Barrenetxeak torturak salatu zizkiola dio auzi medikuak

Salatzailea «erabat kontziente, lasai eta antsietaterik gabe» ikusi zuen inkomunikatuta zeukaten bitartean

2017ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
BILBO.Sandra Barrenetxea inkomunikatuta zegoen bitartean hura ondo zegoela ziurtatzeko ardura zuen auzi medikuak deklaratu zuen atzo lau guardia zibilen kontrako epaiketan. Medikuak aitortu zuen Barrenetxeak torturak jasaten ari zela esan ziola, baina gaineratu zuen berak ez zuela ikusi halakorik esateko arrastorik.

Antsietate handia jasan zuen Barrenetxeak inkomunikatuta zeukaten bitartean. Hala kontatu zuen berak herenegun auzitegian bertan, jasotako torturen testigantza eman zuenean. Baina auzi medikuak ez zuen halakorik ikusi. Epaimahaiari esan zion atxilotuta egon zen bitartean egunean bitan ikusten zuela Barrenetxea, eta «erabat kontziente, lasai eta antsietaterik gabe» ikusi zuela.

Juan Miguel Monge Perez auzi medikuari Barrenetxeak esan zion psikologikoki ez ezik fisikoki ere torturak jasaten ari zela. Medikuak epailerari kontatu dionez, baina, ukitzen hasi zenean ez zion utzi Barrenetxeak. Ez zen bigarren aldi batez saiatu. Eta gaineratu zuenez, ikusi batera ez zuen zantzurik topatu atxilotua esaten ari zitzaiona egia zela pentsatzeko. Hor amaitu zen bere lana.

Juan Miguel Monge Perez auzi medikuak deklaratu zuen Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzea egotzita Guardia Zibilaren kontra egin zuten epaiketan ere. Orduan ere bertsio ofiziala babestu zuen. Lau guardia zibil zigortu zituzten auzi horretan, baina Auzitegi Gorenak errugabetu egin zituen. Gaur amaituko da epaiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.