Barne krisiari irtenbidea ematera deitu dute Ahal Dugu-ko kritikoek

2019ko hauteskundeei begira proposamen politikoa eztabaidatzea proposatu dute, baina ez dute baztertzen beste proiektu bat aurkeztea

Carlos Couso eta Laura Perez, batzarra hasi aurretik. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ahal Dugu-ko parlamentari kritikoek deitutako batzarrak bi erabaki hartu zituen atzo. Alde batetik, erabaki zuen lau legebiltzarkideek gutxienekoa jasotzen jarraituko dutela eta gainerakoa alderdiari eman beharrean aholkulari juridikoei ordaintzea. Carlos Couso parlamentariaren arabera, laguntza juridiko hori behar dute. Bestetik, batzarrean bildutako 82 kideen gehienek dei egin diote alderdiari barne krisiari irtenbide bat ematera, eta 2019ko hauteskundeei begirako proiektu eta proposamen politikoari buruz eztabaidatzera.

Carlos Couso, Laura Perez, Ruben Velasco eta Fanny Carrillo parlamentariak oso kritiko agertu dira egungo zuzendaritzarekin. «Nafarroako Ahal Dugu erailtzen ari dira», salatu du Cousok, eta gaineratu eurak pertsonalki suntsitzeko kanpaina bat abiatu dutela. Era berean, salatu dute uneotan egungo zuzendaritzarekin ados ez dauden hogei militanteren aurka espedienteak ireki dituztela.

Kezkatuta azaldu dira etorkizun hurbilarekin, eta Perezek onartu du arriskuan egon daitekeela aldaketaren egonkortasuna. «Ahal Dugu-k Ahal Dugu izateari uzten badio» beste proiektu bat aurkezteko aukeraz mintzatu dira. Pablo Iglesias Podemoseko idazkariak jada aurreratu du hurrengo bozetan Podemos markarekin aurkeztuko direla, eta, Perezen ustez, erabaki horrekin beste aukera batzuei ateak itxi zaizkie. Militante batek Aranzadikoak aintzat hartzeko aukeraz hitz egin du. Beste batek erabakiak Iruñean hartu beharko liratekeela iradoki du, «eta ez Madrilen».

Perezen aburuz, jokoan dago aldaketa «zer den eta norekin egiten den». Perezek argi utzi du 2015eko programa egokien ordezkatzen dutenak eta aldaketan sakontzeko asmo sendoena dutenak direla. Dena den, espazio politiko hori sakabanatzea da haren «beldurrik handiena», abstentziora joanda edo egungo Ahal Dugu-k hartuta. Cousoren ustez, eurak «politikoki kiskalita» daude, eta balizko alderdi berriak beste aurpegi batzuk beharko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.