Hauteskundeak

Barne inkesta, iparrorratz aldabera

Gaiei eta hautagaiei buruzko erabaki ugarik osatzen dituzte alderdien hauteskunde estrategiak, eta bide orri horiek finkatzeko tresna baliagarria bihurtu zaie barne inkesta alderdiei. Mezu politikoak zehazteko eta, ostean, doitzeko konpas modukoak dira barne galdeketak, alderdiek behar duten gutxieneko kontraste bat.

BERRIA.
xabier martin
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Hauteskunde garaiko itsas haserrean bidea gal ez dezaten konpas dira alderdi politikoentzat barne inkestak. Iparrorratz horiek aldaberak dira, ordea, eta haien analisi erratu batek eragin dezake alderdiek bidea galtzea etxerako helmuga desiratuan. Ahalik eta hauteskunde emaitza onenak lortzea da helmuga hori, noski. Indartu eta zokoratu behar diren gaiak; konfrontazioa zein lehiakiderekin egin eta zeinekin ez; non helarazi mezu jakin bat eta non ez; zein talde soziali zuzendu gehiago eta zeini gutxiago; liderren hautaketak erabaki... Asko dira hauteskundeak iristean alderdien estrategia orokorrek jasotzen dituzten erabakiak, eta barne inkestak ezinbesteko lanabes bihurtu zaizkie estrategia horiek doitzeko eta mezu politiko zehatzak osatu eta helarazteko.

Zer eskatzen diete alderdiek iritzi azterlanen enpresei soilik eurentzat diren inkestak egitean?«Hauteskundeak iristerako, erabakiak hartuta izaten dituzte kanpainari dagokionez, gaiak eta hautagaiak, eta, horregatik guk esaten diegu beti aurrez direla erabilgarriagoak barne inkestak», dio Euskal Herrian aritzen den iritzi azterketen enpresa bateko arduradun batek. Anonimotasunari eutsi nahi izan dio iturri horrek; finean, bezeroei buruz ari da. «Hauteskundeen emaitzen estimazioez gain, hautagaiei buruz galdetzeko eskatzen digute; adibidez, azken erabakiak hartu aurretik edota haiek izendatu ondoren kontraste bat nahi dutelako haien harreraz».

EAJk Gasteizko alkategaia aukeratzeko egin duen nolabaiteko castinga dakar gogora informazio horrek. Aurreko urtean zenbait izenen inguruan galdetu zuen Andoni Ortuzar buru duen alderdiak, eta Gorka Urtaran egungo alkateak ez zuen nota ona atera. Ostean, hautagaia aldatu du EAJk, eta Beatriz Artolazabal Justizia sailburu ohia jarri du Urtaranen lekuan. «Alderdiak barne inkesta bat egin zuen hainbat emakumeren balorazioak egiteko», gogoratu du Zuriñe Rodriguez EHUko politologoak. «Horietako batzuk hautagai bihurtu dira. Erraz asma daiteke profil zehatzen bila ari zela, hautagai egokienak izendatzeko».

Lehiakidearen inkesta nahi

Iritzi azterketen lanetan aritzen den iturriak esplikatu du «afiliazioaren barruan» egiten direla liderren hautaketarako prozesu horiek, «izenak ez badira ezagunak ez duelako merezi galdeketa askorik zabaltzea». Jakinarazi du alderdiek «politikariak ez direnei buruz» ere galdetu izan dutela, «soslai jakin batzuk» bilatu nahi horretan. Fitxaketak, alegia, ez dira itsuan egiten. «Hautesle multzo batzuetarako profil jakin batzuk nahi dituzte, eta ez da erraza hautagai egokiak topatzea».

Baina liderrak bilatzeaz harago doa barne inkestaren erabilgarritasuna. «Hiru inkesta mota daude, eta alderdiek hirurak erabiltzen dituzte», esplikatu du Rodriguez irakasleak; batetik, jendaurrean aurkezten direnak daude: soziometroa adibidez. «Alderdiek ez dute horrelako prozesuen gaineko kontrolik, eta horrek emaitzen analisia baldintzatzen die», dio. Beste bi motak barne mailakoak dira, alderdiek beraiek eskatzen dituztenak, eta, horien artean, «haren lehiakide batek eskatutako inkestak eskaintzen dio informaziorik baliagarriena alderdi bati»; beste kontu bat da besteen inkesten emaitzen berri edukitzea erraza den edo ez, baina Euskal Herrian «joera handia dago halako informazioa lortu nahi izateko», ziurtatu du Rodriguezek.

Beste mota bateko inkestak dira alderdiek eurentzat eskatzen dituztenak. Eta aurretik esanda doa: maiz ez datoz bat jakinarazitako galdeketen emaitzak eta barne inkestek islatutakoa. Enpresa bakoitzaren sukalde lanak badu bere pisua.

Politologoak azaldu du alderdiek galdeketa horietan jakin nahi izaten dutela «zein diren euren gabeziak edo ahultasunak eta zein diren alde indartsuak». Zenbait esparrutan behatzen dute hori: «Gaiei begira, noski, eta hautesleei begira ere bai; euren hautesle gehienak zein taldetakoak diren mugatzeko».

Eta hauteskunde kanpaina baterako prest dagoen estrategia zein neurritan baldintza dezakete soilik alderdientzako egiten diren estimazio horiek? «Gutxiago edo gehiago asmatuko dute inkestek, baina erreferentzia bat dira, eta haien azterketa nola egiten den, horixe da funtsezkoena», azaldu du inkesten sektorean aritzen den iturriak. Garbi dauka batzuetan hautesle gehiago erakarri baino gehiago lehiakidearen hautesleak etxean geratu eta ez bozkatzeko lanean aritzen direla alderdiak. «Agian, euren balizko boto emaileen artean egin ahal zuten lan guztia eginda dago, eta ez dute ikusten modurik gehiago hazteko, baina modua ikusten dute lehiakidea gehiago puztu ez dadin. Horrelako erabakietan garrantzitsua da inkestek gai jakin batzuei buruz diotena».

Gipuzkoako lurraldean EAJren eta EH Bilduren arteko lehia ekarri du gogora adibide bat jartzeko. «EAJn ba omen dago kezka Gipuzkoako euren boto emaileen aktibazio apala dela-eta; duela lau urte boto ugari galdu zituen han, eta boto horiek aktibatzeko modu bat izan daiteke beldurraren kanpaina egitea, EH Bilduren aurka. Baina gaur egun kanpaina horrek izango lituzkeen hartzaileek ez dirudite oso prest mezu hori onartzeko». Horregatik, uste du ezinbestekoa dela estrategiarekin asmatzea lehia estuetan gailentzeko: «Norberaren hautesleria aktibatu daiteke, edo lehiakidearena desaktibatu, edo biak batera, baina non jarri indar gehiago, hor egon daiteke gakoa, eta barne inkestak laguntzen du hori erabakitzen».

Ez dira erabakigarriak

Edonola ere, inkesten arloko profesionala bat dator Rodriguez politologoarekin: barne inkestak ez dira erabakigarriak alderdientzat. «Mezu politikoak zehazteko garrantzitsua da, baina beste lanabes bat da beste hainbaten artean», uste du Rodriguezek: «Gerta daiteke inkesta batek ikusaraztea batez ere emakumeek, gazteek eta ikasleek osatzen dutela alderdi baten publikoa»; kasu horretan «diskurtso feminista indartu» beharko lukeela esplikatu du. «Baina, aldi berean, beste alderdi baten inkesta baten berri badu, eta horrek adierazten badu alderdi biak antzeko publikoan ari direla, bada emakumeen eskubideen inguruko konfrontazioa bilatu beharko du lehiakide horrekin, baina ez besteekin».

Hau da, barne zundaketen arteko elkarrizketa moduko bat sortzen da, azkenerako. «EH Bilduk EAJrekin lehiatu behar du Gipuzkoan, baina PSErekin Araban; inkestek laguntzen dute lehia hori nola egin erabakitzen», erantsi du EHUko irakasleak.

Esan beharrik ere ez dago: ezinbestekoa da barne inkestak deszentralizatzea alderdientzat erabilgarri izango badira. Alegia, lurraldeka edo, are, hirika egitea. «Normalean, alderdiek oso identifikatuak dituzte lurralde bakoitzean lehiarako zein gai erabili lehiakideekin eta zein zokoratu», esan du galdeketen sektoreko iturriak. Gai batzuetan «posizio orokor batean» gelditzea komeni zaiela esplikatu du, eta beste batzuetan, berriz, «posizio jakin bat» azpimarratzea. Rodriguez irakasleak uste du inkestak lagungarri direla mezuak definitzeko, «baldin eta galderekin asmatzen bada eta galdetu kopuru egoki batek parte hartu badu». Argi ikusten du «lurraldeei egokitutako mezuak» zehazten dituztela alderdiek, eta alderdi berak ez duela mezu bera helarazten «herrialde guztietan, indar berarekin».

Hautesle posibleen arabera

Horren adibide bat jarri du inkestak egiteko lanetan aritzen den profesionalak: «Osasunaren gaia kaltegarria da EAJrentzat, eta EH Bilduk balia dezake hori Gipuzkoan, baina, aldi berean, adineko jendearen artean EAJ da nagusi, eta horiek dira kaltetuenak gai horretan». Zein da buruhauste horren emaitza? Koalizio subiranistak «boto hori aktiba ez dadin lanean» jardun dezakeela, «zaila» delako EAJko boto emaileen multzo horretatik transferentzia handirik egotea gai horri lotua. Gasteizko adibidea ere aipatu du. Iturriak uste du inkesta publikoak EH Bildu oso aurrean jartzen ari direla, eta, agian EAJren interesen alde jokatzen ari dela hori, «PPko boto emaileak alderdi jeltzalera erakartzeko».

Osasunaz, zaborren kudeaketaz, energia berriztagarriei buruz, segurtasunaz... gai askori buruz galdetzen diete alderdiek hautesleei, inkesten bidez, alorreko enpresako iturriak dioenez, eta emaitza horien araberako erantzuna ematen saiatzen dira mezu politiko jakinekin. Baina hauteskundeak gertu baldin badaude, ez dago jada aldaketa handia egiterik mezuetan, fidagarritasuna eta koherentzia galdu nahi ez badute. «Askotan kanpaina estrategia erabakitzen dute, eta, gero, inkesta baten emaitzak jasotzean, ikusten dute erabakitako esparru ideologikoak mesede baino gehiago kalte egiten diela», esplikatu du Rodriguezek. Esparru horiek aldatzen hastea «ezinezkoa» zaiela dio, horrek «inkoherentzia» islatzen duelako, eta gehienez mezuak «doitu» egin ahal direla.

Halere, kanpainak heltzean, maiztasun handiagoz eskatzen dituzte alderdiek barne galdeketak, etengabe behar dutelako kontrastea, eta, kanpaina hasi eta gero, gauzatzen duten estrategiaren emaitzen ezagutza; alderdi bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren arabera egiten dira eskaera gutxiago edo gehiago, ez delako merkea galdeketa fidagarriak egitea, sektoreko enpresako iturriak dioenez. «Sarritan coaching rola ere jokatzen dugu, oso urduri daudelako alderdiak, eta, halakoetan, inkesta lasaigarria izan daiteke, edo ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.