Espainiako Kongresuak atzo erabaki zuen otsoa Lespre babes bereziko erregimeneko espezie basatien zerrendatik ateratzea —PP, Vox, Junts eta EAJren aldeko botoekin—, eta, hortaz, otsoa ehizatzeko moduko espeziea izango da aurrerantzean Hego Euskal Herrian eta Duero ibaiaren Espainiako partearen iparraldeko lurraldeetan, eta hil egin ahalko da «kontrol» neurri gisa. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok erabaki horren alde egin du gaur: «Gure nekazariak eta abeltzainak lehenetsi behar ditugu», argudiatu du.
Eusko Legebiltzarreko korridoreetan mintzatu da Barredo, kazetarien galderei erantzunez. Adierazi du otsoa espezie babestuen zerrenda berezitik kentzeak ez duela esan nahi «inolako justifikaziorik gabe» ehizatu ahal izango denik uxaldietan, harrapaketetan edo itxaronaldietan: «Izan ere, otsoak babestuta jarraituko du, maila apalagoan edo beste maila batean bada ere».
«Otsoa espezie babestuen zerrenda berezitik kentzeak ez du esan nahi inolako justifikaziorik gabe ehizatu ahal izango denik»
AMAIA BARREDOEusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburua
Are, Barredoren esanetan, otsoak babestuta jarraituko du «bizikidetzari hobeto egokitzen zaion» kategoria batean, eta, horren bidez, «kontrol neurriak» hartu ahal izango dira abeltzaintzan kalterik egin ez dezan. Azaldu duenez, otsoa hiltzeak «justifikatuta» egon beharko du, eta, besteak beste, txosten bat beharko da erakusteko bestelako prebentzio neurriak ez direla aski izan otsoak kalterik egin ez dezan.
Otsoari babesa kentzeko erabakia Espainiako Buletin Ofizialean argitaratatzen denean sartuko da indarrean, lege mailarekin. Hori baino lehen, Espainiako Trantsizio Ekologirako eta Erronka Demografikorako Ministerioak Lespre zerrendatik atera beharko du otsoa.
Otso taldearen kritika
Euskadiko Otso taldeak «inkoherentzia» leporatu die nekazaritza sindikatuei, eta salatu du EH Bizirik plataforma «isilik» dagoela otsoaren «jazarpenaren» inguruan. Biharko, EH Bizirik-ek manifestazioa antolatu du Gasteizen lurraren eta biodibertsitatearen defentsan, eta Euskadiko Otso taldeak deialdi horren alde agertu diren «kolektibo batzuen hipokrisia» kritikatu du, manifestazioa babestu dutenen artean nekazaritza sindikatuak daudelako, eta haiek «txalotzen» ari direlako otsoa hiltzea. Taldeak dio deialdian aldarrikatzen diren printzipioen «kontraesan nabarmena» dela jarrera hori, eta «biodibertsitatearen mespretxu argia» erakusten duela.
«Ez du balio hegaztiak eta saguzarrak proiektu energetikoetatik defendatu bai baina otsoen hilketaren inguruan isiltzeak, aliatu estrategikoak ez molestatzeko»
EUSKADIKO OTSO TALDEA
Sindikatuen «moral bikoitza» ez ezik, EH Bizirik plataformaren «isiltasuna» ere kritikatu du Otso taldeak: «Biodibertsitatea benetan defendatzen badu, argi eta garbi jarri behar da gure ekosistemetan funtsezkoa den espezie horren hilketen aurka, ez du balio hegaztiak eta saguzarrak proiektu energetikoetatik defendatu bai baina otsoen hilketaren inguruan isiltzeak, haien aliatu estrategikoak ez molestatzeko». Areago, defendatzen dituzten balioen aurkako politiken «konplize» izatea egotzi die plataformakoei.
Otso taldeak «koherentzia» galdegin du lurraldearen eta biodibertsitatearen defentsan: «Natura ingurunea babesteko eskatzen bada, ezin da haren orekarako funtsezkoa den espezie baten sarraskia legitimatu isilik geratuta». Biharko manifestazioarekin bat egin du taldeak, eta EH Bizirik plataformari eskatu dio ehizaren aurka esplizituki agertzeko eta ordezkatzen dituen printzipioekin bat datorren jarrera hartzeko.