Carlos Lesmes Espainiako Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko presidentea, Barne ministroaren eta Justizia ministroaren artean. Eta, haiekin batera, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia. Iazko urrikoa da argazkia. La Razón egunkariak antolatutako hitzaldi ziklo batean parte hartu zuen Lesmesek, eta han izan ziren, entzule gisa, aipatutako ordezkari politikoak. Epaileen independentziari buruz mintzatu zen Goreneko magistratuen burua. Galderen txandan, baina, agerian utzi zuen beretzat zeintzuk diren independentzia judizialaren mugak. Euskal auziaz eta presoei buruz galdetu ziotenean, adibidez. «Gorenak beti izan du egiteko garrantzitsua ETAren aurkako borrokan, eta hala izaten jarraitu behar du».
Hitzak eta ekintzak. Biak uztartzen ditu Lesmesek. Auzitegi horretako zenbait magistratuk eta Jueces para la Democracia epaileen elkarteak azpimarratu dutenez, adierazpen publikoetan soilik ez, bere karguari berez dagokion ardura gainditu egiten du eguneroko lanean. Espainiako Gobernuren aginduak «betetzen» dituela salatu dute, eta kargua «erabiltzen» duela agindutako helburuak betetzeko.
Hori gutxi ez, eta Lesmesen jarduna agerian utzi zuten iazko abenduan auzitegiko zenbait magistratuk. Hain zuen, Zigor Salako 18 epaileetatik 13k eskutitz bat bidali zioten Lesmesi, Fernandez Diaz Barne ministroaren «esku hartzeen» aurkako neurriak har zitzala eskatuz. Entzungor egin zion eskaerari.
Egun batzuk lehenago, Fernandez Diazek gogor kritikatu zuen Europako 675/20088 zuzentaraua ezarrita Frantziako zigorrak Espainian ezarritakoetatik kentzeko Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Lehenengo Salak zenbait presoren kasuan hartutako erabakia. «Penagarritzat» jo zuen ebazpena, eta «zuzendu» beharra zegoela esan zuen. Soraya Saez de Santamaria presidenteordea ere gogor mintzatu zen. «Ez dugu erabakia ulertzen. Egin dutena ezin da egin». Horrek epaileen haserrea eragin zuen. Lesmesi eskatu zioten Barne ministroari zuzentzeko. Hark ez zuen urratsik egin. Eta Rafael Catalan Justizia ministroa bien alde azaldu zen. Esan zuen Fernandez Diazek esandakoak bere «adierazpen askatasunaren» barruan kokatu behar direla.
Barne ministroak salatutako kasuak, baina, Auzitegi Gorenean daude orain, fiskaltzak jarritako helegiteak direla eta. Eta hark argi utzi du jada zein den nahi eta espero duen erabakia.
«Poztuko nintzateke»
Herenegun erabaki zuen auzitegihorretako Zigor Salako Osoko Bilkurak, Kepa Pikabea presoaren kasuan, aintzat ez hartzea Frantzian eginiko espetxe urteak. Bananduta azaldu ziren epaileak: hamabost magistratuetatik bederatzik irizpide horren alde egin zuten, eta seik aurka. Dena den, erabakiak ez du argitzen —ez baitu bere horretan jurisprudentzia ezartzen— aurrera begira irizpide bera erabili beharko duten Gorenean eta Auzitegi Nazionalean, helegitea aurkezteko aukera baduelako oraindik Pikabeak. Ezta atzera hartutako erabakietan eragingo duen ere. Datozen egunetan Auzitegi Gorenak aztertu beharko ditu Auzitegi Nazionaleko Lehen Salako irizpidearen aurka fiskaltzak jarritako helegiteak. Alberto Plazaola, Santiago Arrospide, Pakito Mujika eta Rafael Carideri Frantzian egindako espetxe urteak kentzeko agindu zuen areto horrek, eta Plazaola eta Arrospide askatu egin zituen arrazoi horregatik.
Aske diren horien kasuan zerk gertatu beharko lukeen galdetuta, argi mintzatu zen atzo Espainiako Barne ministroa: «Arrazoizkoa litzateke berriz ere kartzelara itzultzea». Are, «poztu» ere egingo litzatekeela hala izango balitz. «Auzitegi Goreneko erabakiarekin poztu naizen moduan, eta betiere botereen banaketaren errespetutik, poztu egingo nintzateke Auzitegi Nazionalak aginduko balu pertsona horiek berriz espetxean sartzea». Eta, erabakiari aurrea hartuz, honako hau esan zuen: «Ezin da aukera hori baztertu; kontrakoa baizik». Fernandez Diaz harro azaldu zen, halaber, herenegun Gorenak hartutako erabakiarekin: «Auzitegi Gorena koherentea da gobernuak pentsatzen duenarekin».
Fernandez Diazen adierazpenek jaso dute erantzunik. Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak, adibidez, uste du Espainiako Gobernuak «mehatxatuta» hartu dutela erabakia Goreneko epaileek. Eta haien arteko zatiketa jarri du horren erakusle. «Horren guztiaren atzean kanpoko influentzia bat antzeman daitekeela uste dut. Epaileek behin eta berriro salatu dute, gainera, gobernutik mehatxuak jasotzen dituztela, batez ere Barne Ministeriotik». Antzera mintzatu da Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Hark ere ikusten du Espainiako Gobernuaren eskua epaileen erabakiaren atzean; «mehatxatu» egin dituela gobernuak.
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza idazkariak, berriz, «oso larritzat» jo du Auzitegi Gorenaren erabakia,eta PPren gobernua egin du erantzule. «Espainiako Gobernuak ez dauka elkarbizitzarako, gizarteratzeko eta Justizia alorreko estatu politikarik eta, dirudienez, barne politika bat baino ez du: propaganda eta kutsu mediatikoa». Lokarriko Paul Riosek ere uste du erabakia «atzerapausoa» dela bake prozesuarentzat, eta hauteskunde interesak leporatu dizkio PPri. «Berdin dio [presoek] eragindako mina aitortzea edotairaganaren kritika egitea; PPk lanabes guztiak ditu bake prozesua oztopatzeko».
Euskal presoak. Botereen banaketa
Barne ministroa, epailea eta ingeniaria
Gorenaren azken ebazpenaren irizpidearen aurka, kalean diren preso ohiak berriz kartzelan sartuko dituzten «esperantza» dauka Fernandez Diazek.Epaileei «mehatxu» egitea leporatu diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu