Barrenetxearen testigantza eta Istanbulgo Protokoloa ez dira «nahikoa» epaileentzat

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak absolbitu egin ditu torturak egotzita epaitutako lau guardia zibilak. Salaketa berresteko «elementu periferikorik» ez dagoela dio

Barrenetxearen tortura salaketagatik epaitutako lau guardia zibilak, martxoan, Bizkaiko Lurralde Auzitegian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
2017ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Sandra Barrenetxearen tortura testigantzan «kontraesanak» nabarmendu, eta NBEk onartutako Istanbulgo Protokoloaren bidez psikologo perituek ateratako ondorioak zalantzan jarri dituzte Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaileek. Ez, ordea, Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi medikuak inkomunikazio aldian egindako txostenak eta epaiketan esandakoak. Ondorioa: absolbitu egin dituzte 2010eko irailean Barrenetxea torturatzea leporatuta martxoan epaitutako lau guardia zibilak. Hala ebatzi dute sententzian Reyes Goenaga, Alfonso Gonzalez-Guija eta Juan Manuel Iruretagoiena epaileek: «Froga moduan, [Barrenetxearen] deklarazioak ez du nahikoa pisu».

Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren sententziari apelazio helegitea jartzeko aukera du Barrenetxeak, bost laneguneko epean.

BIDAIAKO ERASO SEXISTAK

Barrenetxeak salatu zuen Madrilerako bidean bertan hasi zirela haren aurkako tratu txarrak; besteak beste, ia osorik biluztu zutela, eta eraso sexistak egin zizkiotela. Epaileek hasieratik jarri dute zalantzan Barrenetxearen kontakizuna. «Imaginaezina» da, haien esanetan, «[Guardia Zibilaren] autotik gertu egondako pertsonaren batek ez ikustea» auto barruan gertatzen ari zena.

Gainera, epaileek nabarmendu dute Barrenetxeak kontatu zuela nola erantzi zuten bortizki, baina ez nola jantzi zuten ondoren—guardia zibil bana zuen bi alboetan—: «[Arropak kentzeko] Maniobra edo manipulazio horiek ezinbestean eskatzen dute haren [Barrenetxearen] laguntza, bestela, oso konplikatuak lirateke».

MADRILGO AUZI MEDIKUA

Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi medikuari bai, sinesgarritasun osoa eman diote. «Epaimahai honek ez du inongo arrazoirik haren profesionaltasuna zalantzan jartzeko». Juan Miguel Monge Perez da auzi mediku hori. Gara-k martxoan argitaratu zuenez, 2015etik, Munduko Mediku Elkartea hura ikertzen ari da «etika falta larriagatik», ustez torturak estali izan dituelako auzi mediku gisa. Besteak beste, Barrenetxearen kasua aipatu zuten.

«Oso esanguratsua da», epaileen hitzetan, «auzi medikuak epaiketan adierazi izana ez ziola inolako ebidentzia fisiko edo psikikorik antzeman Barrenetxeari». Tortura testigantzan, hala jaso zituen Barrenetxeak auzi medikuari buruzkoak: «Bere jarrera lotsagarria zen: momentu oro zalantzan jartzen zuen nik esandakoa, eta galderak egiten zizkidan ni kontraesanetan harrapatzeko. [...] Ez zidan ezer galdetu. Ez ninduen aztertzen. Nik eskatu behar nion tentsioa hartzeko, eta esan zidan: 'Zertarako?'».

Epaileek nabarmendu dutenez, inkomunikatuta zeukatenean, Barrenetxeak ez zizkion gerora salatutako tortura guztiak kontatu auzi medikuari. Barrenetxearen bertsioa zalantzan jartzeko erabili dute hori ere: «Ez zuen egin, soilik bere borondateari dagozkion arrazoiengatik».

ISTANBULGO PROTOKOLOA

2000. urtetik, NBEk Istanbulgo Protokoloa hartzen du aintzat tortura kasuei sinesgarritasuna emateko. Horixe erabili dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, Paco Etxeberria auzi medikuaren lantaldeak egindako ikerketan ere. Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaileek, ordea, ez diote baliorik eman, eta zalantzan jarri dute psikologo perituen metodoa: «Erabili dituzten iturriak Barrenetxeari egindako lau elkarrizketetan oinarritzen dira, eta lehengoan bakarrik ari da ustez jasandako gertaerei buruz». Istanbulgo Protokoloak ez ditu, ordea, tortura testigantzak bakarrik aintzat hartzen. Kontatutakoa pertsona horrek izan dituen ondorio psikologikoekin bat ote datorren aztertzea da helburua.

Ondorio psikologikoak ez dituzte dudan jarri epaileek —epaiketan, negar zotinka eman zuen testigantza Barrenetxeak, eta hiru guardia zibil ezagutu zituen—, baina bai horien jatorria: «Askotariko jatorria izan dezakete».

SALATZAILEA SUSMAGARRI

2010ean ez ezik, Guardia Zibilak 2006an ere atxilotu zuen Barrenetxea, eta torturatu egin zutela salatu zuen. Salaketa gehienak bezala, artxibatu egin zuten hura ere. «Susmoa» salatzailearen gain jarri dute epaileek horregatik, lehenago atxilotua izateak «Guardia Zibilarekiko gorrotoa» eragin ziezaiokeela argudiatuta.

Epaitutako guardia zibilen abokatuek Barrenetxea testigantza faltsuagatik epaitzeko ere eskatu zuten, baina hori ez dute onartu epaileek. Tortura salaketa «berresteko elementu periferikorik» ez dagoela argudiatu dute guardia zibilak absolbitzeko, baina argitu dute ez daukatela «salaketa faltsua dela esateko frogarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.