Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak eta Egiari Zor fundazioak jakinarazi dute Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiaren aurkako kereila bat aurkeztuko dutela, Ipar Euskal Herrian ziren errefuxiatuen kontra erabilitako «matxinoen aurkako estrategiaren» zenbait biktimarekin batera. Adierazi dute ZEN Zona Especial Norte planaren barruan egindako ekintzen eta, ondorioz, GALen jardunaren «erantzule nagusietako bat» dela, eta gogoratu dute Barrionuevok berak ere aitortu duela horretan parte hartu izana. Zehazki, Segundo Mareyren bahiketan eta Joxemari Larretxea bahitzeko saiakeran izandako rolaz mintzatu zen El País egunkarian. Prentsa oharrean ez dute aurreratu, baina Agus Hernanek Euskadi Irratian jakinarazi du gizateriaren kontrako delituak egitea leporatuko diotela kereila horretan.
Ostiralean emango dute kereilaren berri, prentsaurreko batean, eta, besteak beste, Edurne Brouardek eta Bego Galdeanok hartuko dute hitza. GALek hil zien aita biei: Santi Brouard zen lehendabizikoarena, eta Xabier Galdeano bigarrenarena. Bestalde, prentsaurrekoan izango dira Maddi Bilbao eta Oscar Sanchez abokatuak, eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiko ordezkari Agus Hernan.
Prentsa deialdian azaldu dutenez, ZEN planaren esparruan erabilitako estrategiaren adibideetako batzuk dira 1980ko hamarkadan izandako bahiketak, desagertze behartuak, torturak, legez kanpoko entregak, deportazioak eta, noski, GAL bera.
Ikusi gehiago
Hain zuzen, Espainiako Barne Ministerioak 1983ko otsailean jarri zuen martxan ZEN plana, Barrionuevo ministro izendatu eta lau hilabetera. Haren helburuen artean zen «borroka kontraterrorista alor guztietan indartzea: arlo politikoan, sozialean, legalean eta polizialean». Zortzi hilabeteren buruan, urte hartako urrian, lehen ekintza egin zuen GALek: urriaren 16an, Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu zituen, eta, torturatu eta hil ostean, Busoten (Herrialde Katalanak) lurperatu.
Bi egun geroago egin zuten Larretxea bahitzeko ahalegina. Espainiako Poliziako inspektore bat eta GEO unitate berezietako hiru kide saiatu ziren hura atzematen, Hendaian (Lapurdi), baina Frantziako polizia batek harrapatu zituen. Ekintza hura Barrionuevok agindu zuen. Hala esan zion El País-i, eta zehaztu ETApm-k Alberto Martin Barrios Farmazia kapitaina bahitu izanaren erantzuna zela: «Kongresuan egindako agerraldi batean onartu nuen: operazioaren buru zela bagenekien hura [Larretxea] atxilotzeko eta [Espainiara] ekartzeko agindu nuen. Ez genekien non zuten, baina bai nor zen buru, eta harrapatu zuten. Baina gizon handia zen, eta ez zen sartzen autoko maletategian. Borrokan ari zirela, Frantziako Polizia iritsi, eta bahiketa zapuztu zuen». Jarraian, ekintza haren osteko inpunitateaz ere mintzatu zen: «Esan nuen agindu nuela, baina ez zen inolako ondoriorik izan, eta auzitegiak ere ez zuen auzirik abiatu».
GALen hurrengo ekintza, aldiz, auzitara iritsi zen. Segundo Mareyren bahiketa. Espainiako Poliziak kontratatutako mertzenarioek 1983ko abenduan atzeman zuten, Hendaian, Mikel Lujua etakidearekin nahastuta, eta bederatzi egunez izan zuten gatibu. Bahiketa hartan izandako rolagatik, Barrionuevori hamar urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak 1998ko uztailean. Harekin batera zigortu zituzten Rafael Vera Segurtasun zuzendaria, Julian Sancristobal Bizkaiko gobernadore zibil izandakoa eta Ricardo Garcia Danborenea Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusi ohia, besteak beste.

Barrionuevok, baina, hiru hilabete besterik ez zuen egin espetxean, Jose Maria Aznarren gobernuak indultu partziala eman baitzion. Gainera, PSOEren orduko goi kargudunen babesa ere izan zuen Barne ministro ohiak: 1994an Jose Amedo eta Michel Dominguez poliziek haren esku hartzearen berri eman bazioten ere epaileari, Barrionuevo alderdiaren zerrendetan sartu zuten 1996ko Espainiako Kongresurako bozetarako; 1998ko irailaren 10ean, berriz, Guadalajarako espetxerako bidea egiten lagundu zioten Felipe Gonzalezek, Ramon Rubialek, Alfonso Guerrak, Txiki Benegasek eta beste hainbat goi kargudunek.
«Okerra»
Larretxearen kasua ez bezala, Mareyren bahiketa Espainiako Poliziaren Bizkaiko informazio zerbitzuei egotzi zien Barrionuevok: esan zuen haiek bazutela «nolabaiteko autonomia», eta berak «gauzak gertatu ahala» izaten zuela zenbait ekintzaren berri. Kontrara, Barrionuevok azaldu zuen berak agindu zuela «okerra» zuzentzeko, hau da, Marey askatzeko, «desordena» handiagoa ez sortzeko.
Ez zuen, baina, xehetasun gehiago eman nahi izan, nahiz eta informazio hori baduen: «Nola jakin nuen esateko, izenak eman beharko nituzke, eta ez dut nahi. [...] Badakit [preskribatuta dagoela], baina badut itsasontziko kapitainaren konplexu pixka bat». Eta kazetariak adierazi zuenean jazotakoa delitu bat zela, hala erantzun zuen: «Etakideek esaten zuten gerra bat zela. Nik ezin diot nire lubakitik tiro egiten ari direnen kontra ekin, nahiz eta tiro batzuk okerrak izan. Ezin dut, hala dira arauak. Ni han nengoela Espainiako Barne Ministerioan gaizki egindakoen erantzulea naiz». Zehazki, Barrionuevo 1982ko abendutik 1988ko uztailera bitarte izan zen Barne ministro.
Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak aurkeztutako hirugarren kereila izango da Barrionuevoren kontrakoa. Aurrez, Josu Mujika Aiestaran eta Txomin Letamendi Muruaren kasuei buruzkoak ere aurkeztu zituzten, eta biak tramiterako onartu dituzte, hurrenez hurren, Madrilgo 12. epaitegiak eta Donostiako 5.ak. Mujika Poliziak hil zuen, 1975ean, Madrilen, eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak eta haren senideek, besteak beste, Mikel Lejarza El Lobo-ren kontra egin dute. Letamendi ere Madrilen hil zen, 1950ean, Polizia frankistak egindako tortura larrien ondorioz.