1987ra bitarte aritu zen talde paramilitar hura, Euskal Herri osoan. Oraingoan, baina, Ipar Euskal Herrian ziren errefuxiatu politikoen kasuetan zentratuko dira bereziki. Abokatuek adierazi dute «integritatearen eta segurtasunaren aurkako eraso larriak» egin zituztela. Besteak beste, errefuxiatu izaera zuten hamazazpi lagun eta frantziar herritartasuna zuten beste hamar hil zituzten, eta ugari dira tortura, deportazio eta legez kanpoko entrega kasuak ere. Bilbaoren eta Sanchezen datuen arabera, Frantziako Poliziak 176 errefuxiatu entregatu zizkion Espainiari «indarrean zegoen araudia errespetatu gabe», eta horien kontra «modu sistematikoan» erabili zen tortura. Era berean, 74 lagun kanporatu zituzten Amerikara edo Afrikara herritar horien eskubideak kontuan hartu gabe eta araudi administratiboei men egin gabe.

Nazioarteko araudiei eta Espainiako Zigor Kodeari erreparatu diete, eta zehaztu horien arabera kereilan adierazten direnak «gizateriaren aurkako delituak» direla. Batetik, «biztanleria zibilaren parte den kolektibo jakin baten aurkako eraso zuzenak» direlako hilketak, lesioak, tortura, legez kanpoko atxiloketak, bahiketak, legez kanpoko entrega eta deportazioak. Bestetik, «estatuak edo haren baimenarekin eta oniritziarekin bultzatutako partikularrek» egin ditzaketelako halako delituak: «Kasu honetan, kereilatuak egin ditu delituak, partikularrek lagunduta eta estatuaren baimenarekin, oniritziarekin eta babesarekin».

Aipatutako eskubide urraketa horien artean, Joxemari Larretxearen bahiketa saiakerari erreferentzia egin diote bi abokatuek. Izan ere, Barrionuevok jendaurrean aitortu zuen bere erantzukizuna, 2022an El País-i emandako elkarrizketa batean: «Kongresuan egindako agerraldi batean onartu nuen: [Martin Barrios Farmazia kapitainaren bahiketa] operazioaren buru zela bagenekien hura [Larretxea] atxilotzeko eta [Espainiara] ekartzeko agindu nuen. Ez genekien non zuten, baina bai nor zen buru, eta harrapatu zuten. Baina gizon handia zen, eta ez zen sartzen autoaren maletategian. Borrokan ari zirela, Frantziako Polizia iritsi, eta bahiketa zapuztu zuen». Ez dute sekula epaitu horregatik. 

«Argi daukagu bere burua zuzenbide estatutzat daukan estatu batek ezin duela beste alde batera begiratu salaketa hain larri bat dagoenean»

MADDI BILBAO Abokatua

GALen eta Espainiako Gobernuko goi kargudunen arteko harremana, beraz, ezaguna da, eta, adierazpenetatik harago, auzitegiek ere frogatutzat jo dute hura; besteak beste, Segundo Mareyren bahiketarekin lotuta zigortu zuten Barrionuevo bera. Beraz, abokatuek uste dute prozesu judizial bati ekiteko modua badagoela, halako delituek ez dutelako preskribatzen, eta kereilaren bidea jo dute egokitzat horretarako: aukera ematen die akusazio partikular gisa jarduteko eta auzibidean «parte hartze aktiboa» eduki ahal izateko.

Aurrera egiteko «froga oso sendoak» dituztela uste dute Bilbaok eta Sanchezek, eta lekukotzen zerrenda luze bat ere proposatu dute; besteak beste, Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile izanak eta Melchor Miralles kazetariak deklaratzea nahi dute. Justizia sistemari eskatu diote arduraz jokatzeko: «Argi daukagu bere burua zuzenbide estatutzat daukan estatu batek ezin duela beste alde batera begiratu salaketa hain larri bat dagoenean, eta konfiantza osoa dugu hau bide baten hasiera dela».

«Zama umiliagarria»

Kereilan parte hartuko duten biktimetako bi dira Edurne Brouard eta Bego Galdeano. GALek hil zien aita biei: Santi Brouard zen lehendabizikoarena, eta Xabier Galdeano bigarrenarena. Haiek ere Barrionuevok 2022an esandakoak gogoratu dituzte, eta esan hitz haiek «zama umiliagarria» eta «birbiktimizazioa» eragin zietela biktimei. «Oinazea eta sortutako babesgabetasuna salatu genituen orduan», gogoratu dute. Izan ere, Barrionuevoren hitzetan «izaera epiko harroputz eta nazkagarria» nabaritu zuten: «Zigorgabetasun osoz sentitzen denaren eta egindako terrorismoaz harro dagoenaren jarrera baino ez zuen erakutsi».

Kereila jarri dutenen zerrenda

  • Edurne Brouard Aldamiz. Santi Brouarden alaba. GALek hil zion aita, 1984an. 
  • Bego Galdeano Prieto. Xabier Galdeanoren alaba. GALek hil zion aita, 1985ean.
  • Lourdes Oñederra Bergara. Ramon Oñederraren arreba. GALek hil zion anaia, 1983an.
  • Arantza Oñederra Bergara. Ramon Oñederraren arreba.
  • Izaskun Ugarte Begoña. Mikel Goikoetxea Elorriagaren alarguna. GALek hil zion senarra, 1984an. 
  • Josu Amantes Arnaiz. GALek larri zauritu zuen, 1985ean.
  • Axun Lasa Arostegi. Joxean Lasaren arreba. GALek bahitu, torturatu eta hil zion anaia, 1983an.
  • Joseba Lasa Jauregi. Joxean Lasaren iloba.
  • Peli Aldatz Moran. Fernando Egileorren alarguna. GAL hura hiltzen saiatu zen 1985ean. Espainiaratu egin zuten Frantziatik 1986an, eta torturak salatu zituen. 
  • Gorka Egileor Aldatz. Fernando Egileorren semea.
  • Amaia Egileor Aldatz. Fernando Egileorren alaba.
  • Izaskun Rekalde. Morbihanen (Bretainia) bizitzeko agindua ezarri zioten 1987an.
  • Peio Aizpuru Arbelaitz. Dionisio Aizpururen anaia. Poliziak hil zion anaia, Pasaian, 1984an.
  • David Isart Badiola. Pedro Maria Isarten anaia. Poliziak hil zion anaia, Pasaian, 1984an.
  • Francisco Javier Izura Sanz. Jose Mari Izura Sanzen anaia. Poliziak hil zion anaia, Pasaian, 1984an.
  • Carlos Delas Aizkorbe. Rafael Delas Aizkorberen anaia. Poliziak hil zion anaia, Pasaian, 1984an.
  • Bixen Mujika Mendiondo. Eugenio Aranburu Garmendiaren alarguna. Cabo Verdera deportatu zioten senarra, 1985ean.
  • Maider Garcia Martin. Juan Carlos Garcia Goenaren alaba. GALek hil zion aita, 1987an.

Era berean, «Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak adierazitako gaitzespen erreakzioen oldea» ere gogoratu dute, eta gehitu Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk laguntza ekonomikoa eskaini ziela Barrionuevoren kontrako bide judizialari ekiteko.

«Bistan da gaurdaino ez dela borondaterik egon gertakariak eta erantzukizunak argitzeko Espainiako Estatuko esparru politikoan»

EDURNE BROUARD GALen biktima

Brouardek eta Galdeanok, baina, adierazi dute lehen eginbeharra egoeraren balorazio juridiko bat egitea izan zela. Izan ere, salatu dute fiskaltzak uko egin ziola ofizioz ekiteari, eta kontuan izan behar dela orain arte justiziak ez duela «gauza handirik» egin egia argitu eta erantzuleak seinalatzeko: «Bistan da gaurdaino ez dela borondaterik egon gertakariak eta erantzukizunak argitzeko Espainiako Estatuko esparru politikoan, ezta judizialean ere».

Aurrera begira ere ez dute Espainiako justizian sinesteko arrazoi askorik, adierazi dutenez, baina bai auzia amaieraraino eramateko «konpromisoa» eta «indarra». Hala, Egiari Zor-eko kideek uste dute badela garaia amaiera emateko egungo egoera «onartezinari», hau da, «estatuko aparatuetatik egindako krimenak zuritzeko eta justifikatzeko saiakerei». Horretarako, aintzat hartu nahi dute Urkulluk 2022an egin zien laguntza proposamena, eta espero dute Imanol Pradales egungo lehendakariak bere egitea. Era berean, azaldu dute Giza Eskubideen Behatokiaren lanak eman diela kereila aurkezteko «bultzada». 

«Ez ziren 1978an amaitu»

Behatokiaren izenean, Agus Hernan koordinatzaileak hartu du hitza. Hark ere Espainiako Estatuak orain arte izandako jarrerari erreparatu dio: bere ardurapean egindako delituak estaltzea, «erabateko zigorgabetasuna» ezartzea eta biktimak «birbiktimizatzea». Eta azaldu du Barrionuevo bera dela horren adibide. Auzitegi Gorenak hura zigortu zuen 1998an, GALen erantzule gisa. Hark, baina, hiru hilabete besterik ez zuen egin espetxean: Jose Maria Aznarren gobernuak indultu partzial bat eman zion, zigorraren bi heren barkatuz, eta ondoren hirugarren graduko espetxe modalitate berezi bat ezarri zioten.

Kereilari dagokionez, berriz, Hernanek azaldu du Giza Eskubideen Behatokiak azken hilabeteetan aurkeztutako beste bien logika berari jarraitzen diola. Zehazki, kereila bat aurkeztu zuten Josu Mujikaren hilketa estrajudizialagatik, eta beste bat Txomin Letamendiren torturen ondoriozko heriotzagatik, eta epaitegiek tramiterako onartu dituzte biak.

«Barrionuevok negazionismotik autojustifikaziora egin du: gertatutakoa legitimatu du, eta horretan zehazki izan duen erantzukizunaz harrotu da»

AGUS HERNAN Giza Eskubideen Behatokiko koordinatzailea

Abokatuek egin bezala, Hernanek ere esan du gertaera horiek preskribaezinak direla. Hark, baina, Espainiako Memoria Demokratikorako legean jasotako beste elementu bati ere erreparatu dio: «Ezartzen du giza eskubideen urraketak ez zirela 1978an amaitu». Esan duenez, halako urraketak ez ziren Barrionuevorekin hasi, ezta amaitu ere, baina haren agintaldiaren (1982-1988) «marka» izan ziren.

Gainera, hark ere uste du ez dela Barrionuevoren «erantzukizunaren hedadura osoa», eta hori agerian geratu dela Barne ministro ohiak berak «negazionismotik autojustifikaziora» egindako bidea ikusita: «Gertatutakoa legitimatu du, eta horretan zehazki izan duen erantzukizunaz harrotu da».

Hernanek gehitu du GALen biktimek badutela egia soziala, eta horietako batzuek baita egia instituzionala ere —biktima gisa aitortu ditu Eusko Jaurlaritzak—, baina egia judiziala falta dute. Horretarako, amaieraraino iristeko asmoa dute, auzia nazioarteko instantzietara eraman behar badute ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.