Gizarteko pertsona ezagun batzuek osatuko dute Barrena buru duen zerrenda

Larunbatera arte, Europako hauteskundeetarako EH Bilduren zerrendak berresteko bozketa egingo dute. Besteak beste, Oskar Matute eta Bakartxo Ruiz koaliziokideak, Xabi Solano musikaria eta Endika Guarrotxena Athleticeko jokalari ohia izango dira.

Maddalen Iriarte eta Pernando Barrena Irunen, EH Bilduren ekitaldian, Estatutuaren egunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maddalen Iriarte eta Pernando Barrena Irunen, EH Bilduren ekitaldian, Estatutuaren Egunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko martxoaren 7a
14:00
Entzun

Ekainaren 9an egingo diren Europako Parlamenturako hauteskundeetarako zerrenda proposamena aurkeztu du EH Bilduk, eta irekita dago zerrendak berresteko bozketa; gaurko 07:00etan ireki dute, eta larunbatera arteko epea izango da. Mahai Politikoak erabaki zuen Pernando Barrena, ezker subiranistako eurodiputatua izango zela EH Bilduren zerrendaburu.

EH Bilduren erroldan inskribatutakoek eta bilkideek berretsi beharko dute Mahai Politikoak proposatutako zerrenda. Proposamena aurrera ateratzen bada, ezker subiranistako hainbat ordezkari izango dira zerrendan Barrenarekin batera: Oihana Etxebarrieta, EH Bilduren Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainako bozeramailea; Oskar Matute, Madrilgo Kongresuko diputatua; eta Bakartxo Ruiz, EH Bilduren Mahai Politikoko bozeramaile ohia eta Nafarroako Parlamentuko talde parlamentarioaren bozeramaile ohia.

Horietaz gain, euskal gizarteko eta kulturako pertsona ezagun batzuek ere osatuko dute Europako hauteskundeetarako EH Bilduren zerrenda: Xabi Solano musikariak, Endika Guarrotxena Athletic Clubeko futbolari ohi eta Zaporeak elkarteko kolaboratzaileak, Andrea Rui-Wamba Aita Mari itsasontziko ekintzaileak, Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz taldearen sortzaile eta bozeramaileak, eta Pili Garmendia Samaniegoko alkate ohi eta Arabako Errioxa Jatorri Deituraren bultzatzaileak.

Europako Parlamenturako hauteskundeak ekainaren 9an egingo dituzte. EH Bilduk oraindik ez du zehaztu ea bakarrik aurkeztuko den, edo duela bost urte eginiko koalizioa baliatuko duen berriro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.