Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Michel Barnier lehen ministro izendatzeko erabakia jakinarazi ondotik, EH Baik salatu du horrek ez duela inola ere ordezkatzen uztaileko hauteskundeetan hautesleen gehiengoak lortu nahi zuen aldaketa. Ezkerreko abertzaleen iritziz, Frantziako Asanblearako hauteskundeetako emaitzek «argiki» erakutsi zuten Macronen gobernuek azken zazpi urteetan ezarritako «austeritate politikekin hausteko gogoa» eta, batez ere, garbi adierazi zuten «egungo politika neoliberalei aurre eginen dion gobernantza aldaketa eta alternatiba berri baten nahikaria» ere.
Fronte Popularrak Lucie Castets proposatu zuen lehen ministro izateko, eta hura baztertu izana gaitzetsi du EH Baik. Gainera, Barnierren soslaia kritikatu du: «Badira 40 urte Barnier hautetsi dela, eta biziki ezaguna da haren jarrera ultraliberal eta antisozialengatik». Erran dute Macronek hauteskundeen emaitza onartu behar duela: «Barnierren inguruan eta RNren sostenguarekin osaturiko gobernu batek ez ditu erantzungo jendartearen eskaerak. Are okerrago, egungo ezinegona areagotuko du».
Fronte Popularra osatzen duten hainbat mugimenduk protestara deitu dute larunbaterako Frantziako Estatuan; Baionan ere eginen dute elkarretaratzea, 11:00etan, Baionako herriko etxe aitzinean. EH Baik horretan parte hartzera deitu du.